Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Ez gaude

2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Azkazalak luzatu egiten zaizkit «zer? hilekoarekin al gaude?» galderaren aurrean. Galdera-egilea «gaude» horretan inoiz egon gabea eta, nahita ere, inoiz egongo ez dena izanez gero, betortzak ere bai. Eta erantzunak «zain» beharko lukeen egunetan, azkarrago eta zorrotzago.

Galdera gutxi, behatz txikitik motots muturreraino hain erraz sutzen nauenik. (Beno. Gezurra. Izan bada besteren bat, baina kontua ez da eskarmentu pertsonaletik abiatuta mundua irakurtzeko ahalegina egiteagatik ahulezia guztiak aldi berean agerian uztea).

Galdera horri ez zaio erantzuten. Ez da erantzun eskean egindako galdera izan ohi. «Insoportable zaude» esaten dizunak ere ez du erantzunik espero. Horregatik asaldatuko nau hainbeste galderak. Erantzun bakarrerako aukera uzten didalako.

(Beno. Gezurra. Aukerak badira erantzun posibleen artean. Arazoa da galdera bota eta zain geratzen ez denarentzat denak daudela sobran).

Ez nago psikologoekin obsesionatua. Baina oso denbora gutxian etorri zait parera bigarrena. Honek tesia egin du. Hilekoaren aurretik sindromerik izan baden edo ez den frogatzeko balioko duen testa garatu du. Ez omen dago hilekoaren aurreko sindromea behar bezala diagnostikatua. Tesi horretan kontatzen duenez, froga erraz batekin oso minutu gutxitan ondorioztatu omen liteke sintomak sindrome deitzeko modukoak ote diren edo ez.

Politikoki polita izatera esango nuke emakumeok merezi dugula hainbeste. Mereziak ditugula gure arazoak, nahiak eta ondoezak ere aztertu eta ikertuko dituzten lanak. Zer esanik ez, horrek galdera batzuk betiko mututuarazten laguntzen badigu.

Tesi beharrik gabe esan dezaket «gaudenean» ez dela arazorik. Sindromea deitu edo ez, diagnostikatua egon edo ez, arazoak izatekotan, aurretik. Eta ez denok. Emakume bakoitza gara mundu bat. Edo bi. Gaudenean gaudelako eta ez gaudenean ez gaudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.