Atentatua Katalunian. Biharamuna kalean

Bertakoak berriz Rambletara

«Paralisi» egoeran esnatu da Bartzelona atentatuaren biharamunean. Herritarrek, ordea, berehala bilatu diote erantzun kolektiboa izuari: «Kalera atera behar da».

Joan Miroren Rambletako mosaikoan hainbat lore eta objektu ipini zituzten herritarrek atzo. QUIQUE GARCIA / EFE.
Samara Velte.
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Dina Gomez Poblenouko (Bartzelona) bere etxean zegoen ostegun arratsaldean, tesirako lanak aurreratzen, Kolonbiako senideen mezuak iristen hasi zitzaizkionean, ongi ote zegoen galdezka. Orduan jakin zuen Rambletan gertatu zenaren berri, bere etxetik metroko lau geltokira. «Komunikazioarena ere beldurgarria da», dio biharamunean: «Zeinen azkar zabaltzen diren mezuak, eta irudi gogor horiek. Informazio gainkarga zegoen, asko kontraesanezkoa».

Oraindik ez da atentatuaren gunera hurbildu; joan nahi duen ere ez daki. «Normalean, bartzelonarrak ez dira Rambletara joaten, literalki turistaz beteta dagoelako beti», azaldu du Jesus Rodriguez La Directa-ko kazetariak. Ia gau osoa igaro du gertakariak behatzen. Atzo eguerdian, ordea, ezohiko irudia sortu zen bertan: turistarik ez, eta bartzelonarrez bete zen Rambla, guztiak «ez daukagu beldurrik» oihuka.Bezperan «paranoia» giroa zegoela azaldu du: «Jendea ez zebilen erabat lasai kalean; edozein zaratarekin, begiratu egiten zuten. Arratsaldeko zortziak aldera, 10 urteko mutiko batek petardo txiki bat bota zuen Ravaleko Ramblan —zer gertatu zen ere ez zuen jakingo, ziurrenik—, eta mossoak ere korrika hasi ziren».

Biharamunean, «hirigunea geldirik» dago, eta gainerakoa, «aiduru». Vilaweb atariaren erredakzioa erasoa gertatu zen lekutik metro gutxira dago. Vicent Partal, zuzendaria, hunkituta dago oraindik: «Alde batetik, gogorra da: egunero igarotzen dugun kale bat da. Telebistan ikusi dugu zer gertatzen den Europan, baina hau desberdina da. Bestalde, uste dut oso Bartzelonaren estiloan erantzun duela jendeak, isiltasun minutuan Ez daukat beldurrik oihukatuz».

Arrazakeriari aurre hartu

«Jendeak kalera ateratzeko gogoa dauka», uste du Rodriguezek. Bat dator Mireia Vehi, CUPeko parlamentaria: «Kolpe bat izan da, indarkeria hauen kausak ez ditugulako bertatik bertara ikusten. Mundu guztiak daki Herrialde Katalanetan ezetz esan zitzaiola Irakeko gerrari eta hala ere gerra izan zela, baina urruneko memoria da; egunerokoan, ez gara bizi honen kausekin, eta ondorioz, zaila da ulertzea. Gainera, zure ohiko gune batean gertatzen denean, handiagoa da shocka. Baina deialdiekin jendea kalera atera da, eta hori baltsamo bikaina da: kalea gurea da, hiria gurea da, eta nahi duenarena, baina ez faxismoarena».

Herri mugimenduek eta instituzioek bat egin dute mezuan: erasoa ez da auzi kulturala edo erlijiosoa izan, «faxista» baizik. «Arrazakeriaren aurkako diskurtsoak lehenbiziko minututik egon dira mahai gainean», azaldu du Vehik: «Alkatearen eta Generalitatearen komunikazio guztiak izan dira islamofobiaren aurkakoak». Hala ere, agertu dira hainbat adierazpen xenofobo: Montblanceko meskitan (Tarragona) margoketak egin dituzte, eta Bartzelonan baimenik gabeko kontzentrazioa egin zuen eskuin muturrak atzo arratsaldean. «Mobilizazio gaitasun gutxiko talde txikiak» direla argitu du Rodriguezek: «Alde Zaharrean musulman asko dago. Etxeen erdiak baino gehiago turistikoak dira, eta, gainerakoetatik, ehuneko handi batean migratzaileak bizi dira. Bizilagunek ongi ezagutzen dituzte, eta txertatuta daude auzoko bizitzan; beraz, oso zaila da Ciutat Vellan diskurtso islamofoboak sustraitzea».

Errefuxiatuen aldeko Europako mugimendurik sendoenetako bat ere Bartzelonan sortua da: Casa Nostra, Casa Vostra; eta horrek ere eragingo zuen ziurrenik herritarren erreakzioan. Iaz, ehunka katalanek zapaldu zituzten Greziako iheslarien kanpalekuak. Haietako bat da Sara Montesinos: «Adiskide iheslari ugarik idatzi digute Greziatik kezkatuta, nahiz eta haiek egunero bizi izan duten hau. Bartzelonan bizi den lagun siriar batek Facebooken idatzi du: 'Nire lehengo hiria—Damasko— suntsitu zenuten, orain ez ezazue berdina egin Bartzelonarekin'. Hunkigarria da; batetik, Bartzelona bere etxetzat daukalako, baina, bestalde, ezagutzen duelako zer den hau».

Zerbitzu publikoen lana

Mossos d'Esquadra poliziak une oro informatu ditu herritarrak gertatzen ari zenaz. Erakunde publikoen jokabidea txalotu dute Vehik eta Partalek. «Suhiltzaileek, mossoek, irrati telebista publikoak... lan bikaina egin dute», azaldu du lehenak: «Euleneko langileek ere greba bertan behera utzi dute Prateko aireportuan, hegazkinak azkar hartu behar zituzten bidaiariengatik; eta taxistek jendea dohainik eraman dute. Erreakzioa ezin hobea izan da». Espainiako Gobernua, aldiz, berandu eta lekuz kanpo iritsi dela sentitzen dute elkarrizketatuek: «[Mariano] Rajoy gauerdian iritsi zen, gelaxka batean sartu zen Guardia Zibilarekin eta Espainiako Poliziarekin eta ez zen mossoekin edo Generalitatearekin elkartu», azaldu du Partalek. «Irudipena horixe da: Espainiako Estatua ez dela hemen existitzen». Vilaweb-eko zuzendariaren ustez, Cambrilsko eraso saialdiak «animoa aldatu» zion jendeari: «Alde batetik, sentitzen duzu ezin duzula ezer egin, jende horrek nahi duen lekuan jo ahalko bazintu bezala. Baina gero Cambrilskoa gertatzen da, eta gogorra izanik ere —bost lagun hil zituztelako azken finean—, gutxienez sentiarazten dizu ez zaudela babesgabe. Estatu bat dago hor, formalki ez dena baina jada existitzen dena: Katalunia. Baditu bere tresnak eta erreakzionatzeko gai den Polizia bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.