Kroaziak eta Serbiak ez zutela genozidiorik egin ebatzi du Hagak

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez ditu onartu Jugoslavia izaniko bi errepublikek elkarri egindako salaketak.Bi herrialdeek epaia errespetatuko dutela hitz eman dute, nahiz eta ados ez izan

Kroaziak eta Serbiak ez zutela genozidiorik egin ebatzi du Hagak.
mikel rodriguez
2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Inori arrazoia eman gabe. Nazioarteko Justizia Auzitegiak horrela ebatzi dituKroaziak eta Serbiak elkarren aurka paratutako salaketak. Bi aldeek genozidioa egitea leporatu zioten elkarri, 1991-1995 arteko gerran kroaziar eta serbiar etniako herritarren aurka egindako hainbat sarraski eta bertzelako ekintzengatik. Auzitegiak garbiketa etnikoaren eta genozidioaren arteko bereizketa egin du epaian. «Garbiketa etnikoa ez da bere hartan genozidio bat», adierazi du Peter Tomka auzitegiko presidenteak. «Garbiketa etnikoko ekintzak genozidio plan baten parte izan litezke, baina jomugatzat paratutako taldea fisikoki deuseztatzeko helburua badago bakarrik». Nahiz eta erran ez daudela ados, bi aldeek adierazi dute epaia errespetatuko dutela. Izan ere, duela bi hamarkadatako auzi horiek eragin handia dute Kroaziaren eta Serbiaren gaur egungo harremanetan.

Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ustez, ez da frogatu bi akusatuek gutxiengo etniko bat fisikoki desagerrarazi nahi zutenik, nahiz eta jazarpena frogatutzat eman duen —gerra krimentzat jo du—. «Ez gaude pozik, ez delako ebatzi gertatutakoa genozidioa izan zela», adierazi du Ivo Josipovic Kroaziako presidenteak. Nazioarteko Zigor Auzitegiak 1992ko apirilaren 27tik aitzinera gertatutakoa ikertu du, eta, Josipovicen arabera, kroaziarren aurkako eraso larrienak lehenago gertatu ziren. Kroaziak bere salaketan dio Jugoslaviak egindako erasoaren ondorioz 20.000 herritar hil eta 3.000 desagertu zirela. Bi urtean, Kroazia barnean serbiarren indarrek eratutako Krajina errepublikan kroaziarrak %35 izatetik soilik %7 izatera igaro ziren.

Kroaziak Serbiako mugako Vukovar hirian gertatutakoagatik paratu zuen salaketa nagusia. Jugoslaviako armadak hiri hori 87 egunez setiatu zuen 1991n, eta 1.700 lagun inguru hil ziren. «Serbiari Vukovarren ezin zaio genozidioa egotzi, estatu gisa existitzen ez zelako», adierazi du Tomka epaileak. Kroaziak 1999an paratu zuen genozidio salaketa Jugoslaviaren aurka. 2006tik, Serbiak dauka Jugoslaviako Estatuaren oinordekotza. Kroaziak salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian paratu zuen; estatuen arteko auziak ikertu eta ebazten ditu auzitegi horrek. Jugoslaviako gerretan norbanakoen aurka egindako salaketak Hagan dagoen bertze auzitegi berezi batek epaitzen ditu.

«Estereotipoak»

Kroaziaren salaketari, bertze salaketa batekin erantzun zion Serbiak. Kroaziako armadak 1995eko abuztuan egindako Ekaitza operazioan oinarritu zuen. Hiru eguneko erasoaldian, Krajinako errepublika hartu eta desegitea lortu zuen Kroaziak. 200.000 serbiar inguruk ihes egin zuten, eta, Belgradek dioenez, milatik goiti zibil hil zituzten. Tomislav Nikolic Serbiako presidentearen ustez «injustizia bat» izan da genozidioa ez onartzea, baina uste du epaiarekin «zuzendu» direla «nazioarteak Serbiarekiko dauzkan estereotipoak, Kroaziak krimen masiboak egin zituela berretsi» delako. Azken urteotan harremanak hobetu dituzte bi herrialdeek, baina gerraren inguruko auzi gehienak irekiak dituzte (desagertuak, errefuxiatuak, krimenengatik akusatutako norbanakoak) eta eztabaidek krisi diplomatikoak pizten dituzte sarri. EB Europako Batasunean sartzeko bidea urratu nahian ari da Serbia, eta Kroaziaren baimena beharrezkoa du EBko kide izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.