Muguruzaren azken oharrak

'Legeak hala aginduta, zin egiten dut' formula erabiltzekoak ziren HBko diputatuak 1989an. Jarrerari buruzko hiru aukera zituzten; Josu Muguruzak gaur 25 urte paper batean idatzitakoak.

enekoitz esnaola
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ondo gordeta dauka Iñigo Iruinek Josu Muguruzak justu gaur 25 urte Madrilgo Alcala hotelean HBko diputatuen kargu hartzeko uneko jarrera aukerez idatzitako orria. Hurrengo egunean ziren kargua hartu eta Espainiako Konstituzioaren zina egitekoak, eta Kongresuko idazpurua zeukan paper batean paratuzituen oharrak Muguruzak, arratsean. 1989ko azaroaren 20a zen. Haren azken oharrak izan ziren. Gauez hil zuten, hotelean, tiroz.

«HBko diputatu eta senatariok lehen aldiz ginen Kongresuan eta Senatuan kargua hartzekoak, eta garbi genuen konstituzioaren zina ezin genuela era normal batean egin, euskal herritarrontzat itun inposatu bat delako. Ahoz esateko eranskin formula bat adostuagenuen: 'legeak hala aginduta'; gazteleraz, 'por imperativo legal'», dio Iruin abokatuak, Donostiako bere bulegoan. HBrenhiru senatarietako bat zen hura; Jose Luis Elkoro eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi ziren beste biak. Lau diputatuak: Jon Idigoras, Josu Muguruza, IñakiEsnaola eta Itziar Aizpurua.

Garai hartan egunkarietan asko idatzi zen konstituzioaren zina egiteko formulez; «jurista asko aritu ziren eztabaidan prentsan, alde eta kontra», oroitzen da Iruin. «Manuel Jimenez de Parga zenak idatzitako artikulu bat aintzat hartu nuen. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna zen —geroago, Auzitegi Konstituzionaleko presidente—. Izaera kontserbadorekoa zen, baina soilik juridikoki aztertu zuen 'legeak hala aginduta' formula, eta zuzena zela zioen». Modu hari heldu zioten Iruinek eta.

Beste kontu bat zen azaroaren 21eko saioan nola defenditu formula, zer jarrera hartu. Azaroaren 20an, Madrilen prentsaurrekoa eman eta kreditazioak jaso ostean, Alcala hoteleko Basque jantokian bazkaltzen horretaz jardun zuten HBkoek. Afalaurreko bilera baterako geratu ziren. Iruin arratsaldean Carabanchelgo kartzelarajoan zen euskal presoekin egotera, eta zortziak pasatxo hotelera itzuli zenean pentsatu zuten Muguruzaren eta bien gelan biltzea izango zela onena. Batzuk zutik zirela eta besteak ohean eserita, eztabaidaren ostean Muguruzak hiru aukera idatzi zituen paper batean, ordu batzuk lehenago Kongresuan eman zioten 343 zenbakiko orrian. Hiru aukerak: «legeak hala aginduta» esanez konstituzioaren zina egin ondoren «inposizioaren» aurkako hitzaldi bat egitea; hemiziklotik kanporatuak izan arte formula errepikatzea; eta, hala zin eginda, protesta egin eta joatea.

«Hurrengo goizean ginen hautua egitekoak. Irratiek gauean zer zioten jakin nahi genuen; esaterako, Kongresuko presidente Felix Pons hitz egitekoa zen Serren. Azaroaren 21eko prentsa ere ikusi nahi genuen. Beraz, gosarirako utzi genuen erabakia. Ez genuen aukerarik izan, ordea». Afaltzen ari zirela bi lagunek tirokatu egin baitzituzten; Muguruza hil egin zuten, eta Esnaola, larri zauritu.

Bi astera, Felipe Gonzalezen presidente inbestidura saioanerabili zuten formula HBko diputatuek, abenduaren 4an: Idigorasek, Aizpuruak eta Angel Alcaldek—hark hartu zuen Muguruzaren tokia—; Esnaola osatzen ari zen. Ikusmin handia zegoen Madrilen. Euskal Herritik Barajasera hegazkinez joan ostean, Kongresu parera bi taxitan heldu ziren HBkoak. Goizeko hamaiketan zen saioaren hasiera. Ponsek deituta, Aizpuruak: «Legeak hala aginduta, zin egiten dut». Berdin haren bi kideek. Ponsen ezezkoa berehala; hots, araudiko formula erabili ez zutenez, ezin zutela diputatu kargua hartu. «Hemizikloa uzteko eskatzen dizuet, arren». Utzi zuten. Prentsaurrekoan Idigorasek aurreratu zuen Konstituzionalerajoko zutela. «Legeak babesten gaitu, eta Kongresuko presidenteak ez dauka arrazoirik». Gobernuari «eztabaida politikoa» eragoztea egotzi zion. «Itzuliko gara».

Arrazoia babes helegiteari

HBko defentsak 1990eko otsailaren 27an aurkeztu zuen babes helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, Iruin zela abokatu. Zenbait argudio: diputatu kargua hartzeko baldintza konstituzioari men egitea dela eta ez zin egiteko modua; zinaren baldintza hori Kongresuko araudiak jarritakoa zela, baina ez datorrela konstituzioan; zin egiteko moduak juridikoki baliorik ez zuela eta ezin zela zigorrik ezarri; 1987ko eta 1989ko uztailean estatuko europarlamentari batzuen zin egiteko era desberdinak onartu egin zituela Espainiako Hauteskunde Batzordeak; HBko diputatuak kargurikgabe uztea Nazioarteko Giza Eskubideen Adierazpenaren eta Eskubide Zibil eta Politikoen Itunaren aurkakoa zela; eta HBko diputatuen aurkako pentsamenduaren jazarpen bat zela neurria.

Auzi politikoengatik Iruinekbigarren aldia zuen Konstituzionalera jo zuena. Jose Felix Azurmendi Egin-eko zuzendariaren (1980-1987) kontrako zigor batzela-eta jo zuen aurrenekoz, Iñaki Esnaola abokatuarekin batera. Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela ezarri zion Azurmendiri 1982ko abenduan, egunkarian ETA militarraren bi agiri argitaratuta «terrorismoaren apologia» egitea leporatuta. Gorenak berretsi egin zuen zigorra. 1986ko abenduan Konstituzionalak baliogabe utzi zuen kondena, helegitearibabesa eman eta Azurmendiriinformatzeko eskubidea aitortuta.

HBko diputatuen aurka Kongresuak hartutako neurriaren auzian ere Konstituzionalak arrazoia eman zion Iruini, 1990eko ekainaren 21ean ateratako sententzian. Baleko jo zuen zin egiteko erabilitako formula, eta idatzi zuen HBkoek beste diputatuen berdintasun baldintza berberetan aritzeko eskubidea zutela. Francisco Tomas y Valiente zen orduan Konstituzionaleko presidentea —ETAk 1996an hil egin zuen—. Idigorasek 1990eko irailaren 11n egin zuen Kongresuan lehenengo hitzaldia;gogoan izan zuen Muguruza.

HBko senatariek 1990eko urriaren 2an egin zuten zina, formula bera erabiliz, baina Juan Jose Laborda Senatuko presidenteak kanporatu egin zituen. Iruinek helegitea sartu zuen Konstituzionalean, eta auzitegiak arrazoia eman zion 1991ko apirilaren 8an.

Geroztik, beste talde batzuetako hainbat diputatuk erabili dute 'legeak hala aginduta' formula; galiziar, katalan eta euskal abertzaleez gain —CiUkoek ez—, ICV eta IUkoek, azkenek «konbikzio errepublikanoei uko egin gabe» erantsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.