Ahozko epaiketa hasiko dute 'De Miguel auziko' 26 inputatuen aurka

Inputatu gehienek aurkeztutako helegiteak atzera bota ditu Arabako Auzitegiak.Ustezko ustelkeria kasuan EAJko buruzagi ohiak daude

Alfredo de Miguel EAJko buru ohia Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Arabako Probintzia AuzitegiakDe Miguel auzian inputatuta dauden 26 lagunak epaitzeko bidea hasi du. Ia inputatu guztiek aurkeztutako helegiteak atzera bota ditu auzitegiak, eta, hartara, 26 inputatuek akusatuen aulkian eseri beharko dute. Akusazioek idatziak aurkezteko epea zabalduko da orain, eta ondoren, ahozko epaiketaren eguna jarriko da.

De Miguel auzia deritzon sumarioan, 26 lagun daude inputatuta; besteak beste, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikatzea egotzita. Horietako gehienak Arabako EAJko kargudun ohiak dira, eta horien artean daude Alfredo de Miguel Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia, Koldo Otxandiano Arabako burukide eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa, Gurutz Larrañaga Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohia eta Alfonso Arriola eta Juan Sanchez Alegria EAEko teknologia parke sareko buruzagi ohiak.

Defentsa eskubidearen «urraketa» eta «babesgabetasuna» argudiatuta aurkeztu zituzten helegiteak 26 inputatuetako 23k, baina Arabako Auzitegiak ez du bat bera ere aintzat hartu. Nabarmendu duenez, Roberto Ramos instrukzio epaileak joan den martxoan kaleratutako 183 orriko autoak «zantzu eta ikerketa lerroen zerrenda xehea» jaso zuen, eta, beraz, «nahiko oinarri» zegoen 26 lagunak inputatzeko. Horrez gain, epailearen ikerketaren eta legebiltzarreko ikerketa batzordearen txostenaren arteko «parekotasunik» egotea baztertu du auzitegiak, eta prozedura «berme» guztiekin egin dela esan.

Legez kanpoko komisioak

Ramos epaileak joan den martxoaren 9an amaitu zuen De Miguel auziaren instrukzio fasea. Bertan, Alfredo de Miguel EAJko burukide ohia legez kanpoko komisioak kobratzeaz arduratzen zen elkarte sare baten arduraduna zela ondorioztatu zuen epaileak, bai eta sare hori egiteko «erantzukizun politikoak edota instituzionalak» zituzten hainbat pertsonaren laguntza izan zuela ere. Halaber, frogatutzat jo zuen sare horren helburua zela EAJren esku zeuden erakunde publikoetan legez kanpoko kontratuak eta adjudikazio publikoak lortzea. Sare horretako kide zirelakoan inputatu zituen beste 25 lagunak; ia denak Arabako EAJko burukide ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.