Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Albistea?

2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Badakit amutarako direla, baina hor dator berriz ere argazkian gorila eder bat, kamerari begira, bizitzan kamerari begiratu besterik egin ez balu bezala. Eta alboan izenburua: «50etako krisia tximinoek asmatu zuten». Horrelaxe.

Eta kazetariak literatura pixka bat egiten du albistea gorila bezain borobil aurkezteko: «Gogorra da bizitzaren erdira iristea, kopeta ez den beste ezer hazten ez zaizun garai hortara, maitasunak eta lanpostuak galdu eta hipoteka kredituak inoiz ez direla galduko iruditzen zaizun adin hortara, gogoratu ezinean noiz hasi zen dena gain behera». Hasiera horretan aipamen txiki bat, aurreratzeko azken ikerketak argi utzi duela 50etako krisiak existitzen duela, eta tximinoengandik jaso dugula. Literalki.

Aurrerago literatura gehiago. Frogatua dagoela gizakion ongizateak U forma duela: gaztaroa letra horren mutur indartsu eta txinpartatsuan, eta emozio gutxiko eta grix koloreko biografia zatian sartzen garela, gero berriz, azken urteetan gorantz egiteko. Ba, antzeko zerbait ikusi dutela tximinoengan. Ez 50 urtetan, baizik eta euren bizitzaren erdi aldera (zehaztu gabe).

Aipatzen du albistearen iturria: PNAS aldizkaria. Aipatzen du ikerlariak gobernatu dituen Andrew Oswalden izena. Aipatzen du unibertsitatea: Warwickekoa. Hasi naiz sarean, eta PNAS aldizkariko azken aleetan ezer ez. Beste batean aipamen bertsua literatura gutxiagorekin, eta krisia 40 urtetakoa, ez hamarkada beranduagokoa.

Total. Orduan ulertu dut. Nahikoa dira argazki bat, aldizkari bat, ikerlari bat eta unibertsitate bat berria osatzeko. Hori, eta gizakioi grazia egingo digun konparazioren bat, afalondotan «badakigu norengandik datozen» esanaraziko diguna.

Okerrena da albiste gehienak osatzeko ez dela askoz ere gehiago behar.

Hara! Jotaerre hil da. Dallasko gaiztoa. Hori bai da albistea. Badugu afalondorako gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.