Erregulazioek eragindako langileak %65 gehitu dira

2012. urtean dosierrek 51.210 laguni eragin diete Hego Euskal Herrian; 1994tik izan diren kopuru handienen artean bigarrena daNafarroan, metaleko lan hitzarmenerako oinarria sinatu dute CCOOk eta UGTk

Ivan Santamaria - Jon Fernandez
2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Krisiak okerrera egin duen adierazle bihurtu dira berriro enpleguaren erregulaziorako eskaerak. Eragindako langileak 51.000 baino gehiago izan ziren iaz. Ekonomiaren gainbehera hasi zenetik, urterik txarrena izan da, 2009. urtearen atzetik. Beste arazo bat ere islatzen ari dira emaitzak: geroz eta gehiago dira kontratuak desegiteko eta langilea kaleratzeko egiten diren dosierrak.

Eusko Jaurlaritzak joan den urtean izan ziren erregulazioei buruzko datuak jakinarazi zituen atzo. Kalkulu hori argitara emana zuen Nafarroako Estatistika Erakundeak. Bi administrazioei komunikatu, eta aurrera atera ziren 3.542 dosier. Aurreko urtearekin alderatuz, %74 gehitu dira erregulazio eskaerak. Kontuan hartu behar da iazko otsailean oso aldaketa esanguratsu bat gertatu zela. Espainiako Gobernuak onartu zuen lan erreformaren ondorioz, orain administrazioek dosierrak ez dituzte aldez aurretik baimendu behar. Eskaerari buruzko informazioa eskuratu bai, baina aurrera egingo duen edo ez erabakitzeko eskumena galdu dute lan zuzendaritzek. Erreformak, azken batean, soilik epaitegien bidea utzi die langileei dosierren aurka borrokatzeko.

Guztira, 51.210 langileri eragin zieten erregulazio eskaerek iaz. 2011. urtean izan ziren datuekin alderatuz, %65 gehiagori. 1994. urtetik izandako kopuru handienen artean, bigarrena da. Legean izandako moldaketak ez du, oraingoz, dosierren izaera sakon aldatu. Behin-behineko erregulazioak dira oraindik nagusi, baina, apurka, beste bi faktore ari dira indarra hartzen. Batetik, geroz eta gehiago dira lanaldia laburtzea nahi duten enpresak. Bestetik, eta kezkagarriagoa dena, dosierren bidez egindako kaleratzeek igoera handia izan dute.

Iaz, 4.774 langilek galdu zuten lana kontratua behin betiko desegitea eskatzen zuten 206 dosierren ondorioz. Eragindako langile kopuruari erreparatuta ez da ehuneko handia — %10 baino gutxiago —, baina kopuru osoa esanguratsua da, handiena baita 1996. urtetik. Urte horretan 4.909 langile kaleratu zituzten enpresek erregulazioak baliatuta.

Lanaldia laburtzeko dosierrei dagokienez, hirukoiztu egin ziren iaz, 923 izateraino. Hala ere, eragindako langile kopurua oraindik ere apala da: 6.536 lagun, dosierra ezarri zitzaienetatik %12 inguru.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregulazioek izan zituzten ezaugarriei buruz gehiago sakontzeko aukera ematen du Eusko Jaurlaritzaren azterketak. Lan Agintaritzaren baimena beharrezkoa ez bada ere, oraindik ere erregulazio eskaeren %90 langileek eta enpresek aldez aurretik adostuta iristen dira. Ehunekoak behera egiten du kaleratzeak eragiten dituzten dosierren kasuan (%77). Eragindako langile kopurua aintzat hartuta, kaleratzeen %55 baino ez da hitzartu.

Enpresek erregulazioa justifikatzeko erabili dituzten argudioen artean, eskaeraren edo produkzioaren jaitsiera da nagusi, eta dosierren %78tan dago. Bigarrena, arazo ekonomiko eta finantzazkoak dira (%17). Lekuari dagokionez, Bilbo Handian, Arabako Lautadan eta Donostialdean dute kopururik handiena, hala dosierretan, nola eragindako langileetan, hurrenez hurren.

Metalgintza sektorea

Akordiorako oinarria Nafarroan

CCOO eta UGT sindikatuek Nafarroako metalgintza sektorerako lan hitzarmenerako oinarria sinatu dute APMEN eta ANEM patronalekin. Itunak 36.000 langileren eskubideak bermatzen ditu sindikatuen esanetan, eta aurre egiten dio lan erreformari. Hiru urteko iraupena izango du akordiorako oinarriak, eta beste hiru urte luzatzeko aukera dago, 2017ra arte. 2012rako %0,5eko soldata igoera onartu dute, %0,6koa 2013rako eta BPGaren igoerari lotutako igoera datorren urterako. Lanorduak 1.695ean mantendu dituzte, baina lehiakortasunaren malgutasunerako 40 ordu daude enpresaren esku. ELAk eta LABek ez dute sinatu hitzarmenerako oinarria.

Laminaciones Arregui

Espainiako Auzitegi Nazionalera, babes eske

Laminaciones Arreguiko langile batzordeak helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalean, zuzendaritzak onartu nahi duen bigarren enpleguaren erregulazio eskaeraren aurka. Araban dituen bi lantegiak itxi eta 368 langile kalean uzteko dosierra jarri zuen martxan enpresaren jabeak, Celsa Atlantic taldeak. Botatzeko 178 langile falta zirela, epaileek prozesua geldiarazi zuten. Erabaki hori auzitan dago oraindik, baina, bitartean, lantegiak bi urtez ixteko eta 160 langileren kontratua eteteko beste dosier bat abiatu du enpresak. Arabakoaz gain, Celsak Galizian duen lantegi bat sartu du erregulazioan. Hori dela eta, eskumena Espainiako Audientzia Nazionalaren eskuetan geratu da.

Laminacioneseko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizko Justizia Auzitegiaren aurrean, batzordeko bi kide ohiren aurkako epaiketa salatzeko. Itsasgarri batzuetan enpresako arduradun baten aurkako heriotza mehatxuak egin izana leporatzen zaie. Akusazioak ukatu zituzte langileek, eta sindikatuak «hertsatu» nahi izatea egotzi zioten enpresari.

Incoesa

Greba, bertan behera

Bediako Incoesa konpainiako langileek Administrazio Kontseiluak hautsitako ituna betetzea lortu dute, eta bertan behera laga dute deituta zeukaten greba mugagabea. Hain zuzen, greba hasi baino egun bat lehenago sinatu zuten enpresak eta langileen ordezkariek ituna. LABek azaldu duenez, iragan abenduaren 28ko akordioaren baldintza beretan oinarritzen da sinatu berri dutena, hau da, kaleratutako bederatzi langileak lanera itzuliko dira, eta beste lan hitzarmen bat eta enpresaren bideragarritasun plana adosteko elkarrizketari ekitea adostu dute. LABek langileak zoriondu ditu, «zuzendaritza mugiarazi dutelako».

Bizkaiko zerbitzuguneak

Gutxieneko zerbitzuak gutxitu

Bizkaiko gasolindegietan greba mugagaberako deia egin duten sindikatuek gutxieneko zerbitzuak jaisteko eskatu zioten atzo Jaurlaritzari bileran. Lurraldean badira, lan itun propioa dutelako, greban ez dauden zerbitzuguneak, eta hornikuntza gabeziarik ez dela izan argudiatu dute sindikatuek. Aevecar Espainiako patronalak ere bilera zuen Jaurlaritzarekin, Cebek Bizkaiko patronalarekin batera, baina astelehenera atzeratu du batzarra Aevecarrek.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuen ustez, Espainiako patronalak bilera atzeratu izanak «utzikeria» erakusten du. Langileen erosteko ahalmena mantentzeko eta lan erreforma ez aplikatzeko eskatzen dute sindikatuek, ultraaktibitateari dagokionez bereziki. Lan itun bat iraungi eta berri bat adostu artean lehengoaren baldintzei eustea da ultraaktibitatea. Cebekek, aldiz, lan erreforma «existituko ez balitz bezala» aritzea egotzi die sindikatuei, eta erreforma «erabilgarria» dela gaineratu du.

Bizkaiko arrantza sektorea

Arrasteko ituna blindatu dute

Bizkaiko arrasteko arrantza sektorerako lan ituna sinatu dute ELAk eta LABek eta OPPAO Ondarroako Alturako Ontzijabeen Elkarteak. Alde batetik, ultraaktibitatearen iraupena mugagabea izatea onartu dute; beste alde batetik, itunaren gaineko desadostasunak daudenean arbitratze prozesua bi aldeen artean adostea erabaki dute; azkenik, sinatzaileek hitzarmena kanpoko esku hartzeetatik blindatzeko borondatea agertu dute. Besteak beste, soldatak KPIaren igoeran gainetik igotzea lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.