Iratxe Retolaza Gutierrez.
Larrepetit

Hilekoa

2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hilean behin egin bezala, Hendaiarantz abiatu da gaur ere. Farmazia-enkarguak hantxe egiten ditu. Desgogoz egin ohi du bidaia. Gorputzaldi txarra du. Hilekoa. Sabelaldea puztuta, barnealdea zirri-zarra, seko nekatuta. Gogogabeturik hartu du bidea.

Zalantza sortu zaio bat-batean, ez ote duen errezeta-sorta etxean utzi, mahai gainean. Zakar eragin dio bolanteari, eta zakar irten da autobidetik. Gasolindegiaren txoko batean gelditu, eta poltsa gorria hartu du. Traketsa izan da beti bilaketa-lanetan, urduri jarri eta burua lainotu egiten zaio, zertan ari den ahazteraino, itsutzeraino. Etxekoek badakite hori, eta zerbait bilatu behar izaten duenean, halaxe esaten diote: «egon, zer ari zara, zeren bila, guk lagunduko…». Gaur ez du laguntzeko inor ondoan.

Errezetak lasaiago bilatzeko asmoz, poltsa astindu, eta eserlekuan hustu du. Poltsatik arrapaladan irten dira objektuak, pila-pila eginda, elkar besarkaturik. Boligrafoak, giltzak, betaurrekoak, gozokiak, koadernotxoa, txokolatina baten bildukina, diru-zorroa. Errezetarik ez.

Urduritasunak jota, bost segundo hartu ditu arnasa hartzeko, lasaitzeko eta burua argitzeko asmoz. Bilaketarako prest. Poltsikoak hustu ditu eserlekuan, pila areago handituz. Paper tolestu zenbait, konpresak eta tanpoiak, gutun bat, pendrive-a, eta errezetak. Eskerrak! Korrika batean traste guztiak poltsan sartu, are pilatuago, eta Hendaiarako bidea hartu du.

Pixkanaka lasaitzen ari zela, polizia-kontrola ikusi du. Abiadura moteldu, eta guardia zibilak eskuin aldean gelditzeko eskatu dio. Nora zoaz, nondik zatoz. Eta poltsa erakusteko esan dio. Miatzeko. Poltsa zabaldu, eta gauzen artean eskua sartu du. Tanpoi eta konpresekin egin du topo. Nazka aurpegia jarri, eta azkar batean itxi du poltsa, zerbait kutsakorra bailitzan. Aurrera segitzeko baimena eman dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.