Tunelaren erdian

Euskal artista ugari, baina Euskal Herriko galeria bi baino ez dira izango Arco nazioarteko arte garaikideko azokan, bihartik igandera bitartean. Azokan egoteko aukerari uko egin behar izan diote galeria askok, gunea ordaintzeko adina dirurik ez dutelako. Antolatzaileek ez dute baztertzen hurrengo urtean aldaketaren bat egitea.

Irune Berro Urrizelki.
2013ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Munduaren luze-zabaleko 30 herritako 202 galeria izango dira Arco nazioarteko arte garaikideko Madrilgo azokan, bihartik aurrera. Iaz baino hamahiru galeria gutxiagok parte hartuko dute aurten. Aldea ez dirudi handia. Haatik, Euskal Herriko galerei erreparatzen badiegu, aldea amildegia izan daiteke. Joan zen urtean bost galeriak izan zuten gunea Arcon: Donostiako Altxerrik, Iruñeko Moises Perez Albenizek, Gasteizko Trayectok eta Bilboko Carreras Mugica eta Vanguardia galeriek.

Trayecto eta Vanguardia ez dira izango Arcon. Aitzitik, Moises Perez Albenizek handitu egingo du iazko espazioa. Iruñeko aretoa itxi du oraintsu, eta Madrilen ireki du areto bat. Euskal Herriko bi galeriak soilik eutsiko diote nazioarteko arte garaikideko azokan orain arte izandako guneei: Donostiako Altxerrik eta Bilboko Carreras Mugicak. Urrun geratu dira hainbat euskal galeria joaten zireneko garaiak. Zortzi joan ziren 2002an. Sei, 2007an. Lourdes Fernandezen lehen urtea izan zen hura Arcoko zuzendari gisa.

Bilboko Vanguardia galeria 1986az geroztik izan da Arcon. Baina aurten ezinezkoa izan zaiola azaldu du, etsita, Petra Perez arduradunak. «Inbertsio bat egin aurretik ziurtatu behar duzu kontuak atera egingo zaizkizula, dirua berreskuratu egingo duzula. Baina, gaur-gaurkoz, nik ezin dut kreditu bat eskatu Arcora joateko, gauzak nola dauden ikusita, ezin baitezaket ziurtatu ondorengo hiletan kreditua ordaintzeko adina salduko dudanik».

Nolanahi den, itxaropena du. Heldu den urtean joan ahal izatea espero du. Izan ere, Arcora ez joateak urte osoko jardunean eragina duela jakin badaki. «Ez da egun batzuetako kontua. Espainiako artearen esparruan fenomeno garrantzitsu bat bihurtu da Arco, gustatu zein ez. Eta ez bazoaz, galdu egiten duzu urte osoko publizitatea». Baina hori guztiori kontuan hartuta ere, ez joatea ebatzi du. «Bestela, ezingo nioke aurtengo egitarauari eutsi. Ez nuke dirurik izango galeria irekita mantentzeko».

Arcoren eta galeriaren artean, galeria lehenetsi du, jakinik ere erabaki horrek ondorioak izango dituela.

Plantoa, bertan behera

Arrazoi antzeratsuengatik, Kataluniako zortzi galeria ez joatekotan egon dira. Planto egingo zutela aurreratu zuten iragan den abenduan; alabaina, Arcon egotea erabaki dute azkenean, «2014an azokaren antolatzaileek beren eskakizunak aintzat hartuko dituztelakoan». Eskakizun horiek arlo ekonomikoarekin dute zerikusia. Baina Perezek ez du uste Arcoren arduradunak metro koadroaren prezioa jaisteko prest daudenik, «ez behintzat, orain artekoa ordaintzeko prest dauden galeriak dauzkaten bitartean». Horrek feria bera alda dezakeela ohartarazi du galeristak, «beharbada, hori nahi dute: nazioarteko kapital handien azoka bat».

Moises Perez Albeniz galerista iruindarra Espainiako Galeristen Partzuergoko presidentea da, eta, ondorioz, Arcoko batzordeko kidea. Badaki galeria askok uko egin behar izan diotela Arcon egoteari. Eta ziurtatu du «ahalegin handia» egin dutela metro koadroaren salneurria jaisteko. «Kasu batzuetan, %18 murriztu dugu. Baina galeria batzuentzat, ez da nahikoa izan. Merkatze horrekin ere ezin izan diote eutsi, benetan gaizki ari direlako pasatzen». Perez Albenizek «izugarri sentitzen» du galeria batzuk kanpoan geratu izana. «Ez dugu baztertzen hurrengo urteari begira zenbait neurri hartzea. Hala, aurtengo azoka abentura bat izango da. Ikusiko dugu zer gertatzen den, zer-nolako balantzea egiten duten galeriek, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak».

Kontu jakina da artearen merkatua bere onenean ez dagoela. Eta BEZaren igoerak egoera «areago zaildu» duela dio Perez Albenizek; «kontuan hartuta Europako beste herri batzuetako galeriek zerga gutxiago ordaintzen dituztela, hemengo merkatua areago desorekatu da», galerista nafarraren iritziz. Ez du arazorik onartzeko arte azoketan aldaketak egitea premiazkoa dela. «Eredua zaharkitua dago, baina aldaketa eskatzen dutenek ere ez dute proposatzen bestelako eredurik». Iruñeko galeria itxi, eta Madrilen oraintsu areto bat ireki duen arren, nabarmendu du orain arteko proiektuari segida emango diola. Alegia, orain arteko artistekin segituko duela lanean, Madrilen bada ere. Eta, ondorioz, Arcora euskal artista askoren lanak eramango ditu. Besteak beste, Txomin Badiola, Itziar Okariz, Pello Irazu, Jon Mikel Euba, Javier Balda, Ibon Aranberri, Iñaki Garmendia eta Asuncion Goikoetxearen lanak erakutsiko ditu.

Beste urrats bat ere egingo: leku handiago bat izango du arten. Denera, ehun metro koadro izango ditu aukeratutako sortzaileen piezak jartzeko, iaz baino hogei metro koadro gehiago.

Nazioarteko bildumagileak

Bilboko Carreras Mugica galeriak ehun metroko espazioa izango du, orobat. Ignacio Mujika galeristaren esanetan, «tunel baten erdian gaude, eta geldituz gero, akabo, zureak egin du! Aurrera egin, eta Arcora joan beharra dago; aukera izanez gero, noski. Artearen merkatua erabat hondoratua dago hemen, baina nazioartean bada bizitza, eta Arcon egotea nazioarteko merkatuaren atea irekitzea da».

Mujikak kontatu duenez, duela urte bi Brasilgo bildumagile batzuk ezagutu zituzten Arcon, «eta haiei eskerrak iraun dugu». Bildumagile horien laguntzaz, Sao Pauloko azokara joan ziren joan zen urtean, eta aurten berriro joatekotan daude. Mexikora ere joango dira aurki. «Nazioartean oihartzuna duten euskal artistekin lan egiten dugu. Asier Mendizabalekin, Juan Perez Agirregoikoarekin, Xabier Salaberriarekin... Haien lanek interesa sortzen dute nazioartean. Salaberria Veneziako Biurtekoan izan da, eta hil honetan Stockholmen erakutsiko du. Perez Agirregoikoak erakusketa bat dauka Reina Sofian oraintxe».

Aipatutako sortzaileen lanez gain, Pello Irazu, Txomin Badiola, Erlea Maneros Zabala, Susana Talayero eta Jessica Stockholderrenak eramango dituzte Arcora, artista sonatuen obrekin batera, hots, Eduardo Txillida eta Richard Serraren lanak ere izango dira Carreras Mugicaren gunean.

Egile horien obrak «amu bezala» erabiltzen dituztela esan du Mujikak. «Bildumagile atzerritarrak erakartzen dituzte, eta behin gure gunean daudela, beste artista batzuen obrak ikusten dituzte. Gainera, guretzat bada modu bat erakusteko artista gazteen lanek badutela maila bat, hau da, beti esaten dugu Txillida baten ondoan ezin dela edozein gauza jarri, berehala igarriko da obra horrek ez duela mailarik. Baina gure artisten lanek ondo ematen dute Txillida edo Serraren ondoan, eta hori bertatik bertara frogatzea garrantzitsua da guretzat zein erosle potentzialentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.