Unai Elizasu. Gai-jartzailea

«Gai-jartzaileok azokatik lehengaiak eramaten dizkiegu sukaldariei»

Bertso saio baten aurretik gaiak sortzeko, egituratzeko eta sailkatzeko prozesuaz mintzatuko da Usurbilen, 'Izan zaitez gai' hitzaldian; giroa nola kudeatu eta bertsolariekin nola komunikatu ere azalduko du.
BERRIA

Ainhoa Arano -

2012ko maiatzak 15
Bertso saioetan gaiak jartzearen atzean dagoen lanaz hitz egingo du Unai Elizasuk (Altza, Donostia, 1980), 19:00etan, Usurbilgo (Gipuzkoa) Artzabal etxean.

Zer landuko duzu hitzaldian?

Bertso saio baten aurretik gai-jartzaile batek eman beharreko pausoak azalduko ditut, gaiak sortzeko, egituratzeko, eta abarretarako. Gaia erabakitzerakoan kontuan izan behar da plaza irekia ala itxia den, ordaindua ala doakoa, gauez ala egunez den. Garbi eduki behar da zer lortu nahi den ere.

Zer da gauzak garbi edukitzea?

Egiten duzun aukera bakoitzaren inguruan norbait kexatuko balitz, hari erantzuteko argudioak izatea da niretzat gauzak garbi izatea. Gai bat ezin da aukeratu gustatzen zaizulako, bakoitzak bere arrazoia eta motibazioa ditu. Arrazoiketarekin oker ibiliko zara agian, baina, behintzat, ez dago axolagabekeriaz erabakita.

Nola jakin gaia ona edo txarra den?

Ona eta txarra adjektiboak erabiltzeari aspaldi utzi nion, objektiboak direlako, egokiak ala desegokiak izan daitezke gaiak, atzetik arrazoibide bat dagoelako. Gaia egokia izango da plazaren, saioaren, orduaren eta bertsolariaren arabera. Final bateko gaiak urteko onenak izan daitezke, baina hurrengo eguneko herriko jaialdi baterako ez dute balioko.

Zein aldagaik egiten dute egoki gai bat?

Ahalik eta faktore gehien hartzen baldin badituzu kontuan, orduan eta egokiagoa izango da gaia. Gai bat desegokia izan daiteke saioaren bigarren minutuan, eta egokia hogeigarrenean. Edo bertsolari horrentzat egokia, ariketa hori egin ostean. Aldagai ugari erabili behar dira, gaia defendatzerakoan ere argudio gehiago izateko. Gazteentzako gai batek egokitasuna galtzen du plazara etorritako guztiak zaharrak badira. Faktore ugari izan behar dira kontuan, baita eguzkia parean ala atzean dugun ere.

Moldaketa lanak garrantzitsuak dira, beraz.

Oholtzara igo behar duzu zure jaialdi egokia etxean irudikatuta, baina saioan zehar hainbat puntu eduki behar dira aurreikuspen horren tenperatura neurtzeko. Hamabosgarren minuturako horrela eduki nahi nuke plaza, baina ez da hala gertatu; orduan, bide gehiago eduki beharko ditut giroari buelta emateko. Ezin da etxetik eramandakoa bere horretan jarri. Gai-jartzaileak gara sukaldariari merkatutik lehengaiak eramaten dizkiogunak, eta jakin behar dugu sukaldariak non eta norentzat aritu behar duen. Hala ere, plater baten meritua sukaldariari bakarrik aitortzen zaion bezala, inork ez dio eskertzen azokan lehengaiak aukeratu dituenari; bertsolariak ere askotan ez dira jabetzen gure lanaz. Ezkutuko lana da, nahiz eta jardunaren zati oso garrantzitsua izan.

Gaia bertsolariei nola komunikatu ere garrantzitsua da, ezta?

Plazako jardunak duen onena da gai-jartzailearen eskuetan dagoela guztia. Horregatik, guk gai bat sortzen dugunean ez dugu testua bakarrik idazten, gaiaren intonazioa, erritmoa... ere irudikatzen ditugu. Askotan, komunikazio estrategiak gehiago lantzen dira testua bera baino.

Gazteek interesa erakusten dute gai-jartzaileen jardunean?

Plaza askotan ibiltzen garen gai-jartzaile gutxi gaude, oro har. Gazteak badaude, bereziki txapelketetan, gogotsu dabiltzanak. Plaza ezberdina da, baina, gazte batzuk plazetara hurbildu ginen bezala, ziur nago etorkizunean ere hurbilduko direla. Eta ahalik eta gehien erakutsiko diegu guk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna