Arrauna. San Miguel liga

«Eskerrak gu txikiak garen»

Larunbat gauean arraunlariek ezuste latza hartu zuten Bordele inguruan: lotarako leku gutxi eta deserosoak. Oier Aizpuruak eta Jokin Gijarrok kontatu dute zer gertatu zitzaien bungalowetan.

Joseba Fernandez Castroko entrenatzailea, protestaka. JUAN CASTANEDO.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Bazihoazen arraunlariak larunbat arratsalde-iluntzean lotarako jarri zizkieten lekura. Bungalow batzuk ziren, Traineruen Kluben Elkarteko arduradunek propio aukeratuak. Afaldu ere bertan egin behar zuten. Eta joan egin zirela idatzi behar da, kilometro asko ibili behar izan zutelako haraino heltzeko. Izan ere, estropada eremutik oso aparte zeukaten berez atseden hartzeko lekua behar zuen hura: 60 bat kilometrora. Heldu ziren halako batean heldu behar zuten tokira. Haserre zihoazen, arraunean ezin zutelako egin izan lehentxeago, estropada ez puntuagarria bertan behera gelditu zela eta.

Autobuseko bidaian izango zen zalaparta eta biraoa, halako lekuan ezin zelako estropadarik jokatu eta antzekoak. Gozoak zeuden kirolariak. Baina gozoago jarri ziren bidaiaren helmugara iristean. Lotarako lekuak zeharo baldarrak ziren: oso txikiak. Hori gutxi ez, eta lekua ere oso eskasa, neurriari dagokionez. Han ziren Oier Aizpurua Orioko arraunlaria eta Jokin Gijarro Zumaiako patroietako bat, beren taldekide guztiekin. Oriotarrak eta zumaiarrak zeuden lekuan, beste sei klub ere bildu ziren. Gainerako laurak beste leku batean zeuden, baina handik oso gertu.

Aizpuruak honela kontatzen du gertatua: «Konturatu nintzen zer zegoen han, eta bungaloweko giltza hartu eta atea ireki nuen. Banekien ohea aukeratzen aurrea izanez gero, leku txarretatik onentsuena hartuko nuela. Eta sartu orduko aukeratu nuen, bazter batean». Txikia zen ohea: «Ezin nintzen mugitu. Zuzen egin behar izan nuen lo, bertan bainuen metro eskaseko pasabide estua, beste ohetik bereizteko».Atzetik sartu zitzaizkion taldekideek zeudenarekin konformatu behar izan zuten.

Gijarroren bungalowa ere berdina zen: «Xantik[Xanti Zabaleta entrenatzailea] seiko multzotan banatzeko esan zigun, eta giltzak eman. Ireki genuen atea, eta autokarabanetan egon ohi den mahai itxurako ohea parean. Ireki genuen gelako beste ate bat, eta bi ohe txiki, baina ondo txikiak. Hirugarren gela zabaldu genuen, eta birentzako ohetxoa». Ikustekoa izango zen zumaiarren harridura aurpegia. Nola edo hala moldatu beharra zeukaten. Ez zuten beste aukerarik. «Mikel Olasagastik eta biok ohe berean egin genuen lo. Eskerrak txikiak garen». Lo ondo samar egin zuela kontatu du, komeriak komeri.

Lotaratu aurretik afaltzeko ordua izan zuten. Txandaka afaldu zuten: «Talde batzuei ordu bat eman ziguten, besteei bestea». Leku handirik ez zegoen seinale edota azpiegitura txikiaren adierazgarri. Gainera, handik gertu zeuden beste lau klubetako arraunlariek ere beraien leku berean afaldu zutela esan du Gijarrok. «Ez zen beste konturik han: zer leku klase zen hura eta halakoak. Eta jakina, hurrengo eguneko estropadarekin zer gertatuko zen ere aritu ginen, traza onik hartu gabe». Eta baita asmatu ere arraunlariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.