Sarean terrorismoa goratu dutelakoan, gutxienez 12 lagun atxilotu dituzte

Guardia Zibilak atxilotu ditu.Deklaratu, eta aske geratu dira, karguekin.Abokatuek salatu dute defentsarako eskubidea urratu zaiela

Euskal Herriaz gain, Espainian eta Herrialde Katalanetan ere izan ziren atxiloketak. Irudian, Madrilgo bat. EFE.
gurutze izagirre intxauspe
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak hamabi pertsona atxilotu zituen atzo Euskal Herrian, «sarean terrorismoa goratzea» leporatuta. Berri agentziek Barne Ministerioaren iturriak aipatuz jakinarazi zutenez, hamabi izan ziren atxilotuak, baina gehiago izan zitezkeela ere ez zuten baztertzen. Ane Ituño, Eukene Jauregi eta Aiert Larrarte abokatuek lege laguntza eman zieten atzo goizean atxilotutako bederatziei. Jakinarazi zutenez, atxiloturiko bederatzi horiek uko egin zioten deklaratzeari, eta karguekin aske geratu ziren.

Guztira hemeretzi pertsona atxilotu zituzten atzo, akusazio berarekin. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1.Epaitegiak agindu zituen atxiloketak, eta iaz egindako armiarma operazioaren soka berean kokatu zituzten. Iaz traza bereko beste bi operazio egin zituzten, eta guztira 56 pertsona atxilotu dituzte jada.

Besteak beste, «guardia zibilen edota ertzainen hilketak goratzea», alkateen kontra atentatuak egiteko «desioa» edota «terrorismoaren biktimei iseka egitea» leporatzen diete.

Ane Ituño abokatuak BERRIAri azaldu zionez, Bizkaian atxilotutako bost laguni eman zion lege laguntza. «Terrorismoa goratzeagatik atxilotu dituztela esan digute, baina horiek sarean edo non egin dituzten ez dakigu, ez dakigu txioak egin dituztelako den...». Zehaztasunik gabe, defentsarako eskubidea ez zela bete nabarmendu zuen. «Europatik zuzentarauak iristen ari dira abokatuok gure bezeroaren defentsa aktiboa egin behar dugula eskatuz. Horretarako, jakin behar dugu zer den zehazki egotzitakoa, aurretiazko elkarrizketak edukitzeko eskubidea daukagu...».

Eskubide guztiak urratuta geratu zen atzo, bai Ituñok lege laguntza eman zien bosten kasuan, bai Jauregik Gasteizen laguntza eman zien biren kasuan, bai Larrartek Donostian laguntza emandako beste birenean ere. Hirurek eskatu zuten atestatuak ikusi ahal izatea, atxilotuei egozten zitzaiena jakiteko. Baina polizia etxeetan ez zituzten aintzat hartu eskaerak. Kexa formala egin zuten atxilotuei defentsarako eskubidea urratzeagatik eta abokatuei defentsa lana egiteko eskubidea urratzeagatik.

Atxiloketak goiz goizetik

Kaiet Prieto 06:30ean atxilotu zuten, Barakaldon. Bilboko La Salveko polizia etxera eraman zuten, eta berak deitu zuen etxera atxilotuta zutela jakinarazteko. Bizkaian atxilotutako beste lau honakoak dira: Andeka Jurado, Alfredo Ramirez, Xabier Arruza eta Xabier Otero. Baina berri agentzien arabera, beste lau atxilotu ere baziren Bizkaian.

Jon Egurzegi Gasteizen atxilotu zuten, beste lagun batekin batera.

Gipuzkoan Iker Ibarluzea atxilotu zuten, Ibarran. Bazkaltzera ez zetorrela ikusirik, Ertzantzara jo zuten senideek; haiek jakinarazi zieten Ibarluzea atxilotuta zegoela, Tolosaldeko Ataria-k jakitera eman zuenez. Intxaurrondon izan zuten, eta, deklaratu ostean, aske utzi zuten. Beste hiru lagun ere atxilotu zituzten Gipuzkoan, berri agentzien arabera.

Euskal Herrian egindako atxiloketez gain, beste hainbat izan ziren Herrialde Katalanetan eta Espainian. Bartzelonan hiru pertsona atxilotu zituzten, Valentzian bat, beste bana Segovian eta Pontevedran eta beste bi Madrilen. Berri agentziek jakitera eman zutenez, Madrilen atxilotu zutenetako bat Cesar Strawberry zen, Def con Dos musika taldeko abeslaria. Gutxienez beste pertsona bat ere atxilotu zuten. Diligentziak amaitu ostean, epailearen esku egongo da auziarekin aurrera egitea edo artxibatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.