Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Matxismoa

2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Emakume bat erailtzen duten bakoitzean kalera ateratzen gara, elkarretaratu egiten gara, eta «matxismoak hiltzen gaitu!» oihukatu ohi dugu. Gutxi batzuk biltzen gara. Gure kausak ez ditu masak erakartzen, futbolak bai, baina emakume erailak ez dira garrantzitsuak. Askotan idatzi izan dut indarkeria matxistari buruz; tamalez, egungo gizarteak makina bat aitzakia ematen dit gaia berriro ere jorratzeko.

Aurreko astean, beste batzuen artean, 26 urteko neska bat erail zuten. Ez dakit zergatik, puntu masokista bat dudalako izango da, baina berriro ere prentsara jo nuen informazio bila, eta, berriro ere, negarrez bukatu nuen. Ez zen izan erailketaren inguruko informazio morbosoa irakurri nuelako. Orain dela 15 urte irakurtzen nituen esaldi berberak irakurri nituelako hasi nintzen negarrez. Gehien gorrotatzen dudana honelako esaldiak jasotzen dituztenean da: «bikote arrunta zen, normal-normala», «sorpresa itzela izan da denentzat» edo «ez genuen espero».

Bai, matxismoa normal-normala da, eta, horregatik, gure gizarteak ez daki dagoen erailtzailerik beldurgarriena identifikatzen. Makina bat aldagai daude erasotzaile bat identifikatzeko. Erasotzaile bat ez da bat-batean erailtzaile matxista bilakatzen, gizarteak produzitzen ditu. Botere sistema bat mantentzea da erailtzaile horren xedea. Aitzitik, gure gizarteak ondo kamuflatzen ditu erailtzaile horren benetako kausak, gizarte matxistaren oinarriak ezkutatuz.

Hipokrisiaz estaltzen dute errealitatea. Askotan esaten dugu, baina ez digute kasurik egiten. Orain, erailketa konkretu honen aurrean, argazkia atera dute askok, eta beste batzuek gogor salatu dute; edukirik gabe, noski. Irakurketa politikorik egin gabe. Erailtzen gaituena matxismoa da, gure gizartearen oinarrian dagoen ideologia bat. Nahi izanez gero, oso erraz identifika daitezke matxistak: benetan prest al dago gure gizartea emakumeak erailtzeko egin behar diren aldaketa guztiak egiteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.