Kataluniako erreferenduma. Auzi ekonomikoa

Katalunia eta euroa

Estatu independente izanez gero, ez dago argi zein diru sistema lukeen Kataluniak: eurogunean jarrai dezake, kanpoan, edo tarteko eremu batean. Hiru agertokien azterketa da hau.

Katalunia eta euroa.
Jon Fernandez.
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Diru zorroa giza gorputzeko organorik delikatuena eta sentiberena dela esatea ez da astakeria. Ez alferrik, Espainiako batasunaren aldeko indarrek etengabe pregonatu dute —eta jarraitzen dute— independentziak kataluniarren diru zorroak hustuko lituzkeela. De Guindos ministroak egin du apokalipsiaren azken ohartarazpena: Katalunia Europako Batasunetik eta eurogunetik kanpo geratuko litzateke automatikoki, moneta berri bat sortu beharko luke, eta %40 debaluatuko litzateke sortzearekin batera. Euroarena, EBrenarekin batera, beldurraren banderarik astinduenetakoa da burujabetzaren aukeraren kontra.

Ziurgabetasuna, izan ere, ukaezina da. Gaur-gaurkoz ez baitago argi Katalunia zelan geratuko litzatekeen EBn: barruan, kanpoan edo tarteko egoeraren batean. Kontu garrantzitsua da, ezbairik gabe, jakitea moneta ofiziala euroa izango litzatekeen ala ez; besteak beste, herrialde baten diru politikak eragin zuzena duelako haren ekonomiaren garapenean.

Jordi Gali ekonomista katalanak egin du aurreikuspen ariketa, eta balizko hiru agertoki irudikatu ditu, onuragarrienetik kaltegarrienera: haren ustez, bigaren agertokia litzateke gertagarriena. Bartzelonako CREI Nazioarteko Ikerketa Ekonomikoen Zentroko zuzendaria da, ziklo ekonomikoetan eta diru politiketan aditua.

Bartzelonako bulegotik erantzun ditu BERRIAren galderak, eta ezin saihestu Cristobal Montoro ministroaren esku hartze finantzarioa. «Ikaragarria da egin dutena. CREIra hiru bankuk bidali digute agiri bana [UPF unibertsitate publikoko kide da CREI], ohartarazteko egiten dugun ordainketa orok Espainiako Ogasunaren oniritzia beharko duela. Gu txikiak gara, eta ordainketa gutxi ditugu; baina imajinatu zer gertatuko den egunero milaka ordainketa egiten dituen edozein unibertsitatetan». Kolapsoa erabatekoa dela dio. «Egoera honek urriaren 2tik aurrera ere jarraituko ote duen? Ulertzen ez dudana da esku hartzeak oraindik zelan jarrai dezakeen indarrean».

Etorkizuneko agertokiak eraikitzerakoan, ideia bat hartu du oinarri: Katalunia independentearen helburua euroarekin jarraitzea izango dela, eta diru politika EBZ Europako Banku Zentralaren esku laga nahiko duela, orain bezala. Nahiz eta, berez, Gali oso kritikoa izan euroarekin, oinarri hori hartu du euroaren gaineko kontsentsua oso zabala delako Kataluniako herritarren eta legebiltzarreko taldeen artean. Hona hemen hiru aukerak:

LEHEN AUKERA

Erabateko eta berehalako integrazioa

Europako hitzarmenetan ez dago aurreikusita estatu kide bat zatitzea eta zatiketatik estatu berri bat sortzea. Hala ere, agertoki honetan, EBk erabaki politiko bat hartuko luke: Katalunia batasuneko eta euroguneko eskubide osoko kidetzat onartzea estatua sortu bezain laster. Horrela, Katalunia ez litzateke EBtik kanpo geratuko trantsizioaren une bakar batean ere.

Agertoki hau eta beste edozein argudiatzerakoan, funtsezko garrantzia dauka herrialdearen abiapuntuak. Izan ere, katalanek hiru hamarkada pasatxo daramatzate EBren barruan, eta euroguneko kide dira hura sortu zenetik. Galiren iritzirako, baldintza horrek «aparteko egoeran» jartzen du Katalunia EBn txertatzeko, eta ez du zerikusirik inoiz kide izan ez diren estatuek batasunean sartzeko egin beharreko ibilbidearekin.

Lehen agertokian, beraz, ez litzateke ezer aldatuko Kataluniako herritarren bizitzetan —eta poltsikoetan—, ez enpresenetan, ez haiekin harreman komertzialak dituzten atzerritarrentzat—izan europar edo ez—.

Alde bakarra legoke: estatu berriak banku zentral propioa izango luke. Alegia, gaur egun Espainiako Bankuak jokatzen duen rola Kataluniako Bankuak jokatuko luke. Generalitatearen menpe egongo litzateke Kataluniako Bankua, eta euroguneko estatu kideetako banku zentralen ardura berdinak izango lituzke: funtsean, EBZrekin lankidetzan aritzea diru politika bateratua ezartzeko eta sistema finantzarioa ikuskatzeko.

Era berean, Kataluniako Bankuak ordezkari bat izango luke EBZren gobernu kontseiluan, eurogunearen erabaki politikoen organoan. Horrela, Katalunian egoitza duten bankuek EBZren likidezia izango lukete aurrerantzean ere, baina Kataluniako Bankuaren bidez, Espainiako Bankuaren bidez izan beharrean. Aldaketak ez luke eragin praktikorik, bankuen finantzaketarako baldintzak —interes tasa, epeak, bermeak...— EBZk ezartzen dituelako eurogune osorako.

BIGARREN AUKERA

Geroago integratzea, baina, praktikan, hausturarik izan gabe

Estatu berria EBn sartzekotan, negoziazio prozesu baten ondoren sartuko litzateke. Hala ere, bien bitartean, EBk adostuko luke Kataluniak barruan jarraitzea de facto, «horixe litzatekeelako onuragarriena alde guztientzat».

Jarraipen hori ziurtatzeko modu bat litzateke Bruselak Katalunia Espainiako zatitzat tratatzea, «aldi berean, eta modu paraleloan, Kataluniako Estatuko gobernuaren zilegitasuna aitortuz, harekin negoziatzeko EBrako integrazioa».

Aldi horretan, Katalunia, formalki, ez litzateke EBko kide izango, baina euroa izango litzateke diru ofiziala, eta bankuek sarbidea izango lukete oraindik eurosistemako finantzaketa mekanismoetara, beharbada Espainiako Bankuaren bitartez.

Beraz, lehenengo aukerarekin lukeen ezberdintasun nagusia litzateke epe batez Kataluniako Bankuak ez lukeela izango ordezkaritzarik EBZren gobernu kontseiluan.

HIRUGARREN AUKERA

EBrako sarbidea blokeatzea

Espainiaren blokeoak mugagabe atzeratuko luke Kataluniaren sarrera EBn. «Zaila litzateke Madrilen jarrera horri politikoki eustea denbora luzez», Galiren esanetan. «Katalanok urteak daramatzagu EBn, eta Katalunia ez da San Marino; hemen ehunka multinazional daude. Eta, onerako ala txarrerako, azkenean eurek erabakitzen dute, eta interesatzen zaie ekonomikoki gauzek gaur bezala jarraitzea».

Galiren aburuz, agertoki honetan, garrantzitsuena litzateke honako eskubide hauek mantentzea: pertsonen, merkantzien eta kapitalen zirkulazio askea katalanentzat eta bertan jarduten duten enpresentzat. «Zorionez, eskubide horiek ez dira soilik EBkoak, eta Suitza da horren adibide paradigmatikoena», azaldu du CREIko zuzendariak. Haren ustez, EBk izango luke interesik handiena eskubide hauek mantentzeko, Kataluniako merkatuak daukan garrantzi kuantitatibo eta kualitatiboagatik, eta bertan Europako enpresa asko daudelako. EBko kide izan gabe, eskubide horiek bermatuta dituzte, esaterako, Islandiak, Liechtensteinek, Norvegiak eta Suitzak.

Berez, agertoki horretan ere, Kataluniak erabaki lezake euroa izatea diru ofiziala. «Inork ezin du behartu Katalunia euroa ez erabiltzera, nahiz eta eurosistemako instituzioetatik bota. Kataluniak uko egin diezaioke euroari, baina inork ezin du horretara behartu». Badira EBkoak ez diren herrialdeak euroa ofizialki darabiltenak: Andorra, Kosovo, Monako, Montenegro, San Marino eta Vatikanoa. Kasu horretan, KBk batez ere bankuen ikuskatze lana egingo luke, eta bankuek ahalko lituzkete erabili EBZren likidezia mekanismoak euroguneko herrialdeetan dituzten filialen edo sukurtsalen bidez; adibidez, Espainiakoen bidez.

Bartzelonako Merkataritza Ganberaren 2014ko azterketa baten arabera, egoitza Katalunian daukaten hiru banku handiek (Caixabank, Sabadell eta Catalunya Bank) Espainian zeuzkaten bulegoen %70 2012an; eta egoitza Espainian duten bankuek (Banesto, Bankinter, BBVA, Popular eta Santander) Katalunian zituzten bulegoen %14. EBZren finantzaketa jasotzeko, ez da beharrezkoa bankuaren egoitza nagusia eurogunean izatea; nahikoa da adarrak izatea eurogunean. Beraz, Kataluniako bankuek Espainian dituzten adarren bidez, atea irekita lukete EBZn. Izatez, finantza erakunde askok erabiltzen dute bide hori, baita europarrak ez diren bankuek ere. EBZk bankuei eskatzen dien baldintza nagusia da «finantza kaudimenduna izatea» eta adarrak dituzten EBko herrialdeko banku zentralaren ikuskaritzapean egotea.

Galiren arabera, hirugarren aukera honetan, «desiragarria» litzatekeena da «diru itun bat» lortzea Kataluniaren eta EBren artean; gainera, itun mota horrek ez luke ahobatezko adostasunik eskatuko, eta, beraz, Espainiaren beto aukera saihestuko litzateke. Eredu interesgarritzat jo du Monakoren eta EBren arteko «diru ituna», zeinaren trukean printzerriak onartzen baititu EBko diru politika, bankuen ikuskaritza eta diru zuriketaren kontrako legedia.

Agertoki horrek urte asko iraunez gero, ez litzateke aukera onena izango, Galiren aburuz: «Kataluniaren tamainako herrialde batek erabateko gaitasuna du diru sistema propio bat sortzeko, diru propio batekin». Sistema hori erabiliko luke unean uneko egoera ekonomikora moldatzeko (inflazioa, langabezia...), Erresuma Batuak, Danimarkak eta Suediak erabaki duten bezala, esate baterako.

Arazoa, Kataluniaren kasuan, diru propiorako trantsizioan egongo litzateke, CREIko zuzendariaren iritziz. Izan ere, zorpetze publiko eta pribatu handiko herrialdea izaki, eta osasun ekonomikoa erabat ziurtatuta izan barik, estatu berriak iragarriko balu diru sistema berri bat sortuko duela, arriskua legoke diru berri hori berehala debaluatzeko eta kapital ihes handiak gertatzeko. Hori epe motzera gertatuko litzateke, baina, epe luzera, Galik erabat bideragarri ikusten du Kataluniak diru sistema propio bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.