OCDEren arabera, krisia hasi zenean baino 10 milioi langabe gehiago daude

Erakundeak ohartarazi du langabezia tasa apurka jaisten ari dela, baina zenbaiten egoera larria dela, gazteena eta epe luzeko langabeena kasu

Jose Angel Gurria OCDEko burua, ekainean Parisen egindako agerraldi batean. CAROLINE BLUMBERG / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Langabezia tasa pixkanaka jaisten ari da, baina altua da oraindik. Beste hainbat datu ere kezkatzeko modukoak dira, gainera; batez ere, lanik gabe dauden gazteei dagozkienak eta iraupen luzeko langabeenak. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak txosten batean bildu ditu erakundeko kide diren 34 herrialdeetako enplegu datuak. 2014. urte amaieran, %7,1ekoa zen langabezia tasa. Guztira,42 milioi herritar zeuden lanik gabe, krisialdia hasi zenean baino hamar milioi gehiago.

OCDEko kide diren herrialdeetan, ordea, askotariko errealitateak daude, txostenaren arabera. Euroguneko herrialdeetako datuei soilik erreparatuz gero, %11tik gorakoa zen langabezia tasa, eta %20tik gorakoa zenbait kasutan —Espainia eta Grezia—. AEBetan, berriz, %6tik beherakoa zen, eta are txikiagoa Japonian, Hego Korean edo Norvegian. Hiru herrialde horietan %4tik behera zegoen langabezia tasa. OCDEk kalkulatu du langabezia tasa orokorra %7,1etik %6,5era jaitsiko dela 2016. urtea amaitzerako. Hala ere, datu hori krisialdia hasi aurrekoa baino txarragoa litzateke oraindik. 2007an, %5,5ekoa zen langabezia tasa.

Langabeen herenak —15,7 milioi— urtebete baino gehiago zeramaten lanik gabe abenduan. Horien artean, erdiak baino gehiagok —%57—, bi urtetik gora. 2007az geroztik, nabarmen hazi da kopuru hori: %77. Batez ere, kualifikazio apaleko langileak daude zenbaki horien atzean.

Gazteen egoeraz ere ohartarazi du OCDEk. Erakundearen arabera, krisiak gehien kaltetu duen taldea da. Lehendik zailtasun dezente zituzten, baina zazpi urtean are gehiago hazi da haien langabezia tasa. Ugaritu egin dira lanik ez izateaz gain ikasten ere ari ez diren gazteak: 20 eta 24 urte artekoei dagokienez, %75; 25 eta 29 urte artekoetan % 66. Europa hegoaldeko herrialdeetan, batik bat: Espainian, Grezian eta Italian.

OCDEren arabera, ibilbide profesional baten nondik norakoa hein handi batean lan ibilbidearen lehen hamar urteetan erabakitzen da. Hortaz, aukera «mugatuak» izango dituzte lanean hasteko garaian krisialdiak bete-betean harrapatutako gazteek.

Esperientziadunak ere, larri

Urte askoan lanean aritu diren eta orain lanik gabe dauden herritarren etorkizuna ere beltz ikusten du OCDEk. Txostenean azaldu duenez, zail izango dute beste lanpostu bat lortzea. Izan ere, horietako gehienak gain behera doazen sektoreetan aritu dira lanean orain arte —eraikuntzan, adibidez—, eta orain beste jardueraren batera egokitu beharko dute, zerbitzuetara kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.