Bazterreko ziegan (IV). Justizia

Begirada estuagoak epaituta

Antigona ikerketa taldean, beste hainbat gairen artean, justizia sistema ikertzen dute generoaren ikuspegitik. Argi dute: usu zorrotzago ezartzen zaie andrazkoei.

arantxa iraola
2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Neutroa». Halakoxea da, teorian, justizia: denentzat berdina. Antigona ikerketa taldean diharduten ikertzaileak saiatzen dira, ordea, justizia sistema —eta beste hainbat alor— genero ikuspegitik aztertzen. Noelia Igareda Gonzalez (1973, Santander, Espainia) zuzenbidearen filosofian aditua da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea, eta ikerketa taldeko kidea; haren hitzak aski argigarriak dira ikusteko justiziaren «neutraltasunak» badituela arrakalak: zinetan sakonak. «Zenbaitetan, esaten da andrazko preso gutxiago daudela delitu gutxiago egiten dituztelako andreek, eta justizia onberagoa delako, gainera, beraiekin», azaldu du. Zigor zuzenbidearen uztarripera heltzen diren andrazkoen errealitatea oso zaila izaten dela dio, ordea: «Andre presoei, nolabait ere, egozten zaie generoak ezartzen dizkien rol guztiak apurtzea; anomalia bat dira zigor sisteman, eta esan daiteke gordinago epaitzen dituztela horregatik... Izan ere, delitu bat egiteko kapaza den andrea emakumeak izan behar omen duen horren guztiaren aurkakotzat hartzen da: utzi egin dio emazte eta ama on bat izateari. Hori ofentsa handiagotzat hartzen da».

Hori erakusten duten datuak badirela esan du.Emazteei ez zaizkie, berez, zigor handiagoak jartzen.«Baina, batez beste, andrazkoek askatasunik gabe bete behar izaten dituzten zigorrak luzeagoak dira gizonezkoenak baino», deitoratu du. Droga trafikoa da andreen artean deliturik ohikoena, eta horregatik jarri ohi diren zigorren gogortasuna — sei urte arterainoko espetxealdiak ezar daitezke— gaitzetsi izan dute usu, esaterako, zuzenbidearen arloko hainbat adituk. Andreek kartzelan sartu aurretik sarri izaten dituzten egoera zail eta bazterrekoek ere —Espainiako kartzeletako azkendatuak argiak dira: andre presoen %28etorkinak dira— eragina dute egoeran. Bazterretik heltzen dira asko bazterreko ziegara.

Kartzela barruko funtzionamenduak ere ez duela laguntzen uste du Igareda Gonzalezek. «Berez, kartzelan ere arauak berdin-berdinak dira andre eta gizon presoentzat; aldaketa txikitxo batzuk besterik ez daude, amatasunarekin lotutakoak. Besterik ez». Errealitatean, ordea, presondegian sartzearekin batera jasan ohi duten bazterkeria emakume presoentzat eragozpen handia izaten dela azaldu du. «Andreentzat zailagoa izaten da kondena osoan zehar kanpoan itxarongo dituen norbait izatea. Baimenak-eta ematea egokia den baloratzeko orduan, aintzat hartzen da zein den andreek kanpoan duten egoera, eta traba izan ohi da askotan». Kartzela barruan emakumeei zigor gehiago ere jartzen zaizkiela salatu du: «Hainbat ikerketak agerian utzi dute: proportzioan, espetxean usuago jotzen da andreak zigortzera».

Igareda Gonzalezek argi eta garbi du horren atzean «genero interpretazio bat» dagoela. «Gizon presoek borroka edo liskar bat badute, adibidez, aintzat hartzen da espetxeko egoera ez dela erraza, askotan etsituta sentitzen direla... Nolabait ere, zuritu egiten dira horrelako portaerak. Andreen kasuan, ez: andre batek beste bati eraso egiten badio, tximetatik heltzen badio, aberraziotzat hartzen da automatikoki jokamolde hori;gogor zigortzen da». Baimen eta erregimen irekiak lortze aldera ere, hori askotan eragozpen izaten dela esplikatu du.

Aurreiritziz josita

Kataluniako espetxeetako funtzionarioen trebakuntzan lan egina da Igareda Gonzalez, genero gaiak jorratzen, eta zenbaitetan kezkaz jaso du haien hitzen gordina; aurreiritziz jositako ideiak entzun dituela azaldu du. «Gehienek esaten dizute —bai andreek, bai gizonek— toka dakizukeen lanik txarrena dela andrazkoen moduluan egotea». Generoen inguruko aurreiritzien zamarik gabe ulertu ezin den errealitatea da. «Emakumeak, gaiztoak direnean, sibilaren parekoak direla diote: oso-oso gaiztoak, arriskutsuagoak, eta gatazkatsuagoak. Esaten dute psikologikoki askoz ere gogorrago dihardutela funtzionarioen kontra». Ikuspegi horretan ikusten du, hain justu, andreek jasaten dituzten zigor ugarien zioa. «Izan ere, haien arabera, andre preso ona otzana da, oldartzen ez dena». Presondegien antolaketa bera arazo dela dio. «Gizonak banatuta egoten dira, hainbat modulutan, bakoitzari dagokion lekuan. Emakumezkoak ez;denak batera daude; ahal den tokian».

Eta amatasuna: bat dator Igareda Gonzalez, presente dago gaia ia beti umeak dituzten emakume presoen artean. «Nik kartzelan ezagutu ditut andreak biologikoki ama izan direnak, baina ezin izan dutenak inoiz amaren rolean jardun; hala ere, etengabeko mantra bat da beraien buruan ama onak bihurtu behar dutela, ama apartak. Gizonen kasuan, ordea, horri ez zaio horrenbeste erreparatzen; are gehiago, baimenak-eta emateko orduan ez da kontuan hartzen gizon horiek umeak dituzten. Andreen kasuan, bai: 'Zure seme-alaben kargu egiteko gai izango zara?', galdetzen diete. 'Lanik izango duzu?'. Benetako tortura da hori andre askorentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.