Unai Iturriaga.
Larrepetit

Zenbakiak

2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hamaika ikusteko jaio eta hamalau ere pasa ditugu honezkero.Umetan Treinta noiz ikusiko egiten genuen Urkiolarako bidea, bizikletaren manillarrean jesarrita, pedalei atzera eraginez igotzen baitzuen hark, hirurogeiak ondo paseak zituela. Laurogeietan geunden, hildakoak bi eta bat, hiru eta zero eta halako moldez zetozen egunkarien azaletan. Bimilagarrenean espaziontzietan bidaiatzekoak ginen eta guztiok edukiko ei genuen C-3PO bana etxeko lanak egin ziezazkigun. Denboragarrenera, intxaurrak lau.

Berrogeita hamabi beteta ebatzi zuen ETAk jarduera armatua behin betiko etetea, urriak hogei zituela. Zortziehundik gora hildakoak. Hirurehun eta asko, egiari zor, estatuen ageriko eta ezkutuko beso armatueei dagozkienak. Hamaika hilabete Jon Antzaren gorpua bazenik ere etxekoek zain igarotakoak. Sei gehiago egin zituen Ortega Larak zulo batean bahituta. Zazpiehundik gora preso politiko. Mila eta ehun kilometro Algecirasera. Berrogei minutu. Hamabi mila polizia. Hogeita hamabi urte kartzelan Gatzak. Hogeita hamar beteko dira hurrengoan Popo Larre desagertu zela.

Zenbaki dantzak ez du azkenik eta edonondik begira jarrita ere luzea izango da zerrenda, luzeegia. Batek ez baitu hamarrek baino gutxiago balio. Ostera, batzuok espero eta desio genuen, ahal zen tokitik, kentzen hasiko ginela berandu barik. Inozoak gu. Hirurehun mila bozemailerekin hasi ziren eta orain bederatzi mila euro dira koska. Kosta ahala kosta, bakerik ez.

Zinez-ek batu ditu bost zuzendari eta bost preso eta, zinez, inork ez ei du oraindik filma ikusi baina batzuek heroi bihurtu eta besteak umiliatu egiten ei ditu. Madrilen esan dute hori, ez diela eskuak dardarrik egingo, bi potrorekin: Osborne. EspaƱa bat eta Oe!, eta Oe!

Hogeita hemezortzi beteko ditut bihar. Urteotan guztietan, ez hiru edo lau, bakar bat, arrazoi bakar bat ez didate eman espainiar senti nadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.