Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Erbestean

2013ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Zenbat milaka izan ote dira goiz ilun batez, eguzkia atera aitzin beren etxea, burasoak, anaia-arreba edo haurrak, beren herria eta bizitza osoa atzean utzi, eta espainiar komisaldegietako torturari ihes egin behar izan diotenak.

Hogei eta urte gutiko gazteak, bizitzaz gozatzeko urte ederrenak gozatu ordez, belaunaldiz belaunaldi erbestera jo dutenak.

Lehen errefuxiatuak gerra karlisten garaian heldu ziren honat. Ondotik, milaka izan ziren 36ko gerlako errefuxiatuak, eta beste milaka Franko eta demokrazia espainiarretik ihesi joandakoak.

Hainbatek Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako hainbat familiaren etxeko ateak eta besoak idekiak atzeman izan dituzte, elkartasunez, arriskuak arrisku. Ezagutzen ez den familia batean txertatu beharra, elgarrekin bizi, norberaren familia ezin ikusiz eta auzoko begiradetatik ihesi.

Garai batez iheslari politikoen izaera onartua izan bazuten ere, 80ko hamarkadaz geroztik ustezko demokraziatik ihesi etorri zirenek ez zuten halako harrerarik atzeman frantses administrazioarengandik. Hemen, kasurik hoberenean, atxilotuak eta presondegiratuak izateko arriskuan bizi izan dira azken hamarkadetan. Kasurik hoberenean, nehork ez baititu ahantzi BVE, Triple A eta GALen garai latz haiek. Ondotik, Alemanen okupazio garaian Petainen jendarmeek herritarrak SS nazien esku ezartzen zituzten bezala, espainiar polizien atzaparren artean utzi zituzten ehunka eta ehunka herritar.

Ehunetik gora izan ziren ere Frantziak, 80ko hamarkadan, epaile eta legerik gabe, mugarik gabeko zigorretara erbestera kondenatu zituzten deportatu eta asignatuak.

Iheslariek ez dute bizitza erraza izan, paperik gabe, babesik gabe, edozein unetan egoera politikoaren araberako neurrien jopuntuan egon baitira. Bihar, beren egoerari ere aterabide bat atzemateko tenorea dela aldarrikatuko dute. Bada garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.