Fiskaltzak 64 urteko kartzela zigorra eskatu du Aristrain enpresariarentzat

1.190 milioi euroko isuna eskatu dio fiskaltzak Madrilgo epaileari, zerga iruzurragatik. 211 milioi euroko iruzurra egin zuen 2005etik 2009ra

Jose Maria Aristrain enpresaburu gipuzkoarra, artxiboko irudi batean. EFE.
Jon Fernandez.
2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Lau urtean, 2005etik 2009ra bitartean, 211 milioi euroko iruzurra egin zion Jose Maria Aristrain enpresaburu gipuzkoarrak Espainiako Ogasunari, Madrilgo Fiskaltzaren arabera. Hori dela eta, fiskaltzak 64 urteko kartzela zigorra eta 1.190 milioi euroko isuna eskatu dio Aristrainentzat Pozuelo de Alarcongo (Madril) epaileari. Isunaz eta kartzela zigorraz gain, 211 milioi euro bueltatzeko ere eskatu du fiskaltzak, balizko hamabost zerga delituen erantzukizun zibilagatik.

Altzairugintzari esker egindako fortuna baten jabe da Aristrain (Olaberria, 1963), ArcelorMittaleko %2ren jabea, eta Forbes aldizkariko multimilionarioen zerrendan dago. Bada, Espainiako Ogasun Ministerioaren arabera, 1998an Corporacion JMAC sozietatea sortu zuen Herbehereetan, herrialde hartako legedi onuragarriaz «modu itxuratian eta abusuzkoan» aprobetxatzeko. Izan ere, Herbehereek tratu fiskal mesedegarria eskaintzen diete partizipazioak han dituzten enpresei.

Gainera, estrategia hori bera beste hainbat herrialdetan ere erabili zuen Aristrainek, fiskaltzaren peskizen arabera. Besteak beste, Luxenburgon, eta han lortutako mozkinen zati bat Espainiara eroan zuen gero. Birjina Uharteetako eta Maltako paradisu fiskaletara ere bideratu zuen dirua.

Hala, sozietate egituren bidez, Aristrainek Arcelor SAtik, ArcelorMittal SAtik eta ArcelorMittal Steeletik jasotako dibidenduen gaineko zergak ere ez zituen pagatu 2005etik 2008ra bitarteko urteetan; ezta 2008an ArcelorMittaleko akzioen salmentagatik lortutako gainbalioagatik ordaindu beharreko zergak ere. 2008an, zehazki, 100 milioi euro inguru gutxiago ordaindu zizkion ogasunari sozietate zergagatik, fiskaltzak dioenez.

Hori gutxi ez balitz bezala, Maltan egoitza zeukan sozietate baten bidez, «funtsak desbideratzen zituen Suitzako txaleteko jabetza eta mantenu gastuak ordaintzeko». Harago doa fiskaltzaren agiria, esanez, Aristrainek Suitzan bizi zenaren itxura egiten zuela, txaletaren, yatearen eta luxuzko auto bildumaren egoitza herrialde alpinoan ezarriz.

Olaberritik Suitzara

Gipuzkoako enpresaburuak 2005ean egin zuen egoitza fiskala Suitzara aldatzeko «itxura», eta horrek zazpi milioi euroko kaltea eragin zion Espainiako Ogasunari PFEZ pertsona fisikoen gaineko errentaren zergari dagokionez, eta beste 2,7 milioi euroko kaltea ondasun zergari dagokionez. Bi urte geroago, 2007. urtean, eraiki zuen txaleta Suitzan, herrialdeko txaletik garestiena, 73 milioi euro inguruko balioarekin, Suitzako hedabideen arabera.

Aitak altzairuaren inguruan eraikitako inperiotik jaso zuen aberastasuna Aristrainek. Jose Maria Aristrain Noain zen aita, eta 1955ean J.M. Aristrain SA altzairutegia sortu zuen Olaberrian (Gipuzkoa), gaur egun ArcelorMittalek bertan daukan lantegiaren ernamuina. Espainian eta Katalunian hedatu zuen negozioa, baina helikoptero istripu batean hil zen 1986an. Aristrain semeak hartu zuen bere gain negozioa orduan, 23 urterekin.

1990eko hamarkada amaieran Aristrainek Aceralia Espainiako konpainiari saldu zizkion bere altzairutegi guztiak, eta konpainiaren akzioen %11 geratu ziren bere esku. Aceraliari Usinor eta Arbed altzairugileak batu zitzaizkien gero, eta Arcelor sortu zen orduan. Aristrain Arcelorren akziodun pribatu nagusia zen, jabetzaren %3arekin. Eta Mittal indiarrak Arcelor bereganatu ostean, Aristrainek munduko altzairugile nagusiaren akzioen %2 dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.