Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Menopausia

2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Europearra negarti azaltzen zen. Beretzat amaiera zen. Ordura arte haurrik izan gabea, «inoiz ez zen garai egokia, beti neukan aurreragoko zerbait», sekula ezingo zuela ziurtatzeak min ematen zion, eta hala ageri zuen. Asiarrak sosegu handiz kontatzen zuen bizitza berri bati ekiteko unea iritsia zuela jabetu zela. Eta hala, senarra eta biak, hiria utzi, eta herri txiki batera joanak zirela, egunak dituen ordu guztiak nahierara bizitzeko asmoz, eta, batez ere, «bizitzen ari garela konturatzeko». Afrikarrari zorionak ihes egiten zion begietatik. Lagunek esaten zuten ilargia ez zela gehiago argituko harentzat, eta berak ezin zuen disimulatu itzalean geratzeak ematen zion poza. «Hala ere, oheratuko zara senarrarekin...» ausartu zen kazetaria. Barre-algara erantzun, eta ezezko borobila «kita, kita..» esanez bezala. «Zertarako?» ari zen galdetzen galdetu gabe, eta «gehiago ez! azkenean!» pentsatzen.

Eta hirurak ari ziren menopausiaz.

Europearrak zerrenda egiten zuen, lehendabiziko sintometatik azkenekoetara. Bizitza zailtzen zioten sintomak, denak: ustekabeko beroaldietatik eta lo egin ezinera. Asiarrak kontatzen zituen bizialdi berriak eragin dizkion hausnarketak. Afrikarrak barre egiten zuen.

Eta hirurak ari ziren menopausiaz.

Europearra antzezlan bat prestatzen ari zen terapia modura. Bere egoerari aurre egiteko. Menopausia garaian ere bera zela frogatzeko eta aldarrikatzeko. Asiarra baratzea lantzen ikasten ari zen. Afrikarrak ez zuen aldarrikatu beharrik, eta, segur aski, ilargiak argirik gabe utzi izanak baratzeko eginbeharretatik ere libre utziko zuen.

Hainbestetatik hiru emakume besterik ez ziren. Izan zitezkeen milioitatik hiru.

Aurten ez dut dokumentalik sumatu orain dozena bat urte asmatutako nazioarteko egunean. Naturaltasun seinale dela sinetsiko dut. Afrikartzen hasi garen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.