Elurtea. Bizkaia

Elur zuria eta kale gorria

Elurpean geratu dira Zierbenan portura sartzeko zain dauden migratzaileen kanpalekuak. Gurutze Gorriko eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko boluntarioek eman diete laguntza.

Zierbenako portu inguruan errefuxiatuek jarritako kanpalekuak, elurpean, atzo. ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Igluen itxura zuten arren, kanpadendak ziren. Eta barruan, Bilboko portuan Portsmoutherako ferryan sartu gura duten migratzaileak, nolabaiteko aterpean. Giro umel eta hotz horretan egin diote aurre azken urteetako elurterik handienari. Iragarria zegoen izozteko moduko hotza egingo zuela. Santurtziko Udalak abisu emanda, Gurutze Gorriko hamalau boluntario joan ziren migratzaileak zelan zeuden ikustera, gauerdian, oraindik elurra iritsi aurretik. Haien eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideen laguntzarekin egin diote aurre neguari, kale gorri zurituan.

Benjamin Romero izan zen operazioko burua. «Lehen arretarako postu bat ipini genuen, eta etorri ziren etorkinak artatu genituen». 40 izan ziren. «Baina horrek ez du esan gura horiek bakarrik daudela; inguruan gehiago zebiltzan beste kanpaleku batzuetan». Gazteenak 19 urte zituen; zaharrenak, 35. Guztiak albaniarrak ziren. Osasunez ondo zeuden. Bakarrak behar izan zuen mediku arreta, aurretik orkatila bihurritu zuelako. «Gazteak dira, eta osasuntsu daude».

Horrez gainera, mantak eman zizkieten, gauean tapatu ahal izateko. Baita kafea, kakao beroa, esnea, gailetak eta pastak ere, berotzeko. 03:15 aldera bukatu zuten zerbitzua. Eta han geratu ziren gazteak. Oraindik elurra iristeko zegoen; 05:00 aldera erori ziren dena zuritu zuten lehen malutak.

Hain zuzen, hori salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide Ana Elena Altunak. «Hiru ordu egin dituzte han, eta gero bakarrik utzi dituzte, kafe beroarekin dena konpondu delakoan». Gaineratu du boluntarioak guardia zibilek lagunduta joan zirela, eta izen-abizenak eskatu zizkietela. Kritikatu du eskualdeko udal bakar batek ere aterperik eskaini ez izana. «Gurutze Gorrira deitzeaz gain, Santurtziko Udalak kiroldegia zabaldu zezakeen».

Erakunde publikoen utzikeria gaitzetsi du: ez dutela inbertsiorik egin, portuko ibilgailuen aparkalekua inguratzen duen horma eraikitzeaz gain. «Eta horrek ez du ezer konpontzen; gazte horiei mina handitu baino ez. Gastu guztiak ustezko segurtasunaren izenean egiten dira, baina giza eskubideen arloan, ezer ez».

Nabarmendu du babesik handiena herritarrek ematen dietela. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren inguruan sortu den laguntza sareko kideak sarri joaten zaizkie jateko beroa ematera. «Asteburuetan geure etxeetara gonbidatzen ditugu, lo egiteraedo dutxatzera». Gau hauetan ere euren baliabide pribatuak eskaini dizkiete aterpe hartzeko.

Gogor kritikatu ditu egunotan hedabide batzuetan agertutako informazioak. Berri horien arabera, inguruko bizilagunek lapurretak salatu dituzte. «Kasu bakan batzuk izan dira, eta ez dut justifikatzen. Badakit ez dela batere atsegina etxera iritsi eta barruan norbait topatzea, edo norbait egon dela ohartzea. Baina zertara sartu dira? Dutxatzera, galtzontzillo garbiak hartzera edo janaria hartzera. Erakunde publikoek gazte horiek dituzten lehen mailako premiak aseko balituzte, ez litzateke horrelakorik gertatuko».

Mantak eta kafe beroa

Bilboko kaleetan lo egiten duten etxegabeek ere igarri dute neguaren gordintasuna. Bertara biltzen dira Bizkaiko gehienak. Hiriburuan ez ezik, Barakaldon ere badute aterpea; aurten zabaldu dute Lasesarren. Etxerik gabeko 230 pertsonarentzako lo lekuak izaten dira urte osoan Bilbon. Neguan, areagotu egiten da eskaintza: beste 80 ohe prestatzen dituzte. Eta, egunik hotzenak datozenerako, indartu egiten dute zerbitzua. Egunotan, beste 38 lo leku prestatu ditu udalak, hotzaldiagatik. Otsaileko lehen astean egon zen martxan plan berezi hori, eta azken egunotan berriro ipini dute indarrean. Igaro den gaua izan da azkena, gaur tenperaturak gora egingo duelako. Beste hotzaldirik etorriko balitz, berriz irekiko lirateke ohe gehigarri horiek.

Bizkaiko Caritaseko kide eta BesteBi plataformako bozeramaile Joseba Gayak azaldu du Caritasen egoitzetan ez dutela neurri berezirik hartu. «Epe ertain edo luzeko egonaldietarako izaten dira». Halako hotzaldiak jantokietan nabaritzen direla esan du. Hala ere, oraingoan ez dute aparteko jendetzarik jaso. Indautxukoan, kasurako, egoteko gela bat dute jantokiarekin alboan, etxegabeek bertan epel egon ahal izateko. «Espero genuen gaur [atzo] beteta egongo zela, baina ez da hala izan. Horrek harritu nau. Seguruenik, beste aterperen bat aurkituko zuten». Atzo goizaldeko elurteak arreta deitu badu ere, etxegabeentzat ez da izan gaurik txarrena: «Esan digute atzo [herenegun] okerrago pasatu zutela; hotz handiagoa jasan zutela. Gaurkoa ez ei da hain gogorra izan».

Bizkaiko Gurutze Gorriak, bestalde, Bilboko Udalarekin elkarlanean, boluntarioak atera ditu kalera; atzo goizaldean eta aurreko gauetan ere bai, hotzaldia izan den egun guztietan. Giza larrialdirako unitateak izeneko taldeetan banatzen dira, hirian barrena. Besteak beste, kit berezi bat ematen diete kalean topatzen dituzten etxegabeei: arropa, eskularruak, mantak, lotarako zakuak eta bestelakoak. Horrez gainera, Bilbon eurentzat dauden zerbitzuen berri ematen diete. Gurutze Gorriko ordezkari Libe Romañak azaldu du etxebako askok eurek erabakitzen dutela kalean lo egitea. «Gehienek badakite zer zerbitzu eskaintzen diren, baina guk informazioa ematen diegu, hala ere. Eta saiatzen gara aterpera joan daitezen konbentzitzen». Horretaz gainera, Gurutze Gorriak eremu beroa izeneko lekua atontzen du Bilboko egoitza nagusian, hotzaldietan. Egoteko leku bat da, eta, konpainiaz gain, edari beroa eskaintzen diete. Nahi beste denbora egon daitezke bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.