2016rako BECek ustiapen galerarik ez izatea posible ikusten du oraindik Tapiak

Bizkaia Arenarentzat bazkide pribaturik ez dute oraingoz lortu Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
BEC Bilbao Exhibition Centre erakustazokak 2016. urterako ustiapen galerarik ez izatea posible ikusten du oraindik Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak. Azpiegituraren erabilera handitzen ari dela eta, aldi berean, jarduera gastuak murriztea lortu dutela argudiatu du. «Hobekuntza» zantzuak egon arren, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen jarraitu beharko dute BEC.

PSE-EEk eskatuta azalpenak eman zituen Tapiak atzo, Eusko Legebiltzarrean. Erakustazokak galera handiak pilatu ditu urtetik urtera, eta lehiakortasuna hobetzeko plan bat jarri du martxan. Planaren lehen helburuetako bat ustiapen gastuak murriztea zen, eta aurten 1,7 milioi aurreztea espero dutela jakinarazi zuen. Halaber, azokaren jarduera indartzen ari dela ziurtatu zuen Tapiak. Makina eta Erreminta bi urterako okupazioa %12 handitu da, hainbat kontzertu iragarri dira, eta munduko saskibaloi txapelketako partidak jokatuko dira. Iazko emaitzei buruz ez zuen ezer aurreratu. Martxoaren 24an onartuko ditu BECeko administrazio kontseiluak. Urte bat lehenago, 2012an, 39 milioi euro galdu zituen azpiegiturak.

Jarduera eta okupazio falta ez ezik, zorpetzea ere bada BECen bideragarritasun ekonomikoa itotzen duen beste faktorea. 400 milioi eskatu ziren erakustazoka martxan jartzeko, horietatik 150 milioi banku talde bati. Mailegu hori aurtengo ekainaren 14rako itzuli edo ordaintzen hasi beharko lukete aldundiak eta Jaurlaritzak. Haatik, bankuekin luzapena eta baldintza berriak negoziatzen ari dira. Negoziazio horiek «aurreratuta» daude, Tapiak esan zuenez. BECen zuloa estaltzeko urtero 24 milioi jarri dituzte Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, erdibana. Bigarren kreditu hori ordaintzen hasterakoan kopuru hori handituko dela onartu zuen sailburuak.

Dirua lortzeko hainbat ekinbide martxan jarri dituzte, baina emaitzarik gabe, oraingoz. Alde batetik, Bizkaia Arenaren kudeaketa esku pribatuetan uzteko asmoa dute. Helburua Euskal Herriko, Espainiako edo atzerriko sustatzaile indartsu bat erakartzea zen, baina orain arte ez dute interesa duen eskaintzarik jaso.

Salmentarik ez

Erakustazokaren ondoan dagoen orube bat —hotel bat izan behar zena, hasiera batean— saltzeko aukera aztertzen ari dira. Supermerkatu kate batzuek interesa agertu dute, baina eskaintza irmorik egin gabe. Edozein modutan, BECeko parteren bat behin betiko saltzea baztertu zuen Tapiak.

Oposizioko alderdiek zalantzan jarri zuten berriro azpiegituraren eraikuntza eta kudeaketa. «Gaizki egindako eta gaizki kudeatutako azpiegitura bati buruz ari gara», kritikatu zuen Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak. Juana Iturmendi PPko legebiltzarkideak, berriz, BECen diseinu hutsegiteak nabarmendu zituen: «Geure Castelloko aireportu propioa ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.