Elkargi urtean %10eko erritmoan haziko da datozen hiru urteetan

Inbertsiora bideratutako finantzaketa eragiketak areagotzen ari dira, Elkargik bazkideen batzarrean azaldu duenez. Hiru urterako plan estrategikoa aurkeztu du, eta 2020an 335 milioiren bermeak iragarri

Pio Agirre, Elkargiko zuzendari nagusia, eta Josu Sanchez, presidentea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Kontrako finantza agertoki baterako» diseinatu du Elkargik 2018-2020 bitarteko plan estrategikoa, eta erronkak erronka eta ziurgabetasunak ziurgabetasun, etorkizun oparoa irudikatu du. Urtean %10eko erritmoan haziko da datozen hiru urteetan, eta 335 milioi eurotan formalizatuko ditu bermeak 2020an; aldi berean, zor bizia 935 milioi eurotan jarriko du urte horretarako. Aurreikuspenok atzo aurkeztu zituen Elkargiko zuzendaritzak, Donostiako Kursaalean egindako bazkideen urteko batzar nagusian.

Josu Sanchez presidenteak azaldu zuen zergatik den «kontrako finantza agertokia»: interes tasak %0 dira, gehiegizko likidezia dago, eta banku konkurrentzia handia da. Halere, agertoki berrian «produktu, hitzarmen eta agente berriak daude, eta horiei esker, aukerak sortuko dira EBS elkar bermatzeko sozietateentzat».

Elkargi EBS bat da: enpresa txikiei eta ertainei —Elkargiko bazkide direnei— finantzaketa errazteko bitartekari lana egiten du, haiek bankuetan maileguak baldintza hobeetan lortzeko.

EAEren zorra, %13ra

Elkargik sendo ikusten du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkundea eta susperraldia, eta aurreikusi du EAEko zorra BPGaren %13ra jaitsiko dela hiru urtean, nahiz eta Airef Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak 2036rako finkatu helburu hori erkidegoentzat.

Sanchezen iritziz, erabakigarria da gaur egun politika industriala bultzatzea, inbertsio publikoa areagotzea eta euskal enpresei laguntzea. Nabarmendu zuen badirela ziurgabetasunak etorkizunean, eta zerrendatu egin ditu zeintzuk diren erronka berriak: negozio eredu berriak berrasmatzea, aliatu estrategikoak areagotzea, enpresen tamaina handitzea, erakundeak berraztertu eta berrikuntzara bideratzea, enpresaburuen eta zuzendarien lidergoa indartzea eta enpresen luzera begirako finantza egitura finkatzea. «Azken horretan, Elkargi ezin estimatuzko tresna da».

Batzar nagusian, zuzendaritzak 2017ko emaitzak eta aurtengo lehen hiruhilekoak eman zituen. Iaz, inbertsiora bideratutako finantzaketa eragiketak areagotzen jarraitu zuen, eta, aldi berean, kapital zirkulatzailera eta birfinantzaketara bideratutako eragiketak txikitzen. 2018ko lehen hiruhilekoan ere joera horri eutsi diote.

Iaz, Elkargik 261 milioi eurotan formalizatu zituen bermeak, eta horien %42 (110 milioi euro) enpresen inbertsio proiektuak finantzatzeko izan ziren, 2016an baino %4,3 gehiago. Era berean, arrisku bizia 908,6 milioi eurokoa zen 2017aren amaieran, eta sozietate oinarria %2,5 zabaldu zuen, guztira 15.184 enpresa bazkidera ailegatuz. Elkargik %16,07ko kaudimen portzentajearekin itxi zuen 2017an, aurreko urtean baino 5,6 puntu gehiagorekin.

Aurtengo lehen hiruhilekoan, ostera, ia 74 milioi euroren bermeak formalizatu ditu, iazko aldi berean baino %12 gehiago. Berme horien %58 berme finantzarioak izan dira.

Batzar nagusia ez ezik, enpresaburuen 29. topaketa egin zuen Elkargik atzo, eta bertan parte hartu zuten Tubos Reunidoseko presidente Guillermo Ulaziak, Fintoniceko buru Lupina Iturriagak eta Masmovileko presidenteorde Jose Pozak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere parte hartu zuen topaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.