Maltzurkeria bizirik irauteko bide

Orixeren itzulpenean oinarrituta, 'Tormeseko itsumutila' animazioko filma DVDan aurkeztu du Juanba Berasategik

Juanba Berasategik zuzendu du Tormeseko itsumutila animazioko filma. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Erlijioa eta pobrezia nagusi ziren XVI. mendeko Espainiaren erretratu latza eta sarkastikoa egiten du Tormeseko itsumutila nobela anonimoak. Maltzurkeria bizirik irauteko bide duen Lazaro mutil koxkorraren miserien kontaketa literaturaren altxorretako bat da, eskoletan derrigorrezko irakurketa izateaz gain, hainbat hizkuntzatara itzulitakoa. Euskaraz ere aurkitu daiteke liburua, Orixek 1929an itzulita. Hain zuzen ere, Juanba Berasategi zuzendariak euskarazko bertsioan oinarritu da animazioko filma egiteko, eta DVDan kaleratu du Elkar argitaletxeari esker.

Nobelak Espainiako garaiko gizarteaz egiten duen kritika eta haren antiklerikalismoa aipatu ditu Berasategik: «Haurra nintzenean irakurri nuen liburua, eta orduan ez nuen guztiz ulertu garaiko gizarteak jasaten zuen egoera gogorra. Berriz ere liburua irakurtzean konturatu nintzen istorio gordina dela, hipokrisiaren kontrakoa. Ez da haur literatura».

Horren ezaguna den obra literarioa zinemara gutxitan eraman dela uste du Berasategik, eta horregatik aukeratu du nobela anonimoa. «Fernando Fernan Gomezek egin zuen istorioan oinarritako pelikula bat, baina han ez da haurra azaltzen». Animazioko filma hamabi urteko haurrentzat da. «Istorioa haurrek ulertzeko moduan eraikita dago, egokitzapen librea da». Ordubete eta laurdeneko filma egin du Berasategik, eta bi kapitulutan banatu du, bata Lazarok itsuarekin egiten duen denbora eta bestea Maquedako Apaizarena.

Andaluziarekin lanean

DVDa euskaraz argitaratu arren, filma gazteleraz eta ingelesez ere ekoitzi dute, eta Espainiako ikastola eta liburutegietan banatzeko helburua dute. Eusko Jaurlaritza, EITB, Andaluziako Junta eta Canal Sur erakundeekin egindako koprodukzioa da pelikula, soilik telebistan eta saio ez-ofizialetan proiektatzeko egina. Euskal Herriko telebistetan oraindik ez dute filma eman, baina Canal Surren dagoeneko estreinatu dute. Gaztela eta Leonek eta Gaztela-Mantxak proiektuan parte har zezaten nahi zuen Berasategik, baina ez zuen lortu: «Politikoki zuzena ez den kontaketa bat da Tormeseko itsumutila, eta erlijioari egindako kritika alde batera utzi nahiko lukete batzuek, baina kritika da istorioari zentzua ematen diona, hori gabe ez dago kontakizunik».

Jose Angel Lopetegik egin ditu marrazkiak, eta Mitxel Muruak berriz gidoia, Joxan Muñozekin batera. Muruaren esanetan, gaurkotasun itxura eman diote filmari: «Istorioa XVI. mendean klandestinitatean idatzi zen arren, gaur egungo gizartearen ezaugarriak islatzen ditu. Azken finean, erlijioaren gehiegikeriak eta pobreziaren ondorio latzak azaltzen dira». Gordina izan arren, elementu pedagogikoak biltzen dituela gogoratu du Muruak. «Pikardia erabiliz, egoerarik latzenean aurrera egitea lortzen du Lazarok. Txirotasunean bizi den haurrak mota guztietako trikimailuak asmatzen ditu, itsuak dioen bezala, deabrua baino apur bat azkarragoa izan behar duelako bizirik jarraitu nahi badu. Filmak ondo islatzen du egoera hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.