Beharrezkoa zen hitzordua...

Maulen bildu eragileek «garrantzitsutzat» jo dute Bateraren manifestazioa. Determinazioaren isla eta herri baten izanaren seinale, denek dute mezu azkar bat ikusi protestan.

Maulen izan ziren atzo Alaux eta Espagnc senatari sozialistak, beste hainbat hautetsiren artean. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Maule
2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Frantziako gobernutik jaso mespretxuak ez ditu etsiarazi edota desmobilizatu. Determinazio hori sendi zen bertan ziren eragile ezberdinen erranetan. Maulen 3.500 lagun bildu izanak hori frogatzen duela diote guztiek.

MERTXE AIZPURUA Udalbiltzako presidentea

«Horrelako ekimenak beharrezkoak dira ukapenak gainditu ahal izateko»

«Udalbiltzak bere atxikimendua ekarri du, Frantziako gobernuak Ipar Euskal Herriari egiten dion ukapen etengabea salatzeko. Horrelako ekimenak beharrezkoak dira ukapena gainditzeko. Kasurik ez badute egiten eta entzungor segitzen badute, ozenago erran beharko zaie. Aurrera egiteko, lan egiten jarraitu behar dugu. Ukatzen digutena gure eskuetarik sortu behar dugula uste dut. Eraikitzen joatea, hori da bidea Udalbiltzaren ustez».

JULIETTE BERGOUIGNAN Unibertsitarioa

«Manifestazioa inportantea da, gizarteak erantzuteko gobernuaren mespretxuari»

«Alde guztietarik probokazio eta mespretxu hutsa ikusten dugu. Kantonamenduen mapa berriarekin, ikastolei eman oztopoekin, laborantza ganberari begira... Barne ministroak igorri digun gutunak ere ez du batere erantzuten gure eskaerari! Hautetsietan gehiengoa alde da eta mobilizatu da, lurralde elkargoaren proposamena marraztuz. Hori ez da aski. Gizarteak mobilizatu behar du, gizarteak du Frantziako gobernuaren mespretxuari erantzun behar. Horregatik du manifestazioak inportantzia, hautetsien ondoan, herritarrak ere mobilizatu behar direlako».

PAXKAL INDO Seaskako presidentea

«Jende anitz etorri da. Seinale ona da, erakutsi dugu herri bat eraikitzeko gai garela»

«Jende anitz hurbildu da Maulera. Lapurditik ere anitz ikusi ditut. Seinale ona da, herri bat eraikitzeko gai garela erakutsi dugu. Tuteratik, Bilbotik eta Baionatik Maulera mugitzeko gai bagara, horrek erran nahi du egiazko herri bat garela. Ez dakit lorpenaren giltza den, baina dakidana da egoerak okerrera ez egiteko giltza dela. Gure nortasun kolektiboa galtzen badugu, errazago izanen zaie parekoei».

MIXEL ORONOZ Euskal konfederazioa

«Euskararen ofizialtasuna da gure galde bakarra, Frantziak onartu arte ez gara geldituko»

«Hemen naiz Euskal Konfederazioaren izenean. Gu euskararen alde ari gara, euskara izan dadin mintzaira ofiziala. Ez da lehen aldia karrikara ateratzen garela ez eta ere azken aldia, zorigaitzez. Euskararen ofizialtasuna hori da gure galde bakarra eta Frantziak onartu arte ez gara geldituko».

SYLVIANE ALAUX Diputatu sozialista

«Bateraren aldarri guztiak segitzen ditut hastapenetik. Haien borroka nirea da»

«Bateraren borroka eta aldarrikapen guztiak segitzen ditut hastapenetik. Haien borroka nirea da. Nola aitzinatu? Hori da ariketaren zailtasun handiena. Euskal Herriaren ahotsa entzuna izan behar da. Beste osagai guztiei gehitzen den osagai bat gehiago da manifestazioa. Badu bere garrantzia eraman borrokan».

ERREGINA DOLOSOR CFDT sindikatuko kidea

«Mauletik erakutsi diogu Frantziako Gobernuari beti hor garela, determinaturik»

«Lehenik zehaztu nahi dut jende anitz hurbildu dela Zuberora eta hori garrantzitsua dela. Bestalde, ez gara errespetatuak, ez lurraldearen gaiari doakionez, ez euskarari begira, ez eta ere sozial arloan. Hala eta guztiz ere, Mauletik erakutsi diogu Frantziako estatuari beti hor garela, determinaturik. Bihar ere segituko dugu. Egindako lanaren fruitua agertu da Maulen bildu aniztasunean. Duela bizpahiru urte aurka zirenak orain alde dira».

JEAN-BAPTISTE ETXETO Garapen Kontseiluko presidentea

«Manifestazioa inportantea da argi uzteko determinazioa ez zaigula ahultzen»

«Garapen Kontseilua euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinakundeko kidea da. Manifestazio honekin bat egin dugu, inportantea delako. Zergatik? Batetik, helburu argi hori ez galtzea ezinbestekoa delako. Egitura instituzionala dugu galdetzen. Bestetik, argi uzteko determinazioa ez zaigula ahultzen. Mobilizazioak segitzen du eta horri begiratzea behartu dugu gobernua. Igorri gutuna dugu froga».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.