Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak

Errealitateaz nazkatuta

Oposizioaren aldeko auzoa da Dos Caminos, «chavismoarekin nazkatuta» ageri da jendea han, eta Capriles nahi dute: «Madurok dena pikutara bidaliko du».

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Dos Caminos oposizioaren aldeko auzoa da oro har, eta han arnasten den giroa oso bestelakoa da. Etxeak klase ertaineko jendearenak dira bereziki, eta, Henrique Caprilesen aldeko kartelengatik ez balitz, ez lirudike hauteskundeetan daudela. Hector Lopez eta Hugo Lloreda Los Hoyos kafetegian daude bazkaltzen. Arroza eta haragi enpanada bat jaten ari da Hector, eta Hugo entsalada oso bariatu bat. Hasieran hotz, gero gustura solastu dute egoeraz: «Zer gertatzen den? Horrela ezin dela bizi. Gogoa ematen du hemendik alde egiteko». Aholkulari bulego batean lan egiten du Hectorrek, eta bulegora iristeko arazoak izaten ari da egunotan, zer esanik ez atzo. «Hiru tren itxaron behar izan nituen metroan, denak leporaino zeuden eta». Ez da egun bat, «bat bestearen atzetik. Beti daude hor, probokatzen, iraintzen». Berari Capriles gustatzen zaio, baina, Chavezengatik ez balitz, ez luke seguruenik botorik ere emango. «Ez zait interesatzen, eta Venezuelako politika gutxiago».

Hugo ere Caprilesen zalea da, baina lasaiago hartzen ditu gauzak. «Neska-laguna chavista da, eta asko maite dugu elkar. Bakarrak izango gara Venezuela osoan», dio barrezka. Unibertsitatean ezagutu zuten elkar.

Chavismotik aspertuta urrundu zela aitortu du. «Trikimailu gehiegitan dago sartuta gobernua. Nik demokrazia nahi dut, eta Capriles egokia iruditzen zait benetako askatasuna lortzeko».

Caprilesek irabazteko aukerak baditu, baina ez daude oso ziur zer gertatuko den. «Chavismoak irabazten badu, hurrengoan izango da», dio Hugok. «Madurorekin pikutara joango da dena. Ez dauka engainurako arterik».

Giroa ez dute, hala ere, komunikabideetan irudikatzen den bezain latza ikusten, eta, halabeharrez, oposizioak emaitzak onartuko dituela uste dute.

Caprilesek berak diskurtsoa leundu egin du azken bi egunetan. Emaitzak ez zituela onartuko esan eta gero, elkarbizitzarako deia egin zuen herenegun. Chavezek hasitako misioak hobetuko dituela esan du, eta soldatak igoko dituela pobreenak hobeto bizitzeko. Baina bere bandera, batez ere, «pentsatzeko askatasuna» ematea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.