Udalbiltzak aurten 24 proiektu bultzatuko ditu Pirinioak biziberritzeko

Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren deialdia mugaren bi aldeetako 108 herritara hedatuko da aurten.Otsailaren 16ra arteko epea dago

Udalbiltzak atzo emandako prentsaurrekoa. SYLVAIN SENCRISTO.
Joanes Etxebarria.
Bidarrai
2015eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Iazko arrakastaren ostean, Euskal Pirinioetan lan eta bizi egitasmoak bigarren deialdia egingo du aurten. Aurrekoaren ildotik jarraituko du: iaz 103 herri zeuden, eta aurten, berriz, 128 herritara hedatu dute egitasmoa. Epaimahaiak 24 xede hautatuko ditu, horietatik lau mugaz gaindikoak. Atzoko aurkezpenean, Jean-Michel Galant Azkarateko (Nafarroa Beherea) auzapezak zehaztu zuen «hunkitzen den eskualdea ekonomikoki ahula» dela. Haren esanetan, nahiz eta gisako beste sos laguntzak badiren, «instituzioek baldintza batzuk galdetzen dituzte diru laguntzak emateko, eta gerta daiteke xedea baldintza horietan ez sartzea, txikiegia delako edo helburua ez delako betetzen». Hautetsiari iduri zaio «errazago dela programa honen bidez beste gisara agertuko ez liratekeen xedeen hunkitzea».

Udalbiltzak Gaindegiarekin batera Pirinioetan egindako azterketa bat ukan zuen abiapuntu. Mertxe Aizpurua Arzallus Udalbiltzako lehendakariak dioenez, «Euskal Herriko lurralde behartsuenetakoa» bilatzeko «hainbat aldagai ekonomiko eta soziologiko kontuan hartu» ziren. 2014an egin zuen lehen deialdia, eta arrakasta kausitu zuen: 66 xede aurkeztu ziren, eta horietatik hemeretzi diruz lagundu ziren, 6.000 euroko laguntzekin. Aurten, herri gehiagotan egin da deialdia, betiere Pirinio inguruetan.

Programaren barnean diru laguntzak banatzen dira batetik, eta handiak ez badira ere, xede txikientzat garrantzitsuak izan daitezke. Bestetik, laguntza teknikoa ere ekartzen zaie, Udalbiltzak hitzarmen bat izenpetu baitu Lan Berri elkartearekin, Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin eta Nafarroako Cederna-Garalurreko teknikariekin. Gisa horretan, iaz lagundu ziren hemeretzi xedeei, laguntzez gain, fondoak tutore bana eman zien xedearen garapena segitzeko eta laguntzeko.

«Batzuk badira euskarari lotzen diren egitasmoak; beste batzuk xede partikularrak dira, baina azken finean denon onurarako den zerbait da», Mertxe Aizpuruaren ustez. Hautatzen diren xede guztiek badute ezaugarri komun bat, Udalbiltzako lehendakariaren erranetan: tokiko garapena sustatuta, «Euskal Herriaren garapena ere sustatzen da».

Bidarrai eremu berrian

2014ko deialdiak kausitu duen arrakastaz baliatuz, aurtengo deialdiak eremu zabalagoa hartuko du kontuan, eta herri gehiagotan aurkezten ahalko dira laguntza jasotzen ahalko duten xedeak. Eremu berri horretan sartzen da Bidarrai (Nafarroa Beherea), hain zuzen, deialdia aurkezteko hautatua izan den herria. Programaren barnean, baina, bide desberdinetik lagundua izanen da herria bera, 15.000 euroko mailegua emanen zaiolako hiru urtez gibel itzulia izateko.

Jean-Michel Antxordoki Bidarraiko auzapezak dei egin zion Udalbiltzari: «Ez genuen ulertzen zergatik ez ginen perimetroan sartzen». Eremu berrian, Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 25 herri gehiago izanen dira. Xedeak otsailaren 16ra arte aurkezten ahalko dira, eta ondotik epaimahai batek deliberatuko du laguntzak noren artean banatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.