Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Agurra

2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hegazkin batean goaz; horregatik irakurri dut normalean irakurtzen ez ditudan egunkari horietako bat. Bertan, Ana Mato defendatzen duen iritzi artikulu bat topatu dut. Irakurri eta minutu batzuk behar izan ditut erreakzionatzeko. Ezin nuen sinetsi irakurri nuena. Ez du argumentu bat ere erabili, lagundutako ernalketa kasuetan emakume lesbianok edo gizonik gabekoak osasun publikotik kanporatzeko.

Dirudienez, intelektual horrentzako begi bistakoa da zakila duen gizon bat ondoan ez edukitzea ez dela gaixotasun bat; beraz, logikoena, normalki ernaldu ezin duten bikote heterosexualentzako terapia horiek mugatzea da. Hau da, berez ernaldu ezin duten bikoteek soilik daukate tratamendua eskuratzeko eskubidea. Besteok kanpoan gelditzen gara. Hori bai, gure diruarekin eta zergen bitartez familia heterozentratu horiei tratamendua ordainduko diegu.

Hori al da normala izatea? Horrelako astakeria bat botatzea, eta lasai-lasai gelditzea?

Sentitzen dut, baina gure osasun publikoak gaixotasunak diren gauzak baino gehiago tratatzen ditu. Esate baterako, haurdunaldia bera. Beraz, ez dirudi normala familia heterozentratuaren ugalketa bermatzea, baina beste familia motak kanpoan uztea.

Kontua ez da gaixotasuna den bai ala ez, baizik eta baliabide publiko bat jasotzeko eskubide unibertsal bati buruz ari gara. Hori ukatuz gero, gutxienez, pare bat argumentu behar dira, eta ez begi bistakoa dela esatea.

Idazten dudan bitartean, gogoratu naiz: hau da nire azkeneko artikulua. Amaitu zaigu asteroko zita. Faltan sumatuko dut, nahiz eta ez ditudan gustuko egunez aldatzen ez diren hitzorduak. Ana Mato dut orain buruan, bera eta bere espezieko animalia guztiak, horregatik faltan sumatuko dut ahotsa ozen altxatzeko aukera eman didan leiho hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.