Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Elai

2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elai. A-rik gabe. Halaxe izan zara, zara eta izango zara. Epaitegiko funtzionarioek, ordea, zera esan zuten, ez zegoela A-rik gabeko Elairik. Elaia esan zuten, A-rekin. Ez omen zegoen beste aukerarik.

Elaia izango zinen edo ez zinen izango.

Nik, ordea, bazegoela beste aukerarik esan nien.

Liburuetan dago konponbidea. Idazle batek pertsonaia bati Elai izena jarriz gero, kitto arazoa. Liburuetan agertuz gero, funtzionarioek onartu beharko dute.

Bost urte pasa dira elkarrizketa hartatik eta ziurrenik zure ama ez da gogoratuko. Jolas-parkeko hitz-aspertu bat baino ez zen izan, badakizu, gurasook gurasoon kontuez hitz egiten dugu zuek jolasten zareten bitartean. Eta nik baietz esan nion zure amari, egunen batean nire pertsonaietako batek Elai izena izango zuela, eta era horretan konponduko genuela zure izenaren arazo administratiboa.

Ziurrenik zure ama ez da gogoratuko. Ni bai, ordea.

Izan ere, harrezkeroztik zorretan bainago zurekin.

Txatartegirako ipuinak idatzi nuen, baina han ez nuen zure izenarentzako tokirik aurkitu. Ondo bidean, aurki beste liburu bat kaleratuko dut, baina hor ere A-rik gabeko Elairik ez.

«Bizitza osoa daukat» pentsatu nuen.

Baina ez, ez daukat bizitza osoa. Zu jada ez zaude. Joan egin zara.

Eta ni hemen nago, zor bat bihotzean dudala. Zor bat arantza bihurtuta. Zor bat malko bihurtuta.

Ez kezkatu niregatik, Elai, iritsiko da zorra kitatzeko eguna.

Eta zuk, bitartean, egin hegan…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.