Komunikazioa

Amildegian, sareari begira

Kazetaritzaren egoera latza dela berretsi dute iazko datuek. Sektorean, bikoiztu egin da langabe kopurua Hego Euskal Herrian. Gazteak eta emakumeak bereziki zigortu ditu krisiak.

Donostia
2013ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urte beltza, beltzegia, izan da 2012a kazetaritzaren esparruan: kaleratzeak Noticias de Álava eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan, erregulazio txostenak Prisa eta Unidad Editorial empresetako bulegoetan eta, Qué eta Público kazeten eta Canal4 katearena itxiera. Iragan urteak utzitako albiste bakan batzuk dira horiek. Aspalditik dabil sektorea gizartearen komunikazio eredu berrietara ezin egokituta, hedabide digitalak diru iturri bilakatzeko formularen atzetik korrika. Eta noraez horretan, krisi ekonomiko delakoarekin egin du topo. Emaitzak benetan larritzekoak dira. Hala berretsi du kazetari lanbidearen inguruan Madrilgo Pentsa Erakundeak berriki kaleratu duen txostenak. Langabeziaren izurritea zabaltzen ari da, eta kazetarien lan baldintzek nabarmenki egin dute okerrera, bereziki, gero eta lan gehiago jartzen delako haien gainean.

Langabezia tasa, bikoitza

Txostenak jasotzen dituen datuen arabera, iaz Hego Euskal Herrian 1.916 kazetari zeuden langabezian. 2011. urtean baino 984 gehiago da hori. Azken urtean, bikoiztu egin da lan bila dabiltzanen kopurua —%105 hazi da langabezia tasa—. Nafarroan, 333 lagun daude lanik gabe; aurreko urtean baino %82 gehiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, urte bien arteko aldea %111 da; 749 lagun zeuden langabezian, eta orain 1.583 daude. Gorakada nabarmena da, orohar. Izan ere, azken urteetako datuak alderatuz, gorako malda makurra ikus daiteke. Hego Euskal Herrian, langabezia tasa kazetaritzan % 26 inguru hazi zen 2009. eta 2010. urteen artean. Eta 2011. eta 2012. urteen artean, berriz, %65.

Etorkizun iluna Espainian

Datuak negatiboak dira, eta badirudi sektorean joera ez dela berehalakoan aldatuko. Izan ere, txostenaren arabera, lanik gabe dauden lagunen gehiengoak uste du aukera oso gutxi daudela denbora laburrean lana aurkitzeko. Ez da harritzekoa, kontuan hartzen bada Espainian lanik gabe dauden kazetarien %47 inguruk urtebete daramala lan bila eta, %25ek, hiru urtetik gora.

Gazteak dira langabeziaren ondorioak bereziki pairatu dituzten multzoetako bat. Txostenaren arabera, Espainian, ikasketak komunikazio alorrean egin dituzten gazteen %50,7k urtebete baino gehiago darama lehenengo lanpostuaren bila. Bi urte eta lau urte artean pasatu dituzte aukera horren bila gazteen %12,3k. Bitarte horretan, ikasketen jarraitzen dute hainbatek, espezializazioa handitu nahian.

Bestalde, emakumeen langabezia tasa gizonezkoena halako bi da. Hala ere, ezin esan langabeziak gehiago eragiten dienik emakumeei. Kasu bietan, langabezia tasak gorakada latza izan du. 2012. urtean, Hego Euskal Herrian lanik gabe zeuden emakume kazetariak 1.247 ziren, 2011n baino 617 lagun gehiago —%98ko hazkundea—. Gizonezkoen kasuan, 2011. urtean 302 langabe zeuden eta, iaz, 669. Igoera %121ekoa izan da. Erredakzioetan, oro har, berdintasuna da nagusi. Komunikazio alorrean lanean diharduten emakumezko eta gizonezkoen kopuruak berdintsuak dira oso; aldiz, zuzendaritzako ateak itxiak dituzte emakumeek. Kazetaritza lanbidearen txostenak jasotzen duenez, oro har, goi karguetan dauden gizonezkoen kopurua hiru aldiz handiagoa da kargu berdinetan dauden emakumezkoena baino.

Orokorrean, kazetarien kexa nagusiak bi dira: langabeziaren igoera eta lan baldintzen okertzea. Lehenengo aldiz, kazetaritza gaizki saritutako lanbidea izateak baino gehiago kezkatzen dituzte murrizketek profesionalak. Kezka nagusietan hirugarrena da hedabideek independentzia gutxi dutela botere ekonomiko eta politikoekiko.

Etorkizuna, Interneten

Teknologia berriak garatzearekin batera, multimedia erredakzioak agertu ziren. Eta horrekin batera, noski, esparru digitalean eta paperean batera diharduten kazetariak. Gaur egun, bi ereduetarako lan egiten duten kazetarien kopurua papererako bakarrik lan egiten dutenen adinakoa da. Bestalde, hedabide digitaletan bakarrik diharduten profesionalak %22 dira. Sarean espezializatutako profesionalak ugaritzen ari dira urtetik urtera. Izan ere, galdetutako kazetarien %62,5ek argi dute Internetek sendotuko duela sektorea etorkizunean; sarearen aldeko jarrera are handiagoa da gazteen artean. Oraingoz, ordea, komunikazio eredu berriei lotutako aldaketak hasi besterik ez da egin. Ikusteko dago multimedia erredakzio horiek zer bilakatuko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.