Modak utzitako orbainak

'Sisi' Iruñean bizi da, adoptatu zutenetik; bulldog frantziarra da, eta hazle baten esku egon da lau urtez, saltzeko kumeak izatera behartuta; gaixotu zenean, abandonatu egin zuten.

Sisi eta Valentino txakurrak, Itziar Martinez zaintzailearekin. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Begirada tristea du. Bizi izandakoak utzitako arrastoa islatzen baitute haren begiek. Gorputzean ere agerikoa da arrasto hori. Hainbat hortz falta ditu. Mihi puska bat ere bai. Larruan, orbainak. Bertze txakurren batek emandako hozkadak utzitakoa, akaso, ezkerreko hankan duena. Sabelaldekoek, berriz, zalantzarako tarterik ez dute uzten: «Gaizki egindako hainbat zesarearen ondorio dira», azaldu du Itziar Martinezek, Sisi-ren zaintzaileak. Lau urte inguruko bulldog frantziarra da Sisi. Iruñean bizi da orain, Martinezek adoptatu eta gero. Tarragonan (Herrialde Katalanak) egon da jaio zenetik orain arte, arraza horretako hazle baten etxean. «Negozio hutsa zen Sisi harentzat, Interneten bidez saldu ahal izateko txakur kumeak ematen zizkiona. Horrela izan du lau urtez, gaixotu den arte».

Uteroko infekzio batek kume gehiago izateko aukerarik gabe utzi zuen Sisi, duela hainbat hilabete. Hazleak albaitariarengana eraman zuen txakurra, baina negozioarekin jarraitzeko aukera izanen ez zuela ikusita, hantxe abandonatu zuen animalia. Hil ala biziko ebakuntza behar zuen, eta albaitariak egin zion. Osatu da txakurra, eta Iruñera etorri arte, Zaragozan (Espainia) egon da, SOS Frenchie erakundeko kide baten etxean. Abandonatutako bulldog frantziarrak hartzen ditu erakunde horrek. Karrikan arraza horretako txakur anitz ikusten dira. Modako animalia bilakatu dira. Moda horren atzean, ordea, errealitate ilun eta gogorra dago. Sisi-ren lau urte eskaseko bizitza bezain gogor eta iluna den errealitatea.

Bat erosi, bertze bat hil

Martinez hasi da Sisi-ren egunerokoa, pixkanaka, argitzen. Ez da hori bulldog frantziar bakarra haren etxean. Valentino duela hiru urte ailegatu zen Martinezen eta haren senarraren etxera. Hazle baten eskutik, hura ere. «Orain dakidana jakin izan banu lehen, ez nuke txakurra erosi izanen», nabarmendu du Martinezek. Argi du orain: «Txakur bat erosten duenak argi izan behar du bertze baten heriotza eragiten duela. Milaka txakur abandonatu bada, eta horiek inolako aukerarik gabe uzten ditugu txakur bat erosten dugunean. Txakurrak, gainera, ez dira gauzak. Sisi objektu hutsa izan da orain arte bere esku izan duen hazlearentzat».

Valentinok ez zuen Sisi gustuko izan ezagutu zuen lehen unean. Baina asteburu bakar bat nahikoa izan zuen lagun hartzeko. Haren babesa bilatzen du Sisi-k orain, etengabe. Karrikan, bertze txakur guztien beldur da. «Sumatzen zaio bere jokatzeko moduan bizi izan duen guztiak utzi dion arrastoa. Batere berotasunik ez du jaso inoiz, orain arte. Besoetan hartzen dudanean, erabat erlaxatu egiten da Valentino. Sisi-k, berriz, giharrak tenkatzen ditu. Inoiz ez dutelako besoetan hartu».

Martinezek gogoan du, halaber, Orgiko basora eraman zuen egunekoa «Sisi erabat harrituta zegoen, dena zen berria harentzat. Sumatzen zaio ere karrikan paseatzeko ohiturarik ez zuela. Ez zutela ateratzen». Iruñean, dena da berria Sisi-rentzat. Itziar Martinezentzat ere, gauzak aldatu dira txakurra ezagutu zuenetik. Modaren atzean dagoena ezagutu zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.