Italiak zergapekoen dirua jarriko du berriro, bi bankuren likidazioan

17.000 milioi euro bitarte eskainiko du gobernuak laguntzetan. Bruselak baimena eman dio bitarteko publikoak baliatzeko, bi banku horien porrotak Venetoko ekonomia arriskuan jarriko lukeela onartuta

Italiako lehen ministroa, Paolo Gentiloni, eta Finantza ministroa, Pier Carlo Padoan. CLAUDIO PERI / EFE.
Ivan Santamaria.
2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Banku batasuna mandatu bakar batekin eraiki zen: finantza erakundeen porrotak berriro ere diru publikoarekin ordaindu behar ez izatea. Zehatzago, bankuen erorikoek utzitako faktura garestiak zergapekoen poltsikotik inbertitzaileen zorrora pasatzea. Hala egin zen orain dela bi aste Espainiako Banco Popular likidatu eta Santanderren esku utzi zenean. Dena galdu zuten akziodunek eta zordunek. Europan, ordea, lerro bihurriekin idatzi ohi da historia. Italiako bi banku erori dira asteburuan, baina porrot hori kudeatzeko tenorean itzuli da erreskate publikoa. Zergapekoek dirua jarriko dute, berriro, eta inbertitzaile batzuk, handienak, libratu egingo dira, berriro.

Asteburua baliatu du Italiako Gobernuak eragiketa gauzatzeko. Ostiralean bidea ireki zuen EBZ Europako Banku Zentralak. Kapital faltaren ondorioz, Veneto Banca eta Banca Popolare di Vicenza «porrot eginda edo erortzeko zorian» zeudela jakinarazi zuen, erakundeak ikuskatzeko EBZk daukan arduratik. Arriskua onartuta, zer egin erabaki behar zuen SRB bankuen likidazioaz arduratzen den kontseiluak. Hor hasten dira aldeak Popularren kasuarekin.

SRBren aburuz, ez zen beharrezkoa bankuen erresoluziorako Europako arauak erabiltzea, eta, ondorioz, posible zen porrota kudeatzeko Italiako legeak diotenari jarraitzea. Oraingo honetan, arrisku sistemikorik ez zuen ikusten likidazio kontseiluak, eta uste du banku batasunaren arabera jokatzea ez zela «interes publikokoa». Veneto eskualdeko bi bankuek 60.000 milioi dituzte aktiboetan. Popularrek 170.000 milioi zituen.

Prozeduraren kontrola eskuratuta, erreskatean diru publikoa erabiltzeko modua aurkitu zuen Italiak. Bi bankuak erortzen uzteak Venetoko ekonomiarentzat arrisku handia ekarriko lukeela argudiatu, eta baimena eskatu zion Europako Batzordeari dirua jarri ahal izateko, estatu laguntzen araudia urratu gabe. Bruselak igandean onartu zion eskaera.

17.000 milioi, asko jota

Erreskateak bi parte ditu. Batetik, bi bankuen aktibo osasuntsuak bereganatuko ditu Intesa San Paolo erakundeak, euro baten truke. Bere kapital mailari eutsi ahal izateko, 4.785 milioi jasoko ditu dirutan, gobernuak bankuen arazoei aurre egiteko iaz eratu zuen funts batetik. Ordainketa horrekin batera, 400 milioiko berme bat jasoko du, hartutako kredituekin arazoak sortuko balira ere.

Bestetik, gainerako aktibo toxikoak likidatuko dira. Prozesu horretan egon daitezkeen galerak estaltzeko, 12.000 milioi euro bitarteko bermeak eskuratu ditu Intesak. Horrek esan nahi du Italiako Gobernuak 17.000 milioi eurotik gora jarriko dituela zergapekoen poltsikotik. Kostua horren azpitik egongo dela justifikatu du Bruselak, likidatu behar diren aktiboen kasuan kobratzeko lehentasuna izango duelako gobernuak. Edonola ere, ez da erraza neurtzea halako prozesuetan galerak zeintzuk izango diren. Espainiako Bankuaren arabera, finantza erakundeen erreskaterako erabili ziren 60.000 milioi ez dira sekula berreskuratuko.

Italiak hartu duen bideak ondorioak izango ditu faktura banatzerakoan. Hasteko, gordailu guztiak eta senior zordunak libratuko dira. Ez dute euro bat bera ere galduko likidazioan. Bonu senior horiek jaitsiera itzela izan zuten aurreko asteetan, eta atzo, ordea, merkatuetan igoera handia izan zuten. Akziodunen eta junior zordunen bizkarrean jarriko da galeraren parte bat, baina ez dago argi zenbat. Finantza Ministerioak iragarria du inbertitzaile txiki batzuk lagunduko dituela, gutxienez 50 milioi euro jarrita. Engainatuta finantza produktu konplexuak erosi zituzten inbertitzaileak salbatu nahi dituzte, hain zuzen ere.

Kreditu ustelak itota ari ziren Veneto Banca eta Banca Popolare di Vicenza. Zorroaren %37 zen—Italiako batezbestekoa %18 da—. Gainera, gordailu oinarriaren %44 galdu zuten 2015eko ekainetik aurtengo martxora. Joan den urtean bi erakundeei laguntzeko 3.500 milioi sartu zituen gobernuak, Atlante funtsaren bidez. Ez da aski izan. Monte dei Paschi Siena bankua ere diru publikoarekin erreskatatu zuen Italiak duela gutxi.

Erabakia justifikatu du Pier Carlo Padoan Ekonomia ministroa. «Bi milioi pertsonaren aurrezkiak eta 200.000 enpresaren jarduera» babestu dutela ziurtatu zuen, eta «aukera bakarra» zela ordenarik gabeko porrot baten aurrean. Berriro ere diru publikoa jartzeak kritika ugari piztu ditu Alemanian, eta zalantzak handitu dira banku batasunari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.