Myanmar. Etnia arteko gatazka

Historia bera, bi interpretazio

Rakhineak eta rohingyak urte askoan bakean bizi izan dira Myanmarko lurretan. Baina etnia arteko gatazka isila erlijio gatazka ere bihurtu delarik, rohingyei inork ez die naziotasun osoa aitortzen, eta kanporatu egin nahi dituzte.

U Shwe Mg, Arakan estatuko bandera atzean duela. Z. ALDAMA.
Zigor Aldama.
Yangon / Sittwe
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Egia da ezaugarri propioak ditugula, Indiari dagozkionak, baina beste etnia bat gara, Myanmarren sortua». Horretaz ez du inolako zalantzarik Kyaw Minek, rohingyen buruzagi politikoetako bat eta Demokraziarako eta Giza Eskubideetarako Alderdikoa ere badenak. «785. urtera arte, Indiaren parte izan zen Arakan estatua. Gero, myanmartarrek okupatu zuten, eta, ondoren, britainiarren esku geratu zen 1825ean. Betidanik han bizi izan gara rohingyak, mugan, eta makina bat agiri dago horren egiaztagarri».

Oso bestelako iritzia du U Shwe Mg-ek. «Ezin dugu hitz egin rohingyen etniaz, sekula ez baitira existitu. Etorkin bengalarrak dira, Britainiar Inperioarekin batera etorriak langile gisa. Gure abegikortasunaz eta indarrik ezaz baliatu ziren hemen geratzeko. Orain, ez dagozkien eskubideak lortu nahi dituzte. Hain zuzen, Mrak U garai bateko hiriburura joan besterik ez dago konturatzeko garai bateko rakhineok budistak izan garela betidanik, eta sekula ez musulmanak».

Horregatik, Shwe, Rakhine Naziotasuna Garatzeko Alderdiaren Batzorde Nagusiko kidea, «naziotasuna arautzen duen legea zorrotz aplikatzearen aldekoa» da. Alegia, egotz ditzaten rohingyak Bangladeshera; herrialde hartan ere ez dituzte onartzen hango herritartzat.

«Rakhineak bezain myanmartarrak garen erakusgarri ezin hobea da, esaterako, herrialdean egin izan diren hauteskunde guztietan utzi izan digutela parte hartzen eta botoa ematen. Ni neu funtzionario izan nintzen 20 urtean, eta halako postuak nazionalek bakarrik bete ohi dituzte», ekin dio Minek. «Hau da galdera nagusia: zergatik sortu da indarkeria orain, urte askoan bakean bizi izan baldin badira rakhineak eta rohingyak?».

Horretan, bat dator Shwe ere. «Bakean bizitzeko gai izan gara, bai, baina denak du bere muga. Gure lurrak bereganatu ez ezik, bengalarrek lapurtu, bortxatu eta hil ere egiten dute. Eta hainbat herrialderen babes ekonomiko eta politikoarekin egin ere; besteak beste, Saudi Arabiarenarekin. Horregatik, orain, bi komunitateoi ezinezkoa zaigu elkarrekin bizitzea. Desplazatuen esparruak, eta hango bizi-baldintza ezinago kaskarrak, gerra baten bigarren mailako ondorio bat dira, hala nola izan zen Hiroshima eta Nagasaki suntsitzea Bigarren Mundu Gerraren ondoren».

Minek, ordea, ezin etsi du. Eta nazioarteko komunitateari dei egin dio, gobernuak sustatutako etnia garbiketa bat eragotz dezan. «Gaur egun, aberrigabe batzuk gara, eta ukatu egiten dizkigute eskubiderik oinarrizkoenak ere. Ezin gara libre ibili batetik bestera, ezin gara ezkondu aldez aurretiko baimenik gabe, eta bikote bakoitzak bi seme-alaba bakarrik izan ditzake gehienera ere. Horrek ekarri du, hain zuzen, erregistratu gabeko 60.000 bat haur egotea eta izugarrizko giza hondamendia gertatzen aritzea».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.