Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Zerumugan

2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Egidazu mesede bat. Atera leihora nirekin. Bai, badakit ez nauzula ezagutzen, eta badakit, halaber, Anberes gobernatzeak denbora franko eskatu behar duela. Baina egidazu mesedea eta etorri nirekin leihora. Pare bat minutu izango dira. Hiru gehienez ere. Gero itzuli ahal izango zara zure zereginetara. Baina orainetorri nirekin, fida zaiteznitaz.

Etorri leihora eta zerurantz begira ezazu. Bai, badakit behekoa interesgarriagoa dela, horko kaleetan badagoela zer ikusi, zer dastatu, zer txalotu. Baina orain begira ezazu zerura, altxa ezazu hatz erakuslea eta aukera ezazu hodei bat. Hodei bat.

Edozein.

Eta orain, mesedez, jarrai ezazu hodei horren ibilbidea zure hatzaz. Begiak iltza itzazu bere gainean eta jarrai ezazu hatzaz. Azkar doa, egun haizetsua baita gaurkoa, baina segi ezazu, ez galdu, azter itzazu bere mugimenduak eta bere norabidea.

Urruntzen hasi da. Laster pasako da hango etxeen atzetik eta ezin izango duzu jarraitu. Laster zerumugako muga zeharkatuko du eta galduko duzu.

Eta orain, alkate jauna, galde iezaiozu zure buruari ea nora joaten diren galtzen ditugun hodeiak.

Egia. Ez nauzu ezagutzen, eta dagoeneko denbora gehiegi lapurtu dizut. Segi zure bulegora, hiri zinez ederra baitaukazu gobernatzeko. Ez ahaztu, baina, hodei bat galdu dela zure hirian, hodei bat galdu zaigula, Hodei Egiluzen hodeia.

Ez ahaztu, eta saia zaitezte aurkitzen.

Ez bedi Hodeiren hodeia betiko gal Anbereseko zerumugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.