Hil egin da Orozkoko lan istripuan larri zauritutako bigarren behargina ere

Arriberriko harrobian joan den astean makina batek harrapatutako bigarren beharginak ere ezin izan ditu zauri larriak gainditu

Maiatzaren 29ko istripuak zauritutako langileetako bat helikopteroz eraman zuten erietxera. BIZKAIKO SUHILTZAILEAK.
xabier martin
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Joan den asteartean Orozkoko (Bizkaia) Arriberriko harrobian izandako lan istripu hilgarriak biktima bi eragin ditu azkenean. Istripuaren egunean bertan makina handi batek harrapatutako bi beharginetako bat hil zen, ospitalean; 54 urte zituen. Bigarrena ere Gurutzetako erietxera eraman zuten, baina oso zauri larriekin. LAB sindikatuak atzo jakinarazi zuenez, bizirik jarraitzen zuen bigarren langilea hil egin da zaurien ondorioei aurre egin ezinik. 47 urte zituen, eta, aurreko astean hildako lankidea bezala, Arcanor enpresarentzat aritzen zen.

Sindikatuek bi orduko lanuztera deitu dute Orozkon, ekainaren 12rako (12:00etatik 14:00etara); manifestazio bat ere egingo dute (12:30ean) «lan istripuak eragiten dituen prekaritatearen aurka». Orozkoko Udalak doluminak helarazi dizkie hildakoen senitartekoei, eta bat egin du ekainaren 12rako deitutako lanuztearekin.

LABen arabera, azken heriotza horrekin 23 dira Hego Euskal Herrian hildako langileak; «salatu behar dugu heriotza guztiek aldagai komun bat dutela oinarri: prekaritatea». Sindikatu abertzaleak esan du lan istripuak ez direla «kasualitate kontua», enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta benetako prebentzio faltaren «ondorio zuzena»baizik.

Prekaritateari begira

Krisiaren gordinean behera egin zuten lan istripu hilgarriak, baina, jarduera industriala bizkortzearekin batera, gora egin dute berriro. 2013an jadanik 52 behargin hil ziren lanean; lau urte geroago, 2017an alegia, 53 izan ziren, baina 2014an 40tik beherakoa izan zen kopurua: 39. XXI. mendeko minimoa markatu zuen horrek. 2002an, berriz, beharrean hildako 144 pertsona egon ziren. Sindikatuek ukatu egiten dute jarduera ekonomikoa handitzeak ekarri duela lan istripuen gorakada. «Prekaritatea handitu da, eta lan osasuna okertu»; hori da sindikatu nagusien tesia.

Eta tesi horri jarraikiz, ardurei buruz ere aho bilorik gabe aritzen dira, lan istripuek «erantzule zuzenak» dituztela garbi esanda: «Alde batetik, patronala dago; irabazi ekonomikoak lehenesten ditu, langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik». Administrazioa ere aipatu du LAB sindikatuak: «Bestetik, administrazioa egoera horren konplize bilakatu da. Prebentzioa egiten dutela esan bai, baina beren politikek lan baldintzak hondatzea eragiten dute. Argi dago prekaritateari ez diotela aurre egin nahi. Prekaritatea handitzen ari da, eta lan baldintzak ez dira hobetzen ari, kaskartzen baizik».

Hego Euskal Herrian 105.374 lan istripu egon ziren 2017an; lanaldietako bost minututik behin bat gertatzen da, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.