Euskal lurralde elkargoaren sorrerarik ez du ekarriko deszentralizazio erreformak

Aldarria erreforman sartzeak legea «pisuegi» bilakaraziko lukeela esan du Marylise Lebranchu ministroak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herrira egitekoa duen bisita aitzin jakinarazi du erabakia Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroak: «Ez dugu maila berririk sortuko Euskal Herriarentzat». Deszentralizazioa dakarren erreforman egituratze mota hori sartzeak legea «pisuegi» bilakaraziko lukeela uste du. Hautetsien Kontseiluarekin bildu zenean hitzemandako «Euskal Herriaren ezagupena» ez da, beraz, Deszentralizazioaren III. Aktan mamituko. Ministroarekin solasaldia ukanik, Sud Ouest egunkariak plazaratu zuen atzo ministroaren postura argia.

Euskal lurralde elkargoaren aldarria «lege honen koadroa baino harago doala» uste du Lebranchuk: «Euskaldunek egituraketa propioa nahi lukete... euskal arrazoi batzuengatik». Hala eta guztiz ere, «aterabide bat atzemanen» dutela dio ministroak.

Adierazpen horiek ezkorki baloratu zituen Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak: «Ez da batere berri ona Euskal Herriarentzat; ministroaren partetik gutxieneko keinu bat espero nuen». Urriaren 11n Hautetsien Kontseiluaren ordezkaritzari errandakoa berretsi duela diote, bestalde, Batera plataformakoek. Orduan jada ohartarazi zuen Deszentralizazioaren III. Aktan eskaera sartzea zaila izanen zitzaiola.

Pays egituraren desagerpena ikusirik, «benetako zailtasun bati» aurre egin behar dutela dio Lebranchuk. Egitura horien bilakaerari buruz gogoetatzen dabiltza Frantziako Senatuan. Ipar Euskal Herriaren gobernantzari buruzko gogoeta ere Deszentralizazio Ministeriotik Senatura eraman nahi du. Erabaki hori begi txarrez ikusten du Max Brisson Miarritzeko UMP hautetsiak. «Senatura igorriz, lurralde elkargoaren lehen mailako enterramendua da, ikusiz gaiari buruz parlamentariek izan dituzten eztabaiden edukia, azkenean eztabaida txarrerako izan daiteke», esan du Brissonek.

Parlamentuan eztabaidatzen hasiko dira uztailean ala urrian. Emendakinen bidez eraman beharko dute, beraz, parlamentariek, euskal lurralde elkargoaren gaia. Bitartean, «girotze lanarekin» segitu behar dutela dio Nikolas Blain Baterako kideak. Horretarako dute lurralde elkargoaren aldeko koordinazioa sortu Garapen Kontseilua, Hautetsien Kontseilua, Auzapezen Biltzarra, Merkatal eta Industria Ganbera eta Batera egituren artean. Datorren egunetan emanen dute haien egitasmoen berri. «Sortu behar dugu giro bat zeinetan Lebranchuk ezingo duen etorri ezetza erratera, zeinetan erantzun politiko bat ematea behartua izanen den», Blainen hitzetan.

Bisitari buruzko berririk ez

Iazko urriaren 11n bildu zen Hautetsien Kontseiluko ordezkaritza Lebranchurekin, eta 2013 hastapenean Ipar Euskal Herrira etorriko zela hitzeman zien. Geroztik, ez du halakorik berriz aipatu eta Lasserrek joan den astea Berria-ri segurtatu zionez, ez dute horretaz «inolako berririk». Ministroa azaro bukaeran mintzatu zen azkenik euskal lurralde elkargoaz, beti zentzu berera joanez: «Euskal Herriarentzako egitura instituzional bat sortzea ez dut posible ikusten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.