Aldaketa soil bat baino gehiago

Mauricio Macrik irabazi du Argentinako presidentetza.Sciolik urre izan du eskuineko hautagaia

Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Presidente bat, bi herrialde. Argentinan gobernuburua aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzuliak zer egoera utzi duen, argi erakusten du Pagina 12 egunkariaren azaleko izenburuak. Ez da ezustekorik izan, eta Mauricio Macri (Cambiemos) izango da hurrengo presidentea, inkesta guztiek iragartzen zuten gisan. Baina Daniel Sciolik (FpV Garaipenerako Frontea) uste baino estuago hartu du eskuineko hautagaia: botoen %51,40 eskuratu ditu Macrik, eta %48,60 Sciolik. Kongresua, baina, kirchneristen esku dago —Ordezkarien Ganberan 257 eserlekutik 130 dituzte FpV eta aliatuek, eta Senatuan, 72tik 40—, eta Macrik adostasunak bilatu beharko ditu legebiltzarrean, eragin nahi dituen aldaketak gauzatu ahal izateko. Hauteskunde gaueko hitzaldian, bere presidentetzaren inguruan «batzeko» deia egin zien «argentinar guztiei».

Ekonomia suspertzeko bultzatu nahi dituen aldaketez gain, bere gobernuaren ildo politiko nagusiak azaldu zituen atzo Macrik. Azken diktadura militarrak eragindako errepresioaren erantzuleei jazartzen jarraituko dutela esan zuen, eta AMIA mutualitate juduaren aurka 1994an izandako atentatua ikertzeko —85 pertsona hil ziren Buenos Airesen— Cristina Fernandezek Iranekin sinatutako memoranduma baliogabetu nahi duela.

Auzoko herrialdeekiko harremanei buruz, presidente gisa aurreneko bidaia ofiziala Brasilera egingo duela aurreratu du, eta Venezuela jarri du jopuntuan: Mercosur erakundearen hurrengo bileran, abenduan, «demokrazia klausula» ezartzeko eskatuko duela aurreratu du, opositoreen jazarpenagatik eta giza eskubideen urraketagatik.

Peronista edo erradikalista izan gabe Argentinan presidentetzara iritsi den lehenengo hautagaia da Macri, ez soilik 1983an demokrazia azkenekoz indarrean sartu zenetik; baita Juan Domingo Peron 1946an agintera iritsi aurretik ere. Argentinan Alderdi Justizialistaren edo UCR Batasun Zibiko Erradikalaren ildotik kanpoko azken agintaria —eskuinak sustatutako estatu kolpeen bidez de facto agindu duten militarrak salbu—, Ramon S. Castilo liberala izan zen (1942-1943). Macrik, nolanahi dela, erradikalistak bere ildora erakarri eta Cambiemos koalizioan sartu zituen.

Historikoa izan da, horrenbestez, igandeko balotagea —lehen aldiz egin da presidentetzarako bigarren itzulia Argentinan—, eta aurreko hurbilik gabeko egoera bat utzi du. Peronistak agintean izan dira XXI. mende hasieratik, baina Nestor Kirchnerrek hasi eta haren alargun Cristina Fernandezek amaitutako hamabi urteko agintaldia ustelkeria auzi batzuek zipriztindu dute. Eta nekeak gain hartu die gobernuak zorpetzea eta langabezia txikitzeko nahiz hezkuntza eta gizarte laguntzak hobetzeko egin dituen ahaleginei.

Kirchnertarrak aginterairitsi ziren garaian, 2001eko corralito-a eragin zuen ekonomia krisiaren testuinguruan, Boca Juniors futbol taldeko presidente gisa zen ezaguna Macri. Urte hartan sortu zen PRO Proposamen Errepublikarra alderdia, Argentinako politika «berritzeko» helburuarekin. Macrik 2007an hartu zuen PROko buruzagitza, baina oraintsu arte Buenos Aires hiriburutik kanpo batere indarrik ez zeukan. Kirchnerismoa agintetik botatzeko tematu zen, ordea, hiriburuko alkate zela, eta denbora gutxian peronista disidenteak, erradikalistak eta beste joeratako politikariak ere batu zaizkio.

Presidentetza hauteskundeen lehen itzulian Scioliren parera iritsi zelarik —hiru puntuko aldea soilik atera zion kirchneristen hautagaiak—, presidentetza eskuratzeko faborito bihurtu zen Macri. Eta bigarren itzulian, azkenean uste baino alde txikiagoa lortu arren —700.000 boto, eta hiru puntutik behera—, garaipenak ez dio ihes egin.

Cordoban lortutako emaitza ikusgarriaz gain —botoen %71,5, Buenos Aires hiriburuan bertan baino gehiago—, bigarren itzulian irabazi dituen lau probintziak eman diote garaipena Macriri: Jujuy, Entre Rios, Pampa eta Rioja. Baina, batez ere, Buenos Aires probintziako emaitza txukunek. Argentina osoko erroldaren %37 biltzen du Sciolik gobernatu duen barrutiak, eta hark presidentetza eskuratzeko FpVk Buenos Aires probintzian gutxienez bost puntuko aldea beharko zuela aurreikusi zuten kirchneristek. Bada, 2,2 punturen aldea besterik ez du lortu Sciolik, eta Buenos Airesko madarikazioa berritu da: probintziako gobernadoreak ez du inoiz irabazi presidentetzarako lehia.

Eskuina, ezkutuan bada ere

Macrik ukatu egin du kanpaina guztian zehar kontserbadore etiketa, eta bere burua eskuinetik kanpo agertzen ere saiatu da. Peronista gisa ez, bistan da, baina peronismoaren kontrario gisa ere ez du agertu nahi izan: kirchnerismoa borrokatu du, baina zentroko aukera bateratzaile baten irudia eman nahirik. Presidentetza eskuratuta, «aro aldaketa bat» gidatuko duela agindu du.

Buenos Airesko alkate izan zen garaian, dena den, hiria jendailaz garbitzeko unitate bat sortu zuen, eta PRO alderdia eskuinean lerratu izan da beti. Kirchnertarren agintaldian YPF, Aerolineas Argentinas eta nazionalizatutako beste hainbat enpresari jabetza publikoa ematearen aurka agertu ziren —orain estatuaren babesean mantentzea onartzen dute—, eta 2010ean sexu berekoen arteko ezkontza onartu zenean, eztabaida bizia izan zen PROn. Gabriela Michetti, Macriren presidenteordea, sexu bereko bikoteek haurrak adoptatzearen kontrako ekintzaile nagusia da Argentinan. Eta abortatzea baimentzearen kontra dago Macri. Baina zerbaitek ezaugarritzen badu, hori merkatu librearen aldeko jarrera da.

Cristina Fernandezek harrera egingo dio gaur Macriri, eta presidente berriak abenduaren 10ean hartuko du kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.