Katalunia. Euskal Herriko erreakzioak

Zabaleta: «Onartezina iruditzen zait alderdi sozialistaren jarrera»

Hiru hamarkadako militantziari amaiera eman dio Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu ohiak. Katalunian gertatzen ari dena «porrot politikoa» iruditzen zaio

Iñaki Lasa Etura.
2017ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
«Ez dut lekurik nire alderdi politikoan». PSE-EEko kide izateari utzi dio Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu ohiak. Ez dator bat sozialistek Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea babestearekin. BERRIArekin hitz egin du Zabaletak (Donostia, 1957), Radio Euskadin jakinarazi zuen berriari buruzko azalpenak emateko. «Kataluniakoa izan zen gainezka egiteko azken tanta».

«Onartezina» iruditzen zaio alderdi sozialistaren jarrera. «Ezin da uztartu plurinazionaltasunaren kontzeptua eta Espainiako Batasuna; batez ere ikusita nola ulertzen duen PPk Espainiako batasuna: frankismoaren eredua». Igandean unionistek Bartzelonan egindako manifestazioak utzitako irudia jarri du adibide gisa. Ciudadanoseko eta PPko kideekin batera ziren PSCko politikariak. «Irudi horiek komunikabideetan ikusita, pentsatu nuen eskerrak erabakia hartu nuela».

BERRIAn orain dela bi urte egindako elkarrizketa batean azaldu zuen ez zitzaiola «bururatzen» alderdia uztea. Zer aldatu da tarte horretan? «Politikaren egoera oso gogorra da gaur egun. Oso muturreko jarrerak daude: batetik, Kataluniarena; bestetik, Espainiako Gobernuarena, PPrena. Gero eta muturrekoagoak dira».

Katalunian gertatutakoa «politikaren porrota» da, sailburu ohiaren ustez. «Elkarrizketa falta» nabarmendu du. «Ez nuke salbuespen egoeran daudela esango, baina salbuespenezko neurria da, hankaz gora jartzen du autogobernua eta Espainiako eredu autonomikoa».

Erabakitzeko eskubidea defendatzen du Zabaletak: «Legala». «Posible da; legezkoa ez da bakarrik legediak orain arte esan duena. Moldatu behar da errealitatera». Azkenaldian Gure Esku Dago-ren hainbat ekitalditan parte hartu du. Ahotsak mugimenduaren sorreran izan zen aurretik. Gogora ekarri du sortze agirian bildu zutela erabakitzeko eskubidea. «Garai hartan nire alderdi politikoa ados zegoen ideia horrekin. Nik ez dut nire posizioa aldatu». Bai, ordea, PSE-EEk. «Izugarrizko atzerapausoa egin du alderdi sozialistak, nire ustez. Eta, oro har, politikak. Espainiako sistema demokratikoak atzerapausoa egin du».

Zergatik ez jarraitu bat ez datorren ahots gisa? «Beti izan naiz hori, ez naiz ortodoxoa izan nire ibilbide poltikoan. Lehen, beste ahots batzuk entzuten ziren, askoz pluralagoa zen alderdia».

Alderdi sozialistaren inguruko hausnarketa egin du Zabaletak. «Norabiderik gabe» ikusten ditu. Adibide bat erabili du. «Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearen gaitzespena eskatu zuten, urriaren 1eko gertakarien ondorio gisa. Gero, zorigaiztoko 155. artikulua onartu, eta Saenz de Santamaria da Generalitateko presidentea. Kontra egingo zuela esan, eta alde bozkatu». Sozialismoaren «bolante kolpeak» «oso kezkagarriak» iruditzen zaizkio. «Begira Manuel Valls Espainiako eta Kataluniako bozetan egon da, eredu baliagarri gisa. Non dago orain? Zer gertatu da Frantzian?».

PSE-EEko militante izateari utzi, eta herritar gisa jarraituko du aurrerantzean politika. «Printzipio demokratikoak sustatzen saiatuko naiz». Batxillergoko irakasle eta DBHko ikasketaburua da Bidebietako institutuan (Donostia). «Jarraituko dut lanean, eskolan eta gizarte politika egiten. Ikastetxe batzuetan egiten da benetako gizarte politika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.