Ekialde Hurbila. Siria

Gerraren bertze mutazio bat

Siriako gatazkak aldaketa anitz jasan ditu urteotan, eta borrokaren egoera anitz aldatu da fronte nagusietan. Estatu Islamikoak eta muturreko bertze talde sunitek gibelera egin dute 2017an

mikel rodriguez
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Sei urte baino gehiago igaro dira Sirian gerra hasi zela. Urte hauetan guztietan, gerra ez da bi bando argiren arteko gatazka konbentzional bat izan. 2011n, herrialde arabiarretako matxinaden testuinguruan, erreforma politikoak eskatzen zituzten manifestarien eta gobernu autoritario baten arteko gatazkatzat aurkeztu zen, nagusiki Mendebaldean. 2011ko ekainetik aitzinera, narratiba hori aldatu zen: gobernuaren eta FSA Siriako Armada Askearen arteko gerraren kontakizuna izan zen nagusi. 2013rako, ordea, muturreko talde islamista suniten gehiegikeriak hasia ziren oihartzuna izaten, baita kurduen antolaketaren inguruko berriak ere. 2014-2016 aldian, guztiz eraldatu zen gerra: EI Estatu Islamikoaren protagonismoa, nazioarteko esku hartze zuzenak, kurduen indartzea, gobernuaren birkonkistak... mundu gerra txiki bat bihurtu zen. 2017an, berriz, badirudi bertze mutazio bat jasaten ari dela. Bi zantzu nagusik adierazten dute hori: bata, EI eta bertze talde islamista sunitak gibelera egiten ari direla; bertzea, esku hartzen ari diren herrialdeen artean —AEBen, Errusiaren, Turkiaren eta Iranen artean, gehienbat— sortu den giro anbiguoa. Akordio zabalik ezean, fronte nagusietako bilakaeraari da de facto-ko egoera gorpuzten.

RAQQA ETA DEIR EZ-ZOR

EIren aurkako bataila

Hiru urtean Siriako kurduen egoera goititik beheiti aldatu da. 2014ko irailean, Kobane hirian, Turkiaren menpeko Kurdistango mugan, EIk erabat zokoratuta zituen YPG Herriaren Babes Unitateak, baina, orain, YPGak EIk Sirian duen base nagusiaren aurkako erasoaldia zuzentzen ari dira SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren barrenean, eta AEBen nazioarteko koalizioaren laguntzarekin. Ekainean hasi zuten erasoaldia, eta Ryan Dillon nazioarteko koalizioaren bozeramaileak herenegun erran zuenez, SDFek hiriaren %45 dute kontrolpean. Raqqak 220.000 biztanle inguru zituen 2011n; orain, hirian 50.000 inguru daudela dio Munduko Osasunaren Erakundeak.

Raqqa izan da EIren Siriako hiriburua 2014tik, baina Eufrates ibaitik hegoalderago Deir ez-Zor hiria eta izen bereko probintziako udalerri gehienak kontrolpean dauzka oraindik. SDFek Eufratesen ekialdera Siria iparralde osoa kontrolpean dute, Damaskoren eraginpetik kanpo; Raqqarantz ezin aitzinaturik gelditu zen armada, baina Deir ez-Zorrerantz lehenago hasi du bidea. Duela sei egun, armada probintzian sartu zen, eta, Al-Masdar News-en arabera, iparraldetik Raqqa probintziarekiko muga kontrolpean hartzeko ahaleginean ari dira Suheil al-Hassan Tigrea koronelaren indar bereziak, bi helbururekin: EI Raqqatik bakartzeko, eta SDFak ez direla Deir ez-Zorren sartuko ziurtatzeko.

IDLIB

«Al-Qaedaren paradisua»

Hagitz mugimendu adierazgarriak gertatu dira Idlib probintzian azken hilabetean. Matxinada armatua Idliben hasi zen, eta gobernuaren aurka borrokan ari diren taldeek osoki kontrolatzen duten probintzia bakarra da. Horregatik, Siriako eta Errusiako abiazioen bonbardaketen helburu nagusietako bat da. Berriki, bi talde nagusiek, Sortaldea Konkistatzeko Fronteak —lehen Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Frontea zenak— eta Ahrar al-Xam salafistak, elkarren aurka egin dute borroka, eta, ondorioz, Idlib gehiena Sortaldea Konkistatzeko Frontearen menpe dago orain.

AEBen jarrera aldaketa bat eragin du horrek, Siriak eta Errusiak ez bezala, orain arte Idlib ez baitute mehatxu iturritzat hartu.«Al-Nusra Fronteak Idliben hegemonia lortuta, Estatu Batuentzat zaila izanen da nazioarteko alderdiak konbentzitzea ez ditzaten har beharrezko neurri militarrak», adierazi zuen asteazkenean Michael Ratney AEBetako Estatu Departamentuaren Siriarako arduradunak, Interneten argitaratutako mezu batean. Haren aitzinetik, Brett McGurk AEBek EIren aurkako koalizioan duten ordezkariak erran zuen Idlib «Al-Qaedaren paradisu segurua» bilakatu dela, eta kontuak eskatu zizkion Turkiari, mugako zaintzarengatik. NATOko aliatuak haserre erantzun zion, Ibrahim Kalin bozeramailearen ahotik: «Turkia Idlibeko erakunde terrorista horrekin lotu nahi izatea onartezina da».

Washingtonek eta Moskuk Idlibekin zerbait hitzartu ote duten da susmoa, uztailean Siria hegoalderako su-eten baten berri eman zuten bezala. AEBek uztailean egindako bi iragarpenek ere indartu dute susmo hori: bata, CIAk matxino talde batzuk laguntzeko zuen programa bertan behera uzteak, eta, bertzea, Al-Tanfeko basean AEBen koalizioak hango matxinoei emandako aginduak. Irakeko mugan eta Jordaniatik gertu dago Al-Tanf, Bagdad eta Damasko lotzen dituen autobidean. AEBek hainbat talde trebatu dituzte han «EIren aurka borrokatzeko», eta agindu berri die ez erasotzeko Siriako Gobernuaren aldeko indarrei.

AFRIN

Turkiaren beldur

Kurdistango gainerako barruti autonomoetatik geografikoki bakartuta dago Afrin. Gerra mugetan eduki du soilik, eta inguruko errefuxiatu arabiarrak hartu ditu —jatorrizko biztanleriaren halako lau dira errefuxiatuak, barrutiko gobernuaren arabera—. Kurduen ordezkariek maiatzean salatu zuten Turkiak tropak elkartu dituela barrutiaren mugetan, eta, ordutik, artilleriarekin eta abiazioarekin eraso die Afringo hiriei —YPGek herenegun bertan argitaratu zituzten bonbardaketa batzuen irudiak—. Turkiak ezin izan du eragotzi YPGek Raqqarantz jotzea, eta kurduen miliziek uste dute horren ordaina dela Ankarak Afrin mehatxatzea.

ARSAL

Hezbollahen garaipena

Azken bataila garrantzitsu bat Libanon gertatu da, eta Siriako gerran parte hartzen ari den Libanoko eragile garrantzitsu bat izan du protagonista. Hezbollah alderdi xiitak eta Libanoko armadak erasoaldi bat egin zuten uztail bukaeran Arsaleko bailaran, Siriako mugan. Sortaldea Konkistatzeko Fronteak menpean hartua zuen lurralde hori. Hainbat egunetako borroken ondoren, Hezbollahek 7.000 siriar ingururi —miliziano islamista sunitei eta haien senideei— muga gurutzatzen utzi die, Arsal berreskuratzearen truke. Hilal Khasan Beiruteko Unibertsitate Amerikarreko analistak The Daily Star egunkariari erran dionez, AEBek eta Errusiak Hezbollahi ez diote onartu Siriako hegoaldean jarraitzea, Israelen interesari erantzunez, baina ontzat jo dute Libanoren eta Siriaren arteko mugetan muturreko islamista suniten aurka egitea. «Siriako gatazkan bertze fase batean sartu gara. Bukatzen ari da, eta beharrezkoa da eragin eremuak lortzea, gerraosteko egoera marrazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.