Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Konkistak

2013ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gazteleraz errazago konkistatzen da. Zernahi edo nornahi.

Munduaren amaieraren konkistatzailea —Conquis, jarraitzaileentzat—, hasi da ez dakit zenbakarrenez. Arrakasta osoz. Milaka lagun erakarri ditu berriz ere. Milaka asko. Eta aurten jarri naiz ba telebistaren aurrean, hainbeste ikusleren leialtasuna bereganatzeko zer ote daukan.

Ikusi dut. Eta galdezka hasi naiz. Interesez. Benetan. Jakin egin nahi nuke zer topatzen dion jendeak hainbeste heldu itxurako umekeriak egiten ikusteari. «Abentura», erantzun dit batek. Ze abentura, ordea? Etorriko omen dira. Hori omen du oinarri, eta horregatik omen erakargarri. Nik ikusitakoan ez dut abentura zantzurik ttikiena ere topatu, abentura ez bada behintzat, esaldi bat bestearekin kateatzeko arazoak dituen jendearen konpainian denboraldi bat pasatu beharra. Edo jolasean galtzeagatik zeruak eta lurrak madarikatu eta mugitzen den guztia iraintzeko gaitasun paregabea duen giza jendea ezagutzea. Ez nioke abentura deituko nik, baina milaka arrazoi bakarra baino gehiago izango dira, noski.

«Telebista espektakulua da», esan dit asaldatzeko arriskuan sumatu nauen lagun batek. Ados. Kosta ahala kosta ahalik eta ikusle gehien konkistatzea du helburu nagusi. Ze espektakulu, ordea?

Konkistatu egiten dira erdaraz, euskaraz asko kostata lortu, erdietsi edo iritsitako gauzak. Euskaraz maiteminarazi edo limurtu beharrekoa ere konkistatu egiten da. Zeureganatu edo erakarri beharrekoa ere konkistatu. Dena konkistatu. Eta denak.

Euskaraz konkistatzen duenak,berriz, menperatu egiten du edo menderatu. Mendean hartu. Irabazi. Besterik ez.

Konkistatuko dute munduaren amaiera. Ni ez. Eta ez konkistaezina naizelako. Inor ez, konkistatzailea indartsua eta trebea bada. Edo azkarra. Edo boteretsua. Limurtu, maitemindu edo erakartzeko baldintzak konplexuagoak dira. Horregatik da zailago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.