Transexualak 'hirugarren genero' gisa onartu dituzte Indian

Diskriminazioa amaitu eta hezkuntzan nahiz lan publikoan onurak emateko eskatu du Auzitegi Gorenak

Erredakzioa
2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ez gizon, eta ez emakume. Indiako Auzitegi Gorenak hirugarren genero gisa onartu ditu transexualak, eta, jasaten duten bazterkeria amaitzeko, «diskriminazio positiboa» sustatzeko neurriak eskatu dizkio gobernuari. Aurrez Nepalen (2007) eta Pakistanen (2012) onartu dituzte gisa bereko neurriak. Alemanian eta Australian, berriz, iaztik agiri ofizialetan ez da ezinbestekoa gizon edo emakume gisa identifikatzea, sexuaren atalean zehaztu gabea jar baitaiteke, eta Argentinan, bata edo bestea, gizon edo emakume aukeratu dezakete genero nortasun anbiguoa duten herritarrek.

Giza eskubide gisa aztertu du Indiako Auzitegi Gorenak generoaren auzia, eta «transexualak ere Indiako herritarrak» direla nabarmendu dute K.S. Radhakrishnan eta A.K. Sikri epaileek: «Pertsona bakoitzaren eskubidea da bere generoa aukeratzea», idatzi dute ebazpenean.

Indiako Gobernuari transexualak «sozialki eta ekonomikoki azpigaratutako giza taldetzat» hartzeko eskatu dio Auzitegi Gorenak, hezkuntzan eta lanpostu publikoetan haientzat lekua gorde ahal izateko, behe mailako kastetako kideekin egiten den gisan: «Konstituzioaren izpiritua da herritar guztiei aukera berberak ematea, haien kasta, erlijio edo generoa zeinahi dela ere».

Gizartean eta familian baztertuak, prostituzioan edo eskean aritu ohi dira Indian sexu nortasun anbiguoa dutenak; Aravani, Hijra, Jogappa eta Sakhi-Bekhi gisako sektetan bilduta, asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.