Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

611

2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Batzuetan Superman izan nahi niken, Garazi, hi eta hire ahizpa Enara gaiztoengandik babesteko. Baina ezin dinat. Bazakinat ezin haudala betiko zaindu, eta bazakinat nerabezaroan hutsaren hurrengoa izango naizela hiretzat. Orain 10 urte baino ez ditun, soilik 10. Eta horrexegatik haserretzen naun gauero ohetik altxatu eta telebistan zer ikusten ari garen ikustera etortzen haizenean. Ohean egon behar dunala esaten dinat. Arrazoi dun: txikiagoa hintzeneko ordutegiak zarabiltzanagu oraindik, eta batzuetan, argiak itzali eta oraindik ez haiz logale. Insomnioa esaten zaion horri.

Ez, ez zidan graziarik egiten hi guregana etortzeak. Ordu batetik aurrera telebista hiltzailez eta lapur gaiztoz betetzen dun. Urrunera jo gabe, lehengoan Barcenas izeneko bat ezagutzeko zoritxarra izan huen. Dirutza lapurtu duela jakin eta ea zergatik ez zegoen kartzelan galdetu huen. Ez ninan jakin zer erantzun. Eta ea zenbat lapurtu duen, eta nik 22 miloi euro lapurtu dituela. Eta hik ea hori asko ote zen.

Kalkulagailua atera ninan.

—Guk Suitzako banketxe batean 22 milioi euro gordeta izan ahal izateko, 611 urtez segidan egin beharko geniken lan, txakur txiki bat bera ere gastatu gabe.

Asko zela erantzun huen, baina gu konturatu gintunan: oraindik txikiegia haiz horrelako kopuruez jabetzeko.

Ulertzen zergatik ez dudan nahi gauetan hi guregana etortzea? Hiregatik saiatuko ninduken Superman izaten, baina gaizto gehiegi zauden mundu honetan…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.