Larrepetit

Facebook

Castillo Suarez.
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ba omen dira Facebook-eko lau erabiltzaile mota nagusi: lehendabiziko taldekoek lantresna gisa erabiltzen dute. Egiten dituzten gauza guztien berri emateko eta hartu behar dituzten erabaki guztiei buruzko galdetegiak egiteko erabiltzen dute. Hortaz, bere «lagunak» ito egiten dituzte beren mezu, galdera, argazki, iradokizun, jolas eta abarrekin. Ez dute inolako arazorik aitortzeko Facebook-eko bere orria eguneratzen orduak sartzen dituztela egunero eta ez dutela egun bakar bat ere pasatzen uzten, ez eta oporretan ere, bere buruaren berri eman gabe.

Bigarren taldekoak ez dira ausartzen esatera egunero txekeatzen dutela ea baduten lagun berriak egiteko proposamenik, gonbidapen interesgarririk edo banakako mezurik. Nolanahi ere, jendaurrean ez dute inoiz aitortuko zaleak direnik. Hortaz, haiek ez dituzte inoiz lagunak egiteko eskaerarik egingo eta ez dute mezurik plazaratuko.

Hirugarren taldekoak ez dira enteratzen. Aldiro pasa-hitza ahazten zaie eta ez dakit zenbat soslai sortu dituzten. Argazkirik gabeko soslaiak dauzkate, eta ez dituzte hamar lagun baino gehiago bakoitzean. Nahiko lukete Facebook-ena modaz pasatzea, baina susmoa daukate gero eta jende gehiagok hartzen dutela parte sare horretan, eta ez lukete kanpoan geratu nahi.

Laugarren taldekoek ez dakite zer den Facebook, ez eta jakin nahi ere. Noizbait sortu zuten soslai bat, baina izen eta abizen faltsuak erabili zituzten horretarako eta berehala ezabatu zuten, beldurrez.

Nik bosgarren talde bat gehituko nuke, zalantzarik gabe: beren bikotekide ohiaren jarraipena egiteko erabiltzen dutenak. Izan ere, Facebook da asmatu den tresnarik onena gertu ditugunak urrutitik ikusteko eta urruti ditugunak, berriz, gertuagotik. Abandonatuak izan direnek aitortzen diote beren buruei utzi zuenaren bizitza berriari buruzko zertzeladak ezagutzeko eskubidea, eta, Facebook-en «lagun»izatea oso gauza lausoa denez, erraza izaten zaie bikotekide ohiaren «lagun» egitea eta zelatan hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.