Volkswagenen porrotak tabua izateari utzi dio, krisiaren neurriarengatik

40.000 milioi euroko kostuaz ari dira merkatuetan.Konpainiak ordaintzeari uzteko daukan aukera %3tik %25era igo da egunotan

Volkswagenek Wolfsburgen dituen lantegietako bat. JULIAN STRATENSCHULTE / EFE.
xabier martin
2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Duela bi aste inork esan izan balu Volkswagen erraldoiak kiebra jotzeko %25eko aukera zuela, barregarri geratuko zen. Gaur, ez. Izan ere, konpainiak ordaintzeari uzteko dagoen arriskua %3tik %25era igoarazi dute merkatuek azken hamabi egunotan. Gas isurien neurketak faltsutzeko software manipulatuaren auzia dago tartean, jakina; alegia, Volkswagenen historiako krisirik sakonena, auto gehien saltzen duen marka izateko bidean zegoen multinazioanalaren zuzendaritzak berak eragindako lurrikara.

Espekulazioak dira, ezezagunak baitira VWek jasoko dituen demanda kolektiboek, administrazioen isunek eta motor trukatuak zuzentzeak ekarriko dituzten gastuak; are ezezagunagoa da prestigioa galtzeak eragin dezakeen salmenten jaitsiera. Baina, hala ere, 40.000 milioi inguruko kopurua zabaltzen hasi da merkatuetan, eta, harekin batera, bideragarritasunaren zalantza.

Egunetik egunera handiagoa da VW puxika, eta batzuk Enron auziarekin alderatzen hasi dira, AEBetan sekula egondako iruzur handienarekin. Hark kiebran bukatu zuen.

Volkswagen too big to fail dela uste dute oraindik analista gehienek, handiegia erortzeko, baina kontua da ez ordaintzearen asegurua (Credit Default Swap) izugarri hazi zaiola Wolfsburgi, eta egun 10 milioi euro aseguratzeko 250.000 euro eskatzen dizkiotela; orain urtebete, 30.000 eurorekin lortzen zuen. Kalifikazio agentziek begiradapean jarri dute VW eta aurreikuspen txarrarekin, eta kotizazioa burtsetan penagarria da: eskandalua lehertu zenetik %45eko galera izan du Frankfurten. Okerrena, hala ere, Europako Banku Zentralak (EBZ) VW bonuen erosketa programatik ateratzeko hartutako erabakia izan da. Horrek benetako izua piztu du merkatuetan.

Dena den, VWek beste konpainia eta herrialde askok erakuts ditzaketen zenbakiak baino hobeak dauzka. Adibidez, Brasilek 400 puntu CDS ditu, VWen 250etatik oso urrun. Eta garrantzitsuena: Volkswagenek Alemaniako Estatua dauka atzean, Saxonia Beherea landerraren bidez —konpainiaren %20 du—. Zaila da pentsatzea Berlinek ez lukeela erreskate operazioa martxan jarriko benetako kiebra arriskua ikusiko balu.

11 milioi baino gutxiago

Edonola ere, hondamendiaren egutegiko beste orri bat pasatu zuen atzo Wolfsburgeko konpainiak, eta iruzurraren orbana Europa osoan zabalduta dagoela berresten duten datuak jakin ziren. Erresuma Batuan 1,2 milioi dira auto trukatuak; Frantzian, 948.064; Herbehereetan, 160.000; eta Portugalen, 94.000; 11 milioi auto trukatu horien gehiengoa Europako errepideetan daudela argi dago, Alemanian bertan 2,8 milioi baitaude eta Espainian, 750.000. Italian ere ehunka milaka batzuk izango dira, datu ofizialen zain. Alegia, eskandalua AEBetan lehertu bazen ere —482.000 auto trukatu— Europan saldu direla gehienak.

Urrirako soluzio teknikoa iritsiko da, eta urte amaiera artean bezeroak tailerretara deituko dituzte. Bezero horiek demanda kolektiboak jartzeko aukera dute, eta kontsumitzaile elkarte asko antolatzen hasiak dira; Espainian, adibidez, Facuak sortu duen plataforman 11.000 lagun elkartu dira jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.