Jon Plazaola. Bakarrizketalaria

«Euskaldunontzako umorea euskaldunok ari gara egiten, eta hor asmatzea erraza da»

Lantegi zahar bateko uraska ikuskizunak gauzatzeko gune gisa berreskuratu dute Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Hango estreinako saioa egingo dute Jon Plazaola umoristak eta Petti musikariak.

ETB.
Maier Ugartemendia
Tolosaldeko Ataria
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Aktorea da Jon Plazaola (Urretxu, Gipuzkoa, 1982), eta erantzukizun berezia du gaur: Villabonako Aljibe guneko lehen ikuskizuna egitea. Ondoren Petti musikariak bakarkako emanaldia eskainiko du. Aljibe Gauak egitasmoko estreinako saioa izango da. Dena 22:30ean hasita, eta bost euroren truke.

Zer topatuko du gaur Aljibera joangoden ikusleak?

Bikote ezohiko baina polit bat aurkituko dute. Niretzat, plazer handia da Pettirekin agertokia partekatzea. Petti Euskal Herrian hain ezaguna denez, pentsatzen dut bera ikustera doan jendeak ondo dakiela zer topatuko duen. Niri dagokidanez, azken urteetan hain modan jarri diren umorezko bakarrizketa bat aurkituko dute, nire ukituarekin. Umorea egiteko, nahiko leku berezia da Aljibe. Arkupe bat da, eta oihartzuna ere badu. Behin entzunda txistea ulertzen ez duenak oihartzuna entzun dezala, eta bigarrengoan ulertuko du. Agian, umorea jorratzeko beste modu bat asmatuko dugu.

Gai bereziren bat landuko al duzu?

Asmoa da denetarik ukitzea. Betiere gaurkotasunari bere lekua emanez. Eta, bestalde, horrelako emanaldietan ohikoa den bezala, jende guztiak ezagutzen dituen egoerak lantzen saiatuko naiz, hori delako umore mota honen giltza; jendea identifikatua sentitzean, errazago enpatizatzen du, eta barre ere errazago egiten duela dirudi.

Interesgarria al da formatu txikiko ekitaldiak bultzatzea?

Egia esan, oso interesgarria da. Badakigu pairatzen ari garen egoera orokorra ez dela ona, eta ez dela erraza gauzak antolatzea. Hortaz, eskertzekoa da garai zailetan horrelako formatuen aldeko apustua egiten duen jendea egotea. Garai txarrak direnean, jendeak gehienbat seguruak diren ekitaldiak kontratatzera jotzen du; baina, hor bagaude bestelako gauzak egiten ditugun jende asko, eta gu bezalako jendeari honelako aukerak ematea betiere pozgarria da. Bide oso polita dago hor.

Euskaldunok ba al dugu geure buruari barre egiteko ohitura?

Hala uste dut, nahiz eta jende askoren buruan dagoen zuk planteatzen duzun zalantza. Nik uste dut gaur egun barre egin genezakeela ia edozein gauzaz. Muga errespetuak markatzen du. Kasu honetan, gainera, euskaldunok gara euskaldunontzat umorea egiten ari garenak, eta nik uste dut hor asmatzea erraza dela. Bestalde, jendea bakarrizketalariaren larruan jartzen da, edo alderantzizkoa ere gertatzen da, eta azkenean, jendeak askotan ikusten du bere burua erretratatuta. Honetaz gain, barre egiteko gogoa dagoela nabari da, baita geure buruaz ere. Gainera, esaten dute norberak bere buruaz barre egiteko gaitasuna adimenaren erakusle dela.

Telebistako programa baten bitartez ezagunago egin zara, eta, agian, jendeak zure emankizuna ikusteko interes handiagoa izango du.

Irailetik hona gertatutako zerbait da, eta kalean nabaritzen da jendeak kasu handiagoa egiten dizula. Batez ere, ETB ikusten den herrietan nabari da bultzada hori, eta pozgarria da modu positiboan dela ikusteak.

Beti umorea lantzen ibilita, barre egiteaz ere nekatuko zinen...

Ezta gutxiago ere! Garai hauetan, jende asko pasatzen ari da gaizki. Albistegietan eta gure inguruan albiste txarrak dira nagusi, eta barre egiteak aurrera egiteko indarra ematen du. Barrerik gabe, zer geratzen zaigu bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA