Larrepetit

Jaien buelta

Ainhoa Beola.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Uda sasoiko jaiak pasata bistan geratu da aurten ere, emakumeok espazio publikoa, gaua eta jai giroa erabakitzen dugun moduan, askatasunez eta segurtasunez bizi ahal izateko arazoak ditugula oraindik ere. Bistadizoa bota besterik ez da izan diren hilketa, eraso eta bortxaketa salaketei.

Denboran izaten ari den iraupenak, jendartean zabaltzen ari den anormalidadearen normaltasun kutsuak, biktima kopuruak, arazo publikoa den gaia pribatizatzeko batzuen saioak eta oinarrian dagoen jendarte egitura patriarkalaren islak biolentzia mota lazgarriena bilakatu du.

Horregatik, onartezinak dira udal arduradun batzuen ahotik entzundako balantzeak, emakumeen kontrako erasoak jaien ingurumarian izandako «kontsumoek, jendetzak eta gauak eragindako ohiko inzidentzien» artean kokatzean.

Itsukeria hauek gainditu eta emakumeon eskubide politiko-zibilak legeetatik haratago garatu ahal izateko, ezinbestekoak ditugu emakume talde eta feministen elkarlanak.

Lan partekatu horren adierazleetako bat Donostiako Emakumeen Etxea izan da. Aniztasunetik abiatuta, urtetan kolektiboki adostu eta eraikitako herri lana, feminismo politikotik abiatutako parte-hartze prozesu errealaren gauzatze praktikoa. Horregatik, feminismotik eta herrigintzatik, errefusatu besterik ezin dut Donostiako alkatetzak aho batez hartutako erabakia: Emakume Etxearen eduki politikoa oinarri hartuta eraikin berriaren kokapena, entitate pribatu zein administrazioekin izan beharreko harremanak, eta berau finantzatzeko iturriak, hilabetetako eztabaida kolektiboaren ondoren adostu ostean, kolektiboki eraikitakoa ez dela izango erabaki baitu.

Bereziki larria, taldean landu, eztabaidatu eta adostutakoei, hilabetetako dedikazioei, emakume eta talde feministen irizpide, ezagutza eta ikuspegi politikoei muzin egin baitzaie, erabaki kolektibotik kargu pertsonalen erabakira igaro den une berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.