50 iheslaritik gora hil dira Yemenen, trafikatzaileek itsasora botata

Azken 48 orduetako bi erasoetan zendutako gehienak Etiopia eta Somaliako migratzaile adingabeak dira. Hainbat dozena desagertuta daude. IOM:«Moralik gabea da trafikatzaileen jarrera»

50 iheslaritik gora hil dira Yemenen, trafikatzaileek itsasora botata.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Pertsona trafikatzaile batzuei diru kopuru bat ordaindu eta gero, Etiopia eta Somaliako 120 bat errefuxiatu, adingabeak gehienak, ontzi batera igo ziren herenegun. Yemenera iristea zuten helburu, baina hango Xebua eskualdeko kostaldea zaintzen dutenek ikusi zituztela konturatuta, trafikatzaileek migratzaileak behartu zituzten beren buruak Adengo golkoko uretara botatzera. Eraso bera errepikatu zen atzo goizean. 180 zihoazen ontzian, eta ikusi egin zituzten. Berriro itsasora jauzi egin behar, eta, sasoi honetan, haizearen eraginez, arriskutsuak dira Indiako ozeanoko urak. IOM Migrazioen Munduko Erakundeak eman du gertatutakoaren berri, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horren arabera, gutxienez 50 dira hildakoak, eta dozenaka, desagertutakoak. «Moralik gabea da trafikatzaileen jarrera», salatu du William Lacy Swing agentziako zuzendariak.

IOMek dioenez, urte hasieratik Afrikako Adarreko (Etiopia, Somalia, Eritrea eta Djibuti) 55.000 bat migratzailek heldu nahi izan dute Yemenera. Hara ailega daitezke Itsaso Gorritik zein Adengo golkoko uretatik, eta distantziak ez dira handiegiak: 120 bat kilometro, gehienez. Trafikatzaileek egiten dituzte lekualdatzeak. «Zenbat merezi du nerabe baten bizitzak? 100 bat dolar Ekialde Hurbileko herrialdeetara egiten den zeharkaldian?», adierazi du Swingek. IOMeko ordezkariek jakinarazi dute ontzietan zihoazenen batez besteko adina 16 urte zela.

Bizirik iraun ahal izan zutenek ahal bezala lur eman zieten trafikatzaileen erasoetan zendutako batzuei. Denek zuten helburu jaioterriak atzean utzi eta, Yemenetik igarota, Ekialde Hurbileko herrialde aberatsenetara iristea; hau da, Qatar, Saudi Arabia, Kuwait edo Arabiar Emirerri Batura.

Izan ere, egoera lazgarria da Somalian eta Etiopian. NBEk dio aurrenekoan gosete arriskua dagoela, eta 6,7 milioi pertsona laguntza humanitario beharrean daudela; herrialdearen beraren barruan, gainera, 760.000 desplazatu daude. Goseteari dagokionez, Etiopia ez dago mutur-muturreko egoeran, baina, NBEren esanetan, gutxienez 8,5 bat milioi etiopiarrek dute elikagai premia gorria.

Yemen ere egoera lazgarrian

Halere, Etiopia eta Somaliakoa bezain ikaragarria da Yemen Ekialde Hurbileko herrialde pobreenak duen egoera. Hasteko, duela hiru urtetik gerran daude xiismoaren adar zaiditan oinarritutako islamismoa ideologiatzat duten milizia Huthiak eta gobernua. Aspaldi, orain dozena bat urte matxinatu ziren miliziak gobernuaren aurka, eta administrazioak Saudi Arabiaren babesa dauka 2015eko martxotik. Huthien aurkako borrokan Saudi Arabiak gidatzen du hamar estatuk osatutako koalizio bat, Riadek pentsatzen baitu Huthiak Iranen tresna bat direla.

Gerra eremu horretan kontuan hartu behar da, gainera, EI Estatu Islamikoaren rola, gatazka piztu zenetik beste bi aldeen kontrako atentatuak egin baititu. MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak eman ditu horrek guztiak eragindako kalteei buruzko datuak: 10.000 bat hildako, artatutakoak 60.000 inguru, desplazatutakoak hiru milioitik gora, eta eta hemeretzi milioi pertsona laguntza humanitario beharrean. Eta azpiegitura gabeziak kolera izurritea ekarri du. OME Osasunaren Mundu Erakundeak dio ia 2.000 pertsona hil direla horregatik, eta beste 400.000 bat kutsatuta daudela, gaixotasuna herrialde ia-ia guztira hedatu baita.

Italia eta GKEak

Errefuxiatuek Afrikatik ihes egiteko erabiltzen duten bideetako bat da Adengo golkokoa. Saharaz hegoaldeko etorkin afrikar asko, baina, Libiatik Italiara heltzen saiatzen dira. Italiako Barne Ministerioaren esanetan, Libian 800.000 bat iheslari daude Mediterraneoa gurutzatzeko prest. Aurten, lehen sei hilabeteetan, handik abiatutako 2.000 pertsona ito dira Europara iristeko ahaleginean.

Eta Libiak migratzaileen ahalegina zaildu nahi du. Izan ere, itsas armadak atzo jakinarazi zuen baimenik gabeko atzerriko ontziei Libiako uretan sartzea debekatuko zaiela. Hain zuzen, ur horietan ibiltzen dira GKE gobernuz kanpoko erakundeen ontziak errefuxiatuak erreskatatzen.

Neurri horri duela pare bat aste Italiako Barne Ministerioak onartutako dokumentua gehitu behar zaio. Horrek ezarri du, EB Europako Batasunaren oniritziarekin, zein jokabide eduki beharra daukaten GKEek Siziliako kanalean—hamabostek jarduten dute bertan, eta Italiako portuetara aurten heldutako etorkinen %40 GKEetako kideen eskutik heldu dira—, Libia parean, iheslariak erreskatatzean. 2018an sartuko da indarrean, eta Erromak ohartarazi du dokumentua sinatzen ez dutenek ezin izango dutela migratzailerik erreskatatu. MSFk ez du onartu, dokumentuko puntuetako bat onartezina iruditzen zaiolako: armatutako poliziei ontzira igotzen uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.