Sasoi onenetan bezala

François Hollande PSko hautagaia ezkerraren printzipio ahaztuak defendatuz egiten ari da kanpaina

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
François Hollande ezin kendurik ibili da bere ibilbide politikoan oilo-epel ospea. Hitz egiterakoan ahotsa modulatzen ez dakienari ezin zaiola presidente izaten utzi-eta trufa egin izan diote eskuindarrek —PSko alderdikide batzuek ere bai—. Energiaz jardun beharra sortu zaio, beraz, eta abiadura hartu du, ausardiaz, François Mitterranden plantak egiteraino. Le Bourgeten urtarrilaren 22an eman zuen kanpainako lehen mitinean ezhoiko indarra erakutsi zuen, sasoirik oneneko ezkertiarren tankera, eta inspirazio iturria Le Monde egunkariak aurkitu zuen hemerotekan: Mitterrandek 1981eko kanpainan emandako lehen diskurtsoa. Promesak, orduan bezala, ideologia karga handikoak izan ziren, eta egunez egun gaur arte mezu horiek bazterrera ez uzten saiatu da: diruaren espekulazioaren kontrako borroka, justizia, berdintasuna etalaizismoa. Ezkerraren sasoi onenetan bezala.

«Aldaketa orain da», esanez abiatu zen kanpainan,«mobiliza gaitezen, batu, eta hiru hilabetean ezkerrak irabaztea egingo dugu». Eta hilabetera garaipena lortzea oraindik egingarria da.Diruaren maisuei gerra deklaratu die, estatuburuaren gehiegizko boterea salatu du, eta legebiltzarrarentzat eta ministroentzat aginpide gehiago eskatzen ari da. Aldaketarako proiektua da bere proposamena, Frantziarekin hartuko dituen 60 konpromisoen gainean, lau ideia nagusitan oinarriturik: justizia, berdintasuna, hazkundea eta gazteen aldeko apustua. Hasteko, Nicolas Sarkozy presidenteak iragarri dituen bi galdeketa polemikoak salatu ditu:lanik gabe daudenei diziplina gehiago jartzearena, laguntza besterik gabe ez jasotzearena alegia, eta atzerritarrek dituzten eskubideen inguruan. «Egoeraren biktimek ez dute arduradun izan behar». Hollandek eskuin muturrera joan dela leporatu dio Sarkoziry.

Ekonomia

Diru kontutan aberatsekin eta bankuekin tematu da hautagai sozialista. Zerga igoerak haientzat iragarri ditu, erreforma fiskal zorrotza haientzat, eta kontrako norabidean pobreenentzat. Jubilazioa 60 urtean ezarri, bekak gehitu, pentsioak igo, 150.000 lanpostu sortu, eta etxebizitza eta energia berriak sustatuko ditu, besteak beste.

Energiaz ari dela, auzi nuklearra bidean jarri zaio Hollanderi, Europa Ekologikoa-Berdeak alderdiarekin sinatutakoaren harira. Hamar urtean Frantziako zentral nuklearrak erdira jaistea eta energia berriztagarriaren alde egitea hitzartu zuten, baina berehala azaleratu ziren kontrako erreakzioak, akordioak hainbat irakurketa egiteko aukera ematen duelako. Eztabaida bozak igaro arte atzeratzen saiatuko da.

Bien bitartean, promesa guztiak «errealistak» direla nabarmentzen du hautagaiak, eta adierazpenetan lausoegia dela esaten dutenen kontra, proposamenak egiterakoan datu konkretuak eman ditu orain arte. «Ez dago trikimailurik. Ez dagoen lekuan jarri eta gehiegi dagoen lekutik kendu besterik ez dugu egin, eta kontuak ateratzen dira».

Europari begira

Krisi ekonomiko globalak markatu dio Hollanderi kanpaina nabarmen, eta Sarkozyk Merkelekin egin duen itunak kezkaturik dauka: «austeritatearekin obsesionaturik» daudenez, hazkundearekin ahaztu dira PSko hautagaiaren ustez, bozak irabazten baditu, gutxienez, agertoki interesgarria markatuko du Europan, 27 herritatik 25k sinatu duten akordioak «nabarmen aldatu» beharko dela aurreikusi baitu, Frantziak berrestea nahi badute. Sozialistei ez zaie gustatu Sarkozyk eta Merkelek ituna kanpainan negoziatzea, eta hitzartutakoa erreferendumera eramango dutela ere mehatxua egitera heldu dira. Kanpaina kutsua dauka, hala ere, esandakoak.

Hollanderen arabera, Europak, oro har,irekiagoa izan behar du: kide guztiei eskubidea eman erabakitzeko, eta agindu du erabakiak hartzeko modua aldatuko duela: «Merkelekin eztabaida gogorra izango da, Europa aldatzeko asmoa baitaukagu».

Afganistandik tropak lehenbailehen erretiratzea, Europako mugetan klima eta energia tasak jartzea eta eurobonoak sortzea, dira besteak beste Europarentzat dituen proposamenak.

11 urte zituela Mitterrand telebistan ikusi zuenetik presidente izan nahi duela esaten du. Mitterrand 14 urtez izan zen boterean, eta gerora norabidea galduta ibili dira sozialistak. Hollandek ez du kargurik izan sozialisten gobernuetan, eta aukera honekin ez du amesterik izan joan den maiatzean Dominique Strauss Kahn atxilotu zuten arte. Sozialisten norabiderik eza aldatzen hasi zen primario arrakastatsuei esker, eta inkestek esandakoa betetzen bada, ekonomiaren gainetik ezarri duen gizalegea praktikan jartzeko aukera izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.