Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Politikakeria

2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian zer gertatzen ari den galdegin dit batek baino gehiagok azken egunetan, Lurralde Elkargoaren aldeko aldarrikapena, Aurore Martinen aldeko mobilizazioak, preso eta errefuxiatuen aldeko manifestaldi askotariko bezain erraldoia eta Aieteko prozesuan Iparraldeko hautetsien inplikazioa ikusirik.

Lehenik, urte luzeetako lanaren emaitza da: abertzaleek hauteskundeetan lortzen dituzten emaitzak baino anitzez handiagoa da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako mugimendu kultural, ekonomiko, sozial eta politikoan duten eragina. Bigarrenik, gobernu aldaketek Parisen eta Pauen erabateko askatasuna eman die eskuineko hautetsiei, jaberik gabe eta derrigorrez defendatu beharreko diskurtso demagogikotik ihes egiteko parada baitute egun. Bestetik, ETAren etena eta hautatu berriak izan diren parlamentari sozialistek abertzaleen sostenguz lortu dutela aulkia oroitu behar.

Baina politikakeria guzi horretaz haratago, Ipar Euskal Herrian 200 urtez dirauen ezagupenik gabeko lurraldearen arazo demokratiko potoloa. Eta Euskal Herrian, oro har, konpondu gabeko gatazka politikoa. Hautetsiek argi ikusten dute elkarrizketa bidez arrañatuko dela afera eta ez ostrukarena eginez. Mundu guziak badaki hori, baina batzuek urratsa egitea eskas.

Ikusteko dago Frédérique Espagnac senatari euskal-biarnesak, Frantziako alderdi sozialistako bozeramale izendatu berriak zer jarrera hartuko duen: Pariseko bozeramaile izanen den Euskal Herrian ala Euskal Herriaren bozgorailu Parisen. Eskuinak beti izan ditu Parisen transmisio uhalak, Michel Inchauspé, Michèle Alliot-Marie edo Alain Lamassoure ministroak. Sozialistek garaian Nicole Pery izan zuten, orain iduri luke Espagnac izanen dela zilbor hestea. Aieten atzeko atetik sartu eta atera bazen ere, bertako sozialistek boikotatu zuten bilkurara agertu izana ez da gutxiestekoa. Dena dela, sozialistek ez dezakete urrats faltsurik egin Iparraldean, eskuina eta abertzaleak zain baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.