Unai Iturriaga.
Larrepetit

Puskak biltzen

2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Estudiatzeari utzi eta gero ere ikasturteak bizi gaitu. Lurraren aroen berririk ez dugun belaunaldikoak baikara, abuztuan eguzkia eta otsailean elurra egingo duela sinistuta bizi garenak. Eskolaume betiko.

Irailean ekin nion berba brodaketari begirada leiho honetatik harago mantendu guran. Ez da beti erraza izan. Bai baitakigu zer gertatzen zaigun leiho ertzean jesartzen garenean, kanpora barik barrura begira amaitzen dugula sarri.Eta zutabegileak hortz artean ganibeta zorrotza daroan pirata izan beharko lukeela pentsatu izan dut beti, ezpain ertzak urratzeko beldurrik barik, abordajerako prest nahinoiz. Lainoek zer forma hartzen duten deskribatzeko poesia eta publizitatea daude.

Ez da alferreko ikasturtea izan hala ere, ez horraitino. Udagoienak gure gatazkaren aro bat orbeldu zuen, oraindik udaberririk eta gerezi denborarik ekarri ez badu ere, Kantabriako partianbeste laurogei urtian gogoratuko dena. Neguak erditik bi egin gintuen etxean, eta geroztik, hemen gabiltza, hankapean biraka darabilgun bolaren gainean pausoa noiz labur eta noiz luze bota asmatzeko ahaleginean. Leihotik begira jartzeko astirik ez.

Udaberririk ez dela izan nioen arestian. Murrizketak direla eta ez direla, lorontzi batean ei daukate gatibu han, Madriletan, adreiluak orangutan eta krisiak ostruka bihurtu dituen lapurren habian. Espainiarrentzako justiziarik ez dagoen tokian ezin euskaldunontzakorik espero. Txikota askatzeko garaia dela, aixkiriak, Txuriko gaixoaren moduan amaitu gura ez badugu behintzat.Faborez, goazen.

Ni behintzat banoa. Eguzkia goian dela harrapatu nau udak, eta baditut argi ordu batzuk biderako. Joaterako, ordea, ohar bat utzi gurako nioke astero-astero emailaren beste aldetik bidea egitera bultzatu nauen iritzi saileko lagunari, ego hauskorreko jendea baikara berba brodalariok. Eskerrik asko, benetan.

Puskak biltzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.